Metabarri, hondakin organikoak energia berriztagarri bihurtzeko

Azpiegitura hilaren amaierarako martxan izatea aurreikusten dute. Urtean 50.000 tona hondakin organiko biometano bihurtzeko gaitasuna izango du

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko irailaren 22a - 05:30

“Edukiontzi marroian botatzen duguna energia berriztagarri bihurtuko da hemen”. Hala adierazi du gaur Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusiak Metabarriko biometanizazio lantegi berrian, Artigasko ekoparkean, Bilbon. “Hondakinak baliabide bihurtuko” dituen azpiegiturak ekainean ekin zien lehen probei eta hilaren amaierarako hasiko da lehen hondakinak jasotzen, gerora biometano bihurtu eta etxe nahiz enpresetan berrerabili ahal izateko.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Gas berriztagarria da biometanoa, gas naturalaren antzeko ezaugarriak dituena, eta gasaren banaketa sarean sartzeko prestatuta dago. Hondakin organikoak biltegi handi itxietan deskonposatu eta biogasa sortzen dute, eta, ondoren, garbitu egiten da gas hori harik eta biometanoa lortu arte.

Bada, gaur aurkeztutako fabrika –8.300 metro koadro ditu– prozesu hori gauzatzeko gai izango da, azaldu dutenez, Espainiako Estatuan prozesu osoa leku berean egingo duen azpiegitura bakarra, hain zuzen. Etxanobek argitu du kolaborazio “publiko-pribatuari” esker ondutako proiektua dela, Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbiker sozietatearen bidez, EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta PreZero konpainiak sustatu baitute. 25 milioi euroko inbertsioa egin dute, eta 17 milioi eskuratu dituzte Europako Next Generation funtsetatik.

 

Energia berriztagarri gehiago ekoizteko beharra

Etxeetan sortzen den hondakin organikoa birziklatzeko asmoz, edukiontzi marroia baliatzen duten hiritarrak geroz eta gehiago dira, eta urtez urtez hondakin horien kopurua areagotzen ari da. “Egun, Bizkaian 13.000 tona organiko biltzen ditugu urtean, eta 2030erako 59.000 tonara iristea da gure helburua”, adierazi du Bizkaiko diputatu nagusiak.

Metabarri hondakinen hazkunde horri aurre egiteko “proiektu estrategikoa” izango da bere hitzetan, zehaztu baitu hari esker birziklatze ratioak hazi egingo direla Bizkaian, konpostaren ekoizpena optimizatuta. “Energia berriztagarria sortu eta etorkizuneko erronkei aurre egiten dien Bizkaia nahi dugu. Proiektuak urtean 50.000 tona material organiko eraldatzea ahalbidetuko du, eta erakusten du ekonomia zirkularra jada martxan dagoen errealitatea dela”. Gauzak horrela, Metabarrik hondakinen tratamendu gaitasuna hiru aldiz handitzea ahalbidetuko duela zehaztu du Etxanobek.

Mikel Amundarain (EEE): “Energia bektore berriek eta gas berriztagarriek geroz eta garrantzia handiagoa dute. Horien artean hidrogenoa, erregai berriztagarriak eta, nola ez, biometanoa"

Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia ere izan da azpiegitura berriaren aurkezpenean, eta nabarmendu du Metabarri “urrats berri bat” dela energia berriztagarriak geroz eta pisu handiagoa izan behar duen energia sistema batean. “Egungo egoera geopolitikoaren aurrean, autonomia energetikoa behar estrategikoa da Bizkaia, Euskadi eta Europarentzat”, esan du.

Gauzak horrela, energia berriztagarri gehiago ekoizteko beharrean jarri du azpimarra Amundarainek, eta horretarako energia eoliko eta fotovoltaikoaren garrantzia gogoratu du, baita autokontsumorako instalazioena ere, Metabarri bezala. “Energia bektore berriek eta gas berriztagarriek geroz eta garrantzia handiagoa dute. Horien artean hidrogenoa, erregai berriztagarriak eta, nola ez, biometanoa. Geuk sortutako hondakinak gure etxeetan eta enpresetan ezinbestekoa den energia erabilgarria bihurtuko ditugu”, gehitu du.

EEEko zuzendari nagusiak zehaztu duenez, Metabarriko plantak aurreikusitako ekoizpen bolumena martxan jartzerakoan, 12.700 etxebizitzek kontsumitutako energiaren baliokidea sortzeko aukera izango du.

Hazteko potentziala duen sektorea

PreZero konpainia da egitasmo publiko-pribatuaren bazkide pribatua. Schwarz talde alemaniarren barruan dagoen enpresa da, ekonomia zirkularrean eta hondakinen kudeaketan espezializatua. Borja Martin Zorita konpainiako negozio garapeneko zuzendaria izan da gaur Artigasko ekoparkean, eta adierazi du azpiegitura berri hau “berrikuntzaren eta teknologiaren aurrerapenaren eredu” dela.

“Biometanoaren merkatuan Europako Batasuna liderra da mundu mailan. Europan 1.600 biometano instalazio baino gehiago daude, eta horietatik soilik 25 daude Espainian. Gaur zabaldu dugun azpiegiturak hondakin organikoak jaso eta biometano bihurtzeko prozesu osoa barne hartuko du, operadore bakarrak kudeatuta. Ez dago halako besterik Espainiako Estatuan”, zehaztu du.

Halaber, jakinarazi du egun Espainia osoan 6.000 milioi tona hondakin organiko lurperatzen direla zabortegietan, "beren energia potentzial osoa galduz", eta horrek iradokitzen duela sektoreak hazteko marjina baduela. Hortaz, Europak birziklatze mailan ezarritako helburuak eta 2050erako klima neutraltasuna lortzeko bidean lagunduko duela uste du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain