Tubacexek klima aldaketaren aurkako jardueran kalifikazio gorena lortu du

Carbon Disclosure Project erakunde kalifikatzailearen lidergoan kokatu da, gasek ingurumenean duten eraginaren aurka egindako lanarengatik

Argazkia: Tubacex Argazkia: Tubacex

Tubacex euskal hodien fabrikatzaileak, ‘A’ kalifikazioa lortu du klima aldaketaren aurkako jardueran, Europako batez bestekoa baino hobea (gehiengoak ‘B’ kalifikazioa du), eta baita sektorearen batez bestekoa baino hobea ere (‘C’ da batez bestekoa). Ohar bidez konpainia arabarrak jakitera eman duenez, “dibulgazioan, kontzientziazioan, kudeaketan, eta ingurumen-lidergoan egindako lanagatik” lortu du Carbon Disclosure Project erakunde kalifikatzailearen lidergoan egotea.

Jesus Esmoris lantegiko kontseilari delegatuarentzat, "Tubacexek ekimen honetan parte hartu izanak, konpainiak ingurumenarekiko eta klima aldaketaren aurkako borrokarekiko duen konpromiso argia erakusten du". Gaineratu duenez, 2030erako berotegi efektuko gasen emisioak %60 murrizteko, energia iturri berriztagarriak bultzatzeko, hondakinak modu eraginkorragoan kudeatzeko, eta hornikuntza katearen artean konpromisoa bultzatzeko lanean jarraituko dute.

Baina, ez da Tubacexek halako ekimen batean parte hartzen duen lehen aldia: 2020ko abenduan, Science Based Targets Initiative (SBTi) erakundearekiko atxikimendu gutuna sinatu zuen, 1.5ºko anbizio-mailarekin eta 2050erako Net Zeroren konpromisoarekin. 2021ean, konpainiak lehen aldiz parte hartu zuen CDP Climaten, orduan ‘B’ kalifikazioa lortuz.

Carbon Disclosure Project erakundearen klima aldaketaren kalifikazioa erreferente bilakatu da mundu mailan. Hala, Tubacex ez da kalifikazio gorena lortu duen euskal enpresa bakarra. Duela bi aste Vidrala beirazko botilak diseinatu eta fabrikatzeaz arduratzen den Laudioko enpresak ere ‘A’ kalifikazioa lortu baitzuen klima aldaketaren aurkako jardueran eta ‘B’ kalifikazioa uren kudeaketan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK