Olga Martin: "Diziplina artekotasuna behar dugu gure ingurumen helburu anbiziotsuak lortzeko"

Formakuntzan ingurumen-ikuspegia txertatzeko beharra nabarmendu du Aclimako zuzendari nagusiak

Olga Martin | Argazkia: Oskar Matxin/Foku Olga Martin | Argazkia: Oskar Matxin/Foku

Enpresetako estrategien eta negozio ereduen parte bilakatzen ari da —eta bilakatu beharko da— ingurumena —eta jasangarritasuna—. Izan ere, zeharkako elementu bihurtu da. Horrek, enpresetan ez ezik, Aclima euskal ingurumen klusterrean ere eragin du, tradizioz euren sektorekoak izan ez diren enpresetara zabaltzen ari baitira pixkanaka. Olga Martín García klusterreko zuzendari nagusia izaten ari da horren lekuko eta sustatzaileetako bat.

Aclimaren azken memoriaren arabera, ingurumen sektoreak EAEko BPGaren %5 hartzen du. Baina zeri buruz ari gara ingurumen sektoreaz ari garenean?

Oso zabala da, batez ere Itun Berdeko politiken eraginez. Baina guretzat zer hartzen du? Balio zirkuluak deritzonak definitzen ari gara. Ingurumenari loturiko esparruak dira, GHJ Garapen Jasangarriko Helburuekin zerikusia dutenak, eta horiek garatu edo horietan ekarpena egiten dutenak. Zein GJH aukeratu ditugu? Ingurumenarekin zerikusia duten seiak: ur garbia eta saneamendua, hirietan komunitate jasangarriak, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, klimaren aldeko ekintza, itsaspeko bizitza, eta osasuna eta ongizatea. Izan ere, ezingo dugu osasun aproposa eduki ur, zoru eta aire egokia izan ezean.

Zergatik GJHak abiapuntu?

GJHak abiapuntu hartzeko arrazoia izan da ingurumenari loturiko hainbat esparru ordezkatzen dituztela, non lan egin behar den. Eta bi gako ditu estrategiak: euskal ingurumen sektorea dagoeneko jarduera garatzen ari da GJH horiei ekarpena egiten diena; eta orain arte pentsatu ez ditugun hainbat esparrutara zabaltzen gaitu. Horren adibide da itsaspeko bizitzarena. Badira ikuspegi industrialetik garrantzitsuak diren zenbait alderdi: portuen kudeaketa jasangarria, CO2a xurgatzeko gaitasuna portuen beheko partean izan dezakezun guztiarekin, itsas-garraioa, itsasoko lehengaiak modu jasangarrian ateratzeko aukera, etab.

Historikoki, ordea, beste modu batera ulertu izan da.

Bai. Barne hartu ditu, tradizioz, hondakinen kudeaketa, uraren kudeaketa, airearen kudeaketa, zoruetakoa, biodibertsitate eta naturarekin zerikusia zuen guztia eta ingurumen-ingeniaritza.

"Dagoeneko ez da nahikoa pareta berdez margotzea. Ingurumena zure estrategian txertatzeak eskatzen du ezagutza zabala izatea zuk hobetu nahi dituzun ingurumen-inpaktuetan"

Zer dela eta da garrantzitsua zuentzat esparrua zabaltzea?

Diziplina artekotasuna behar dugu gure ingurumen helburu anbiziotsuak lortzeko. Gainera, aipatutako guztiaren ondorioz, ingurumena orain ia dena da, eta ia balio-kate guztietara zabaldu da. Transbertsala da. Eta une honetan klusterrean sartzen ari dira enpresa asko ez direnak modu hertsian ingurumen esparrukoak, ez behintzat bere jarduerari erreparatuta. Hala ere, euren ekoizpen prozesuetan ingurumenaren esparrua txertatu nahi dute, segur aski negozio eredua aldatzea eskatuko diena. Balio-kate aldagaiaren bila goaz. Plastikoaren kasuan, adibidez, ez duzu soilik plastiko hori kudeatuko duen entitatea behar; jasotzen duena behar duzu, baita banatuko duena, berreskuratu dezakeena, hori egiteko teknologia duena, edo aholkularitza ere.

Eta hori nola kudeatzen ari zarete kluster barruan?

Guk eskatzen diogu enpresari edo zentro teknologikoari EAEn ingurune-jarduera izatea, baina ez dugu bere horretan definitzen zer den ingurumen-jarduera. Adibidez, azkeneko batzarrean bi enpresa sartu dira klusterrean: bata, Vicrila, beiraren sektorekoa; bestea, Hijos de Juan de Garay, automobilgintzarako hodiak egiten dituena. Euren negozioek ingurumenarekin zerikusia ez badute ere, aldagai hori kritikotzat jo dute euren estrategietan, negozio ereduak eraldatzeko. Hori bilatzen dugu guk. Eta ez da hain erraza jendeak hori ulertzea.

2022an, klusterreko enpresa guztien artean 2.213 milioi euroko fakturazioa izan zenuten, aurreko urtetik %12 hazita. Berrikuntza teknologikoko 35 proiektu, eta enpresa-berrikuntzako 50 baino gehiago. Nola ikusten dituzue emaitzok?

Asko hobetu dugu. Ingurumen-sektorea oso momentu interesgarrian dago. Itun Berdeari loturiko Europako testuingurua ekonomia-eredu berria sortzen ari da, non ingurumen arloa zure estrategian izan behar duzun. Horrek eskatzen du beste modu batera pentsatzea. Dagoeneko ez da nahikoa pareta berdez margotzea. Ingurumena zure estrategian txertatzeak eskatzen du ezagutza zabala izatea zuk hobetu nahi dituzun ingurumen-inpaktuetan. Eta horretarako profesionalak behar dira klima aldaketara egokitzeaz edo hondakinen balorizazioaz ari garenean zeri buruz ari garen dakitenak.

Olga Martin | Argazkia: Oskar Matxin/Foku
Martinek Itun Berdeak zabaltzen dituen aukerak azpimarratu ditu | Argazkia: Oskar Matxin/Foku

Eta badago halako ezagutza geurean?

Zorionez, EAEn ingurumen ibilbide interesgarria dugu. Izan ere, 1980ko hamarkadan lehen trantsizio ekologikoa egin zen. Horrek ahalbidetu zuen ingurumen-sektorea sortzea, hainbat profesionalekin, lehen trantsizio horri zerbitzua emateko. Eta pertsona horiek euren ezagutza esparru sozioekonomiko guztietan egin behar dugun trantsizio ekologikoaren zerbitzura jarri dezakete.

Adituak soilik behar ditugu, edo aipatutako terminoetan partekatutako definizioak ere bai?

Horretarako dugu Itun Berdea. Europa ez da soilik planak eta estrategia egiten ari. Lege eta arauak ere ateratzen ari da, non betebehar legal nahiko garrantzitsuak definitzen ari den. Batzuk dagoeneko derrigorrezkoak dira. Alegia, zuzentarau gisa argitaratzen ari dira, ondoren estatu mailako ordenaziora bideratu behar direnak, baina dagoeneko hor daude. Beraz bete behar dena estandarizatzen duten helburuak dagoeneko existitzen dira. Hain zuzen horrek ikusarazi digu ezagutza tekniko hori eta ingurumen ikuspegi hori txertatu behar dugula. Horrek hausnarketa estrategikoa egitea eskatzen du, ezagutza baliatuta. Eta modu posibilista baten egiten lagundu ahal dizuten pertsonak behar dira, ingurumen aldagaia prozesu baten txertatzea dirudiena baino konplexuagoa baita.

Jarritako neurrien adibide bat?

Klima aldaketari egokitzeak eskatuko du berotik babesteko guneak jartzea. Horretarako zuhaitzak jarri beharko dira, baina ezin dira izan norberak nahi dituenak. Bertakoak izan behar dute, eta modu jakin batean kokatu behar dira. Gainera, kontuan hartu beharko da nolakoa izango den zuhaitz horien ureztatzea. Alegia, euritik datorren ura biltzeko toki bat beharko da, eta horrek drainatze jasangarriko sistema eskatuko du.

"EAEn ingurumen ibilbide interesgarria dugu. Izan ere, 1980ko hamarkadan lehen trantsizio ekologikoa egin zen. Horrek ahalbidetu zuen ingurumen-sektorea sortzea"

Mugikortasunari loturiko kasuak ere aski ezagunak dira.

Orain esaten ari gara auto elektrikoetara egingo dugula aldaketa, denok jasangarri izateko. Baina zuk auto elektrikoak egiteak edo horretarako piezak ekoizteak ez du esan nahi jasangarria zarenik. Eskatuko du pieza hori ekoizten ari zarenean zure prozesuan txertatzea ekonomia zirkularra edo zure inpaktuak gutxitzea ahalbidetuko dizuten mekanismoak. Hori da klusterretik nabarmendu nahi dugun beste mezu bat: trantsizio energetikoa egin eta berriztagarrietara jotzeak ez du esan nahi ingurumen ikuspegitik hobeak garenik. Bai, noski, ez garelako ari erregai fosilak erabiltzen. Baina aldaketa horretan ekonomia zirkularra ere txertatu behar dugu.

Zein esparru dugu geurean ekonomia zirkularrarentzat?

Lehengaiak ditugu, hondakinak, eta horrek esparru aproposa sortzen du. 6 milioi tona hondakin sortzen ditugu guztira urtero EAEn, nahiko esparru txikia izanik. Horietatik parte handi bat zabortegietara joaten ari da. Aitzitik, material hori erabili genezake material berriak sortzeko. Era berean, BPGaren %25 da industria. Ekonomia zirkularrean lanean hasiko balitz, aukera-eremu zabalaz arituko ginateke. Trantsizio energetikoa garrantzitsua da, baina bestelako energietara igaroko gara. Baina nolabait mugatuagoa dago bere esparrua. Ekonomia zirkularrak denari eragiten dio, eta industria interesgarria sor dezakezu, CO2 emisioak gutxituta gainera. Eta lurralde plangintza da beste esparru garrantzitsua: nola kudeatu eta egokitu nekazaritza, espazio berdeak, hiriak, edo industria eremuak.

Aclimaren azken memoriaren sarreran aipatzen duzu sektorea garatzeko gakoa dela "berrikuntza-ekosistema baten eta egiteko modu berrien lankidetza eta eraikuntza partekatua". Zein puntura arte existitzen da egun ekosistema hori?

Ingurumen esparruari loturiko berrikuntza ekosistemak urteak daramatza lanean. Aclimak 30 urte beteko ditu. Kontua da lehen ekosistema horrek erantzuten ziola nagusiki araudiari eta hura betetzeari. Oso kontzentratua zegoen. Itun Berdearekin hainbeste esparruri heltzen zaio, non arazoei loturiko balio-kateak sortu behar ditugun, eta ingurumenari loturiko ezagutza gehiago eta zabalagoa bultzatu. Ingeniaritzaz, biodibertsitateaz, hondakinez, berrikuntza puruaz, digitalizazioaz... dakien jendea behar dugu. Eta hori guztia bateratu eta txertatu behar dugu inpaktuak gutxitzea ahalbidetzen digun modu baten, balio-kateetan trantsizioa egiten laguntzeko.

Sakontzeko: zein rol jokatu dezakete profil eta berrikuntza ez teknologikoek?

Jo dezagun finantza mundura. Esparru hori oso aldenduta izan da ingurumenetik, baina orain finantza berdeak datoz. Taxonomiak, Europatik datorren erregulazioak, definitzen du zer den ingurumenari loturikoa eta zer ez. Erraztu nahi du bankuen edo inbertsio funtsen bitartez egiten den inbertsioa ingurumen-esparruari loturik egitea. Ez du definitzen soilik zer den ona klima aldaketarentzat, baizik eta demostratu behar duzu ez zarela ari kutsatzen edo biodibertsitateari eragiten. Alegia, kontu konplexua da. Horretarako, ekonomia ikasiko duen jendea beharko dugu, zenbakiez dakiena, baina baita zenbaki horiek ingurumenari nola eragiten dioten ulertzen duena. Hori orain arte ez zirudien existitu zitekeenik.

Beste kasu bat: abokatuek ez dute jakin beharko soilik legeei buruz, baizik eta lege horiek herrialde bakoitzeko errealitatera nola bideratzen diren ikusi beharko dute. Zerga berde dezente etorri beharko dira, kontsumo lineala benetan gelditu dadin, eta zirkularrak benetan bideragarritasuna izan dezan egungo sistema kapitalista honetan. Eta horretan ere abokatuek jakin beharko dute tona bakoitzeko 75 gramo jartzea asko edo gutxi den. Beste alderdi bat: digitalizazioa nola txertatu. Elkarlana eskatzen du digitalizazio esparruko adituen eta ingurumen teknikarien artean. Gure ikuspegitik, orain, edozein karrera edo lanbide heziketako graduk ingurumenari loturiko ikuspegia eskaini beharko luke ezinbestean, esparru bakoitzari egokiturikoa.

MATX3710
Enpresa txiki eta ertainetan eman behar den bultzada azpimarratu du Martinek | Argazkia: Oskar Matxin/Foku

Duela urte gutxira arte Berrikuntza departamentua ez zen bere horretan existitzen, beste abizen batzuekin baizik. Orain inork ez du zalantzan jartzen Berrikuntza departamentu bat izateko beharra. Zein puntutan daude Jasangarritasun departamentuak?

Historikoki, Kudeaketa Sistemen —kalitatea eta prebentzioa— menpeko departamentua izan da Ingurumenari loturikoa, batez ere enpresa batek bete behar duen legedia hain zabala delako, non ezinbestekoa den ondo eramatea araudi arlo hori guztia. Alderdi hori nahiko txertatuta zegoen euskal enpresetan. Izan ere, esango nuke ingurumen-araudian beti izan garela pauso bat aurretik gure iraganagatik, eta horregatik enpresak ere mugitu behar izan dira.

Ingurumen-berrikuntzarik bazegoen, hala ere.

Kontsumo efizientziari loturik batez ere. Alegia, baten batek energia gehiegi kontsumitzen bazuen, Berrikuntza departamentuak horretan lan egiten zuen. Baina ez zegoen ingurumen-berrikuntzarik bere horretan enpresetan. Itun Berdea martxan jarri denetik, diru ugari jartzen ari dira ingurumen-berrikuntza alorrean. Next Generation ezagunetan, esaterako, Espainiara bideratutakoaren %37 ingurumen-eragin positiboko proiektuetara bideratu behar da. Dirutza da. Klusterrean ere ikusten ari gara berrikuntza proiektuak zenbat ari diren hazten, ingurumen arloa enpresen estrategia bihurtzen ari baita. Bestela esanda: negozio eredua eraldatu behar da, bigarren mailako materialak txertatu behar dira, eta CO2 isurketak gutxitu behar dira haiengatik ordaindu nahi ezean. Horregatik Berrikuntza departamentuetako gai garrantzitsu bihurtzen ari dira, tartean diru eta erraztasun gehiago daudelako. Eta klusterrean %17 hazi dira halako proiektuak.

Eta berrikuntzaz harago, barneratu dute enpresa estrategiaren parte izan behar duela?

Bai. Eta toki guztietan azpimarratzen dudan bezala: harrezkero ez da nahikoa legea betetzea. Egia da EAEn izan dugun araudiak ahalbidetu digula pauso bat aurretik joatea. Baina ezin dugu itxaron legedia ezarrita izatera. Orain lantzen ari dira produktuaren pasaporte gisa ezagutzen dena. Zer da? Estandarizatzea produktu bat jasangarria den edo ez, etiketa batzuk jarrita, ondoren hiritarrek erabaki dezaten zer erosi. Izan ere, Europan ingurumen-merkatu jasangarria sortu nahi dute. Dena den, segur aski hiritarrekin ohitura horiek landu beharko ditugu, hori baita motor nagusia. Hiritarrek aukera izaten dutenean ikusteko zer erosten ari diren, eta erosketa hori ingurumen-irizpide batekin egiteko, baliteke zure produktua desagertzea. Hori guztia estrategia da, eta 2030era bitartean fase kritiko baten gaude. Agian oraindik ez da ekonomikoki bideragarria, baina agian aldaketa horretan pentsatu behar duzu.

Enpresa handietan eta ETEetan egoerak desberdinak al dira?

Enpresa handiak egiten ari dira, baina esfortzua enpresa txiki eta ertainetan egin behar dugu. Nola iritsi eurengana esateko ezin direla araudiaren zain egon? Ingurumena txertatzen joan behar dira, prozesuaz gain produktua ere aldatzera derrigortuta izan daitezkeelako. Hori da gure helburu eta erronka nagusia: nola lortu ETEek ingurumen aldagaia hasiera-hasieratik kontuan hartzea. Horri eutsi behar diogu.

"Trantsizio energetikoa egin eta berriztagarrietara jotzeak ez du esan nahi ingurumen ikuspegitik hobeak garenik. [...] Aldaketa horretan ekonomia zirkularra ere txertatu behar dugu"

Pauso bat aurretik joan garela nabarmendu duzu behin eta berriro. Baina are anbiziotsuagoak izateko beharra dugu datorren guztia betetzeko?

Bai. Anbiziotsuagoak izan behar gara. Lehenik, elkarlana sustatu behar dugu. Hori egin ezean, oso zaila izango da, nahiz eta lehenengoak iritsi eta merkatua aldatu. Baina hori guztia aukera ikuspegitik ulertu behar dugu. Eta anbiziotsuak izan behar gara 360 graduko ikuspegia izateko, gaitasun gehiago eta bestelako negozio ereduak sortzeko.

Horretan guztian zein rol joka dezake Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege aurreproiektuak?

Legea izatea funtsezkoa da. EAEn asko planifikatu da. Emergentzia Klimatikoko estrategia dugu 2050era begira, esaterako. Eta planifikatzen jarraitu behar dugu. Baina legera igarotzea beste salto bat ematea da. Oinarriak jartzen dizkio ondoren izango den legedi teknikoagoari. Bestalde, EAEn oso esparru egokia dugu ekonomia zirkularra lantzeko eta ikusi beharko genuke nola bultzatu dezakegun, trantsizio energetikoaz gain.

Talentuaren erronka denon ahotan dago, eta gazteek geroz eta kezka handiagoa dute enpresetan gauzak ondo egin daitezen. Ingurumen esparruko gaiak lantzea abantaila izan daiteke Aclimako enpresentzat talentua erakartzeko garaian?

Harrezkero bada abantaila. Gazte asko datoz guregana, xede bat ikusten dutelako, zenbaitetan gutxiago kobratzeko prest izanda ere. Eta gainera, ingurumen arloan aritzen garenok oso bokaziozkoak gara. Ondoren etorri ohi da ulertzea zer den ingurumena. Ingurumen industriala, EAEkoa, 'gogorra' da: kimikoekin, tankeekin, hondakinekin, isurketekin... egiten du lan. Baina, esan bezala, helburu bat dago atzetik. Beraz, gazteak etortzen dira, baina ondoren guk formakuntza eskaini behar diegu sektorean aritzeko, zenbait esparrutan oso teknikoa baita. Horregatik lehen esandakoa: beharrezkoa da unibertsitate mailako zein goi mailako graduek ingurumen berniz edo margo kapa hori izatea. Izan ere, sektorean lanean ari dira ingeniari, geologo, biologo, kimikoak eta abar.

MATX3873
Martinen ustez, 360ºko ikuspegia behar-beharrezkoa da | Argazkia: Oskar Matxin/Foku

Noski, bere ibilbide profesionalean birziklatu nahi duen jende asko ere dago.

Azkenaldian ekonomista eta bankuetan aritutako jende asko etortzen da, erretiroa goiz hartu dutenak, eta aipaturiko finantza-jasangarrien esparruan aritu nahi dutenak. Edo lanik gabe geratu den jendea, ingurumen esparrura bideratzeko formakuntza egin nahi dutenak, interesatzen zaielako esparru honi heltzea. Egia da erakargarritasuna duela.

Zein helburu jarri dituzue Acliman 2023rako?

Dagoeneko hedatu dugu 2023-2026 plan estrategikoa, eta 47 ekintza zehatz ezarri ditugu esparru bakoitzeko. Errepaso azkarra eginez. Lehenengoa, enpresen bikaintasuna sustatu nahi dugu. Horrek esan nahi du enpresek integratzea esaten ari den hori guztia, askotariko lan taldeen bitartez. Bigarrena, nazioartekotze estrategia lantzea. Ez da oso nazioartekotutako sektorea, uraren edo arazketa-ekipoen kasua salbu, eta badugu ezagutza eta esperientzia hori bultzatzeko. Frantzian edo Alemanian landu nahi dugu, eta ez hainbeste hangoa 'jan', baizik eta lankidetza proiektuen bitartez.

Zergatik ez da bultzatu orain arte nazioartekotzea?

Ingurumen sektoreak asko sufritu zuen 2008an. Ia erdira murriztu zen EAEn, administrazioarekin lan asko egin izan baitu. Horrekin batera, ez zegoen toki asko non eremu hori hemen bezain garatua zegoen. Legeak babesten ez badizu, ahaztu.

2017tik aurrera, sektorea berreskuratzen ari da, eta Itun Berdearekin indartzen ari da. Horrek ahalbidetuko digu ezagutza eta esperientzia sortu ahal izatea, esportatzeko. Eta era berean ikusten ari gara zenbait herrialde hobera egiten ari direla. Esaterako, orain harreman handia dugu Colombiarekin eta Txilerekin, eta ezagutza eramaten ari gara.

Bi helburu aipatu dituzu. Zeintzuk dira besteak?

Talentuarena, dagoeneko aipatu duguna. Guk ingurumen arloan aliantza estrategikoak zeintzuk diren badakigu, baina enplegu esparruan orain arte ez gara sartu, ezta formazioan ere. Horretan gabiltza, unibertsitateekin, lanbide heziketa zentroekin eta abarrekin biltzen. Beste helburu bat da, ikusita hau zeharkakoa dela, nola lagun diezaiekegun sektore guztiei trantsizio posibilista hori egiten, gure ezagutzaren, esperientziaren eta herrialde eremuko proiektu estrategikoen bitartez. Plastikoaren inguruan, esaterako, lanean ari gara balio-katea bultzatzeko Ihoberekin eta bestelako eragileekin. Azkenaurreko esparrua da ingurumen-teknologia, eta EAErentzat hori loturiko helburuak lehenestea, berrikuntza proiektuak nola garatu ikusteko. Agenda teknologikoa oso aurreratua dugu. Eta azkenik, komunikazioa. Balioan jarri behar dugu bertan dagoen esperientzia eta ezagutza, eta zabaldu, negozio eredu eta enplegu berriak sor ditzan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK