Munduko Bankuaren kongresuak protestak eragin ditu

Ekintzaileek errepidea oztopatu dute BEC aurrean eta zenbait manifestazio deitu dituzte kongresuak iraungo duen hiru egunetarako

Munduko Bankuaren kongresuaren aurkako protesta | Argazkia: Munduko Bankuari Ez plataforma Munduko Bankuaren kongresuaren aurkako protesta | Argazkia: Munduko Bankuari Ez plataforma

Euskal Herriko zenbait eragilek, bi plataformatan antolatuta, protesta deialdiak antolatu dituzte Munduko Bankuak Barakaldoko BECen hiru egunez antolatu duen kongresuaren aurka egiteko. Protesta deitu dutenek jakinarazi dutenez, Munduko Bankuak klima aldaketaren sorburu diren sektoreak aspalditik finantzen ditu, eta bere jarduna “berdez tindatzeko” antolaturiko konferentzia da egunotakoa.

Goizeko lehen orduan hasi dituzte protestak BEC parean, kontzentrazio zaratatsua eginez eta bertako errepidea itxiz. ‘Banku Mundialak aldaketa klimatikoa finantzatzen du!’ lelopean, goizeko protesta deitu duen plataforma berak manifestazioa antolatu du bihar arratsalderako Bilbon, 19:30 Plaza Eliptikotik hasita. Ostegun arratsalderako, berriz, Yayo Herrero militante ekofeministaren hitzaldia antolatu dute Bilbon.

Munduko Bankuari Ez plataformak ere mobilizazioak deitu ditu ‘Innovate4Climate’ kongresuaren aurka. Gaur arratsaldeko 18:30etan manifestazioa deitu du Barakaldoko plazatik abiatu eta BECeraino. Aldarrikatu dutenez, “klima larrialdia negozio eta merkatu berriak zabaltzeko aukera baino ez da oligarkia finantzarioentzat. Instituzio horien aurka mobilizatu gaitezen!”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK