Jasangarritasuna ekonomia eta enpresa fakultateetan bide egiten

Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultateak gidalerro jakin bat osatu du jasangarritasuna klaseetan egoki emateko. Ikasleen harrotasuna piztu nahi dute unibertsitateari begira

Erronka On egitasmoaren jardunaldietako bat | Argazkia: EHU (utzitakoa) Erronka On egitasmoaren jardunaldietako bat | Argazkia: EHU (utzitakoa)

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle talde baten jakinminetik jaio zen Erronka on! hezkuntza proiektu berritzailea. Ikasleen joera eta ahalmen kritikoa sustatzeko xedea du egitasmoak, Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) zein Agenda 2030 helburuak bidelagun izanik. Bi urteko prozesua dute horrelako egitasmoek eta, 2021. urtean hasita, abendu honetan aurkeztuko dute amaierako txostena Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko maisu-maistrek. Beste hezkuntza proiektu berri bat jada martxan dute, jasotako emaitzak kontuan izanik.

IKDi3 Laborategia markoaren barnean, fakultateko departamendu guztietako irakasleen %26,5 batu da egitasmoan, GIH helburuak egungo hezkuntza beharretan txertatzeko asmoarekin. Hainbat mintegi gauzatu ostean, jakintza alor anitzeko komunikazioa eta elkarreragina erraztu dute, eta jasangarritasuna lantzen duten gelako esperientziak partekatu dituzte Erronka on! burubidean.

Elena Catalan fakultateko historia ekonomikoko irakaslea da, baita egitasmoaren sustatzaileetako bat ere. Azken txostena aurkeztear, uste du esperientzia aberasgarria izan dela batez ere metodologia aldetik, nahiz eta “koordinazio handiagoa" izan behar dute hobetze aldera.

Dena hobetzeko

“Mapeo bat egin genuen ikasturte bakoitzeko, irakasgaiak estudiatuz”, argitu du irakasleak. Horietan GIH helburuak irakasgaiekin batera ematen ziren edo ez aztertu zuten. Orduan konturatu ziren bidea egiteke zutela: “Dena hobetu genezakeen”. Helburu horiek modu anitzetan ematen ziren, baina “gidalerro” bat behar zuten irakasleek. Catalanek uste du ekarpena egin behar dutela zentzu honetan, eta auzian “buzeatzen” hasi zirenean konturatu ziren jasangarritasunaren gaia hezkuntzan “zabalagoa” dela.

Pentsamendu kritikoa bultzatzea eta ibilbide profesionalean zehar erabili dezaketen abilezietan jarri zuten arreta, alegia, ikasleen eskumenetan. Hori bai, oinarri jakin baten baitan garatu behar zuten hezkuntza proiektua ezinbestean: “Aurrerapena, kontrastea eta dualtasuna”. Antza, bide norabide horretan doa adituen mundu mailako literatura ere.

Pentsamendu kritikoa bultzatzea eta ibilbide profesionalean zehar erabili dezaketen abilezietan jarri zuten arreta, alegia, ikasleen eskumenetan

Erronka on! martxan izan dutenetik, hainbat jarduera burutu dituzte azken bi urteetan. Irakasle parte-hartzaileen esperientziak eztabaidatu, jasangarritasunaren inguruko inkestak egin, jardueraren inguruko interesa landu, hainbat erronka kolektibo proposatu, aurkezpen anitzak prestatu eta Agenda 2030aren inguruko tailerrak zabaldu dira testuinguru horretan. 69 irakaslek hartu dute parte proiektuan orotara.

Erronka berria

Jarduerak jarduera, azterketa osatu bat gauzatzeko aukera eman die ekonomia eta enpresa irakasleei Erronka on! proiektuak, eta hortik abiatu nahi dute hurrengo hezkuntza egitasmoa: Erronka Berria. Bertan, oinarri finkoak indartuko dituzte Catalanen esanetan, baita hezkuntza berritzailea gauzatu ere. Fakultatean aplikatzeko plan estrategiko bat gauzatzen ari dira jada, gradu bakoitzera moldatuko dena. Fakultatearen kalitatea hobetu nahi dute honekin. Dekanotzatik baieztatzeke dago ibilbide berria, baina historia irakaslea baikor da haren ezarpenarekin, bere ustez abantaila ugari ekarriko dituelako.

Ikasle bat, bere erronka aurkezten | Argazkia: EHU (utzitakoa)
Ikasle bat, bere erronka aurkezten | Argazkia: EHU (utzitakoa)

Hezkuntza jasangarria modu “progresibo” batean ezartzea dute helburu etorkizun horri begira, hau da, lehen mailatik laugarren mailara ematen diren aurrerapausoak nabarmenak izatea, eboluzioa aztertu dadin. “Gaiak jorratzeko aproposenak diren ikasgaiak ikuspuntu jakin batekin landuko ditugu ikasleen analisi ahalmena lantzeko”. Goi-mailako hezkuntza izatean, erronka konplexuei erantzuteko gazteen abilezia prestatu nahi dute fakultatetik. “Formazioa bikaina izan behar da, ostera lan munduan aplikatu ahal izateko”, azpimarratu du.

Fakultatean aplikatzeko plan estrategiko bat gauzatzen ari dira jada, gradu bakoitzera moldatuko dena. Fakultatearen kalitatea hobetu nahi dute honekin

Erronka on! proiektuak eman dien ikuspuntu eta oinarriekin Erronka Berria burubideari ekin nahi diote, beraz, lehen jarduera batekin hasita: “Gaitasun mapeoa osatu nahi dugu, ikasleen profil profesionala hobetzeko”. Irakasleentzat gida bezala funtzionatu dezakeela arrazoitu du Catalanek.

Hala ere, kritikarako tartea izan du. Haren iritziz, irakasle askoren hezkuntza kultura gaurkotasunera egokitu behar da. “Unibertsitatean ikasleak ez dira zenbaki bat, gaur egun klaseak beste era batera ematen dira, baina askok hori uste dute oraindik”.

Hezkuntza jasangarria modu “progresibo” batean ezartzea dute helburu etorkizun horri begira, hau da, lehen mailatik laugarren mailara ematen diren aurrerapausoak nabarmenak izatea, eboluzioa aztertu dadin

Hezkuntza kultura hori aspalditik aldatzen ari dela dio, nahiz eta irakasle bakoitzak ikuspuntu jakin bat izan klaseak emateko unean. Aitzitik, lotura ere erraztu du prozesuak: “Erronka on! proiektuak irakasleak batzeko balio izan digu, eta oinarri batzuk finkatzeko”, azpimarratu du. “Ahaldundu egin gaitu”.

Harrotasuna faltan

Irakaskuntza kalitatearen mesedean gauzatzen ari dira proiektu berria, beharra ikusten dutelako. “Unibertsitate irakasleen lana askotan ez da ulertzen. Klaseak emateaz gain ikerkuntza zein klaustroak ditugu”. Prestaketa handia dute atzetik, eta hobetzeko nahia une oro.

Jakinminetik abiatutako lana izatearen garrantzia mahaigaineratu du, baita fakultate beraren nortasuna goraipatu ere. “Harrotasuna” lantzea funtsezkoa du Catalanek, hezkuntza ona ematen delako Sarrikoko fakultatean. “Hori falta zaigu, harrotasun puntu hori. Esatea: nik Sarrikon ikasi nuen”, azaldu du ziurtasunez. Ikasleek unibertsitatearen gainean duten ikuspuntuan eragina izan nahi dute, gazteen ikasketa nortasuna pizteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK