
Pasa den ekainaren 12an, Ekonomiaz aldizkarian argitaratutako finantza jasangarriei buruzko ale monografikoaren aurkezpena egin zen EHUko Udako Ikastaroen baitan. Iñaki Ruiz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiako sailburuordea eta Ibon Galarraga Gallastegui BC3ko ikertzailea izan ziren ekitaldian. Galarragak ikuspuntu klimatiko eta soziala kontuan hartu beharra azpimarratu du. Bere aburuz, klima-aldaketari aurre egiteko borondate politikoa ez ezik, finantza-baliabide gehiago behar dira.
Ekonomiaz aldizkariaren azken zenbakia finantza jasangarrietan zentratzen da. Zerk motibatu zinduen gai hau jorratzera eta nola egituratzen da egungo testuinguruan?
Finantza jasangarriak funtsezko zutabe bihurtu dira munduko erronka larrienetako batzuei heltzeko. Haien helburu nagusia kapital-fluxuak epe luzerako iraunkortasuna babestuko duten jarduera ekonomikoetara bideratzea da, ikuspegi ekologiko eta soziala ere aintzat hartuz. Azken bi hamarkadetan, finantza jasangarriak inbertsio etikoko nitxo izatetik nazio eta nazioarte mailako garapenerako mekanismo nagusi izatera igaro dira. 2015ean Nazio Batuen 2030 Agenda onartu izanak eta Parisko Akordioak finantzaketa jasangarriko esparruen hedapen azkarra bultzatu zuten. Era berean, beste mugarri batzuek, hala nola EBko Finantza Jasangarrien Ekintza Planak edo 2022an Kunming-Montreal Biodibertsitate Esparru Globala (GBF) onartzeak, arlo horietara inbertsioak mobilizatzeko beharra azpimarratu zuten. Ordutik, finantza-erakundeak, gobernuak eta arautzaileak tresna berriak garatzen aritu dira, kapitala trantsizio energetikoarekin, biodibertsitatearen babesarekin, erresilientziarekin eta gizarte-ongizatearekin lerrokatzeko.
Aldizkariaren aurkezpenean hiru ekintza ildo aipatu ziren: finantza sektorearen eta enpresa sektorearen egokitzapena sustatzea, aurrezkia eta inbertsioa jasangarritasunera bideratzea, eta lankidetza publiko-pribatua bultzatzea Finantza Iraunkorren Kontseilua sortuta. Zein da, zure ustez, premiazkoena eta zergatik?
Aurkezpen publikorako, Ekonomiaz aldizkariaren alean dauden artikuluetatik hiru aukeratzeko lana egin genuen. Horrek ez du esan nahi besteak garrantzi gutxiago dutenik inondik inora. Beraz, oso zaila da premiazko bat aukeratzea denak optika ezberdinak aurkezten dizkigutelako eta denak premiazkoak.
Artikuluan finantza klimatikoetan helburu kolektiboak kuantifikatzeari buruz hitz egiten da. Zer erronka daude prozesu honetan eta nola gaindi daitezke?
Argi daukagu klima-aldaketari aurre egiteko borondate politikoa ez ezik, finantza-baliabide garrantzitsuak ere behar direla. Konpromiso horren funtsezko elementuetako bat finantzaketa klimatikoa da: berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko ahaleginetan laguntzen duten finantza-fluxu publiko eta pribatuak, baita klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzea.
Kalkulu nagusien arabera, garapen bidean dauden herrialdeek bakarrik – Txina alde batera utzita – urtean 1,3 bilioi dolar baino gehiago beharko dituzte 2035erako, isurketak murrizteko, egokitzeko, galerak eta kalteen beharrei erantzun ahal izateko. Finantzaketa-defizita bereziki larria da egokitzapenaren kasuan, oraindik ere gutxiegi finantzatuta baitago, klima-aldaketaren inpaktuak areagotu diren arren. Galerak eta kalteek saihestezinak diren inpaktu horiei egiten diete erreferentzia, baita klima-politikarik anbiziotsuena eta eraginkorrena abian jartzen denean ere. Prozesu aldeaniztun globalen testuinguruan ezarritako helburuek zuzeneko inplikazioak dituzte nazio- eta eskualde-mailako arduradun politikoentzat.
Garapen bidean dauden herrialdeek bakarrik urtean 1,3 bilioi dolar baino gehiago beharko dituzte 2035erako, isurketak murrizteko, egokitzeko, galerak eta kalteen beharrei erantzun ahal izateko
Banku zentralek Parisko Akordioaren helburuetan duten zeregina eztabaidatzen da. Zein da horien erantzukizuna karbono gutxiko ekonomia baterako trantsizioan?
2015etik, Parisko Akordioan ezarritako helburuak lortzen lagundu nahi duten ekimen publiko eta pribatuen kopurua nabarmen hazi da, eta banku zentralak funtsezkoak dira honetan. Europa mailan, Europako Batzordeak ekintza-plan zabal bat landu du 2018az geroztik, ingurumen, gizarte eta gobernantza gogoetak Europako finantza-sisteman integratzeko, eta hori hainbat erregulazio-piezatan lortu da. Bestalde, banku zentralek urteak daramatzate beren agendetan klima-aldaketari eta finantza jasangarriei buruzko gaiak txertatzen, klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko. Horren erakusgarri da, maila globalean, Network of Central Banks and Supervisors for Greening the Financial System (NGFS) sortu izana 2017ko abenduan, klima-aldaketaren arriskuek finantza-egonkortasunean, mikrosuperbisioan, diru-politikan eta diru-zorro propioen kudeaketan izan ditzaketen inplikazioak aztertzen dituena, besteak beste. Aipagarriak dira, halaber, Europako Banku Zentralaren eta Espainiako Bankuaren lanak.
Biodibertsitaterako funtsak mobilizatzea da beste gai bat. Zer mekanismo daude biodibertsitatearen kontserbazioa finantzatzeko eta zer eginkizun dute finantza jasangarriek arlo horretan?
Argitaratu den gai honetako artikulu batek, aztertzen du kapital naturalaren kontabilitateak nola babes ditzakeen GBF helburuak. Egun, biodibertsitatearen eta zerbitzu ekosistemikoen galera global larria gertatzen ari da giza jardueren ondorioz, hala nola arrantza industriala, nekazaritza intentsiboa eta baso-soiltzea. Inpaktu horiek diru-sarrera txikiko herrialdeei eragiten diete bereziki. GBFren helburuak betetzeko, inbertsio publiko eta pribatu handiagoak behar dira. Finantza-tresnak aztertzen dira: biodibertsitate-kredituak, bonu berdeak eta naturaren araberako zor-trukeak, metrika estandarizatuen eta finantzazio eskalagarriaren beharra nabarmenduz.
Lortu beharko dena zera da: iraunkortasuna ekonomikoki erakargarria izatea. Hau da, iraunkorrak ez diren aukerak askoz ere garestiagoak izan beharko lirateke kontsumitzaileontzat
Lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa da finantzaketa berdean. Lankidetza horren zer adibide daude gaur egun eta zer onura dakartza?
Erronka benetan handia da, eta, beraz, elkarkidetze publiko-pribatua beharrezkoa. Greater Manchester (Ingalaterra) inguruko adibide bat azaltzen da aldizkarian eta honetatik gomendio batzuk luzatu. Argudiatzen da gobernuek eta erakunde publikoek zeregin aktiboa dutela jasangarritasun zaileko proiektuak eta jarduerak finantzatzen laguntzeko, finantzaketaren merkatu berdean baldintza egokiak sortuz, lankidetza publiko-pribatuko bide berritzaileak bultzatuz. Lankidetza publiko-pribatuen bidez soilik gaindituko dira merkatu-oztopo batzuk kapital pribatuaren fluxu berriak sortzeko.
Dibulgatzaile eta ekintzaile gisa, zer estrategia dira eraginkorrak gizartea eta enpresa sektorea finantza jasangarrien garrantziaz sentsibilizatzeko?
Nire ustez, egon badago iraunkortasunarekiko sentsibilizazio asko gure gizartean eta eragileengan. Lortu beharko dena zera da: iraunkortasuna ekonomikoki erakargarria izatea. Hau da, iraunkorrak ez diren aukerak askoz ere garestiagoak izan beharko lirateke kontsumitzaileontzat. Erronka honetan, finantza iraunkorrak eta fiskalitateak oso paper garrantzitsua joka dezakete. Tamalez, ingurumen eta energia fiskalitatea nahiko atzeratua dago Euskadin (salbuespen baten bat badago...). Finantza arloan aldiz, aurrera pauso dezente ikusten ari garela uste dut. Ea etorkizunean biak eskuz-eskuz eramaterik daukagun, egoeraren premiak hala eskatzen duelako.