Lehiakortasun jasangarri baterako "prozesu konplexua" du aurretik euskal ekonomiak

Orkestrak egindako 2023ko Leihakortasunari buruzko txostenaren arabera, jarduera berritzailea duten enpresa txiki eta ertainen ehunekoak pandemia aurreko mailaren azpitik jarraitzen du, eta Europako batez bestekotik urrun dago egun

Atzo hedabideen aurrean egindako Orkestraren agerraldia | Argazkia: Orkestra Atzo hedabideen aurrean egindako Orkestraren agerraldia | Argazkia: Orkestra

Klima aldaketa, inflazioa, interes tasen gorakada, energia krisia, egoera geopolitiko ezegonkorra… faktore asko dira kontuan hartzekoak egungo ongizatea eta ekonomiaren lehiakortasuna aztertzerako garaian, are lurralde bakoitzak dituen ezaugarri propioak kontuan hartzen badira. Gizarte koiuntura hori aintzat harturik, euskal ekonomiaren egoera positiboa da eta gizarte jasangarri bateranzko bidean “abiapuntu onean” da. Hala ondorioztatu du behintzat Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko azken txostenak.

SPRI taldearekin egindako lanean, EAEko ongizatearen nahiz ekonomia eta enpresen egungo egoera eta jasangarritasuna ardatz izango duen lehiakortasuna izan dute aztergai. Txostenaren koordinazio taldearen arabera, trantsizio jasangarria “dimentsio askotako arazo global eta integrala da, presazko aldaketak eskatzen dituena, horietako asko eskualde eta tokiko mailan". Baina, gizarte eta ekonomia bakoitzak aurrean dituen erronkei erantzuteko “ez dago errezeta bakarrik".

Orkestraren arabera, trantsizio jasangarria dimentsio askotako arazo global eta integrala da, presazko aldaketak eskatzen dituena, horietako asko eskualde eta tokiko mailan

Orkestrako Jorge Fernandez, Susana Franco, Macarena Larrea eta James Wilson ikertzaileak izan ziren atzo hedabideen aurrean egindako agerraldian, Mari Jose Aranguren zuzendariarekin batera. Errezeta bakarra ez badago ere, EAEko lurralde eta enpresa lehiakortasunak “potentzial handia” duela azpimarratu zuten. Dena den, prozesua “konplexua” izango dela uste dute, arriskuak izango dituena, eta “sakrifizio asko” eskatuko duela.

BPGa gora, pobrezia energetikoa ere bai

Txostenak, lehenik eta behin, egungo egoera ekonomikoaren azterketa biltzen du. Hala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleko BPGaren hazkundea eta produktibitate maila Europako Batasuneko batezbestekoaren gainetik dagoela dio. Txostenaren arabera, biztanleko BPGa EBko 27 herrialdeetako batez bestekoaren %109,5 izan da 2022an. Ostera, berrikuntzan badago zer hobetua, jarduera berritzailea duten enpresa txiki eta ertainen ehunekoak pandemia aurreko mailaren azpitik jarraitzen du, eta Europako batezbestekotik urrun dago. Edonola ere, Regional Innovation Scoreboard sailkapenean, eskualde berritzaile sendoen artean dago EAE.

Nahiz aurtengo azken hilabeteetan behera egin, 2022an energia produktuen esportazioak bilakaera ona izan zuen, eta horri esker, guztizko esportazioek gora egin zuten. Halere, energiaren prezioen igoerak inportazioetan eragina izan du, eta merkataritza saldoa apaldu egin da.

EAEko biztanleko BPGa EBko 27 herrialdeetako batez bestekoaren %109,5 izan da 2022an

Inflazio testuinguruan, ongizate arloko emaitzak positiboak direla ondorioztatu badute ere, pobrezia energetikoa areagotu egin da, eta etxeetako errenta erabilgarriaren batezbestekoa EBko beste herrialde batzuetan baino gehiago okertu da pandemia garaian. EAEko pobrezia energetiko %9,3koa, eta 2020az geroztik hartutako goranzko joerari eutsi dio.

Langabezia-tasari dagokionez, 2022an %8,6koa izan zen, eta aurten bilakaera ona izaten jarraitu du. Soldatetan genero arrakala ere murriztu egin da, eta DBHtik gorako hezkuntza maila duten ehunekoa %77,8an kokatu da —EBko batez bestekoa %79,5 da—.

Ingurumenean, EAE airearen kutsadurak eragindako heriotza goiztiar gutxien izan duen lurraldeetako bat da Europan (31 hildako ehun mila biztanleko), eta berotegi efektuko gasen eta aireko partikula kutsatzaileen isuri mailak apaltzen ari dira, nahiz eta nazioartean ezarritako helburuetatik urrun egon oraindik. Halaber, Espainiako estatuko birziklatze tasa baino handiagoa badu ere, hobetzeko marjina handia dagoela nabarmendu du Lehiakortasunerako Euskal Institutuak.

Lehiakortasun jasangarri baterako gakoak

Orkestraren arabera, EAEk aurrerapauso handiak eman ditu azken urteotan energia eta teknologia garbietan, ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesean, lurzoruen berreskuratzean edota ekonomia zirkularrean. Halere, badira hobetzeko beste zenbait esparru, tartean energia baliabide berriztagarrien proportzioa handitzea, lehengaien horniketa egonkor eta jasangarria lortzea, baliabide hidrikoen kudeaketa egokia egitea edota berotegi efektuko gasen eta beste osagai kutsakorren isuriak murriztea.

EAEk azpiegitura egokia du erronka guzti hauei aurre egiteko, baina energia, garraio eta telekomunikazioetako azpiegitura berrien “gizarte babesa eta onarpena” izatea jotzen du gako Orkestraren txostenak. Horren harira, finantza sistema indartzea funtsezkoa izango da, “anbizio handiko energia eta ingurumen politikari" jarraikortasuna ematearren eta "euskal enpresen deskarbonizazioa eta azpiegituretako eta I+Gko inbertsioak errazteko”.

Badira hobetzeko beste zenbait esparru, hala nola, energia baliabide berriztagarrien proportzioa handitzea, lehengaien horniketa egonkor eta jasangarria lortzea, baliabide hidrikoen kudeaketa egokia egitea edota berotegi efektuko gasen eta beste osagai kutsakorren isuriak murriztea

Lurraldearen ezagutza arloan, datozen urteetan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen (ZTBES) jarduera indartu beharra dagoela dio txostenak, eta patente eta argitalpen berrien azken emaitzek trantsizio jasangarriari aurre egiteko aukerak ematen duela ondorioztatu du.

Hartara, enplegu “berdera” bideratutako lanpostuak sortzea oinarrizkoa izango da, ekonomiak eta enpresek halako profil profesionalak beharko dituztelako. Era berean, EAEko eragileen arteko lankidetzan eta elkarlanean “esperientzia zabala” dagoela azaltzen du txostenak, ezinbestekoa delarik trantsizio jasangarriko arazoei irtenbideak bilatzeko.

Enplegu “berdera” bideratutako lanpostuak sortzea oinarrizkoa izango da, ekonomiak eta enpresek halako profil profesionalak beharko dituztelako

Txostena borobildu asmoz, Orkestrak lehiakortasun jasangarri baten erronkari aurre egiteko hainbat gomendio zerrendatu ditu. Besteak beste, epe luzeko ikuspegi estrategiko argia eta partekatua duen trantsizio adimendun bat diseinatzea, emaitzetara bideratutako I+G eta berrikuntza politikak egitea, euskal herritarrak trantsizio jasangarriaren erdigunean jartzea edota lankidetza elkarlaneko gobernantzak berritzen jarraitzea.

Datorren astelehenean, azaroaren 20an, aurkeztuko dute txostena, Orkestraren Lehiakortasunari buruzko biltzarrean, Donostiako Kursaal Jauregian, eta bertan izango dira, besteak beste Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK