Yun Elizondo Gomezek Industria Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua egin du EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Joan den urriaren 24an, Bilboko Bizkaia Aretoan egindako EHUko Ikasleen IX. Kongresuan, bere Gradu Amaierako Lana (GAL) aitortu zioten. Bere ikerketak agrovoltaikako (nekazaritza ekoizpena eta lur berean eguzki-energia sortzea uztartzen dituzten sistemak) Europako bost proiektu ikertu eta EAEko ezaugarrietara nola egokitu daitezkeen aztertu du.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zure lanak saria jaso zuen EHUko ikasleen IX. Kongresuan. Espero zenuen horrelako erantzuna?
Egia esan, ez. Nire tutorea izan zen aurkeztera animatu ninduena. Alde batetik, lana Garapen Iraunkorreko Helburuekin lotuta zegoelako eta bestetik, saiatzearekin ez nuelako ezer galtzen. Ilusio handiz jaso nuen nire ikerketa onartu zutelaren berria. Lan handia egin nuen, eta norbaitek ahalegin hori aitortzea oso pozgarria izan zen. Azkenean, GAL bat ez da gelako ariketa bat, lan asko egin behar da, denbora behar duzu dena ondo ulertzeko eta aztertzeko.
Nola sortu zen agrovoltaika ikertzeko ideia?
Energia berriztagarriekin lotutako zerbait egin nahi nuen. Ni Errioxakoa naiz eta ikusi nuen, bertan, energia fotovoltaikoak etorkizun handia zuela. Azken urteetan, energia mota hori asko hazi da. Deigarria iruditu zitzaidan nekazaritzako ekoizpena eta ekoizpen energetikoa uztartzeko aukerak, bi jarduerei eta ingurumenari mesede egin baitiezaiekete. Azken finean, denontzako onuragarria izan daiteke.
"Nekazaritza-lurretan panel fotovoltaikoak instalatzea da agrofotovoltaika, laboreek argia aprobetxatzen jarrai dezaten kalkulatutako bereizketa eta altuerarekin"
Ezagutzen ez duenarentzat, zer da agrivoltaika?
Nekazaritza-lurretan panel fotovoltaikoak instalatzea, laboreek argia aprobetxatzen jarrai dezaten kalkulatutako bereizketa eta altuerarekin. Horrela, elektrizitatea sortzen da eta, aldi berean, lantzen jarraitzen da. Panelek itzala ere ematen dute, eta horrek landareen ur-beharrak murrizten lagun dezake. Gainera, azalera bera bi jardueretarako aprobetxatzen da.
Bateragarriak al dira elikagaien ekoizpena eta energiaren sorkuntza?
Aztertu ditudan kasuetan, oro har, bi jarduerak ateratzen dira onuradun. Proiektu bakarra aurkitu nuen, zeinetan itzalak laborantzari kalte gehiago egiten zion, baina galerak izatera iritsi gabe. Gakoa laborea ondo aukeratzea eta instalazioa bere beharretara egokitzea da.
"Gakoa laborea ondo aukeratzea eta instalazioa bere beharretara egokitzea da"
EAEn eguzki-erradiazioa neurritsuagoa eta lausoagoa da. Muga edo aukera bat da?
Printzipioz, muga bat da. Klima atlantikoa dugu, hodei gehiagorekin. Beste herrialde batzuetan, panelak laboreak gehiegizko eguzkitik babesteko erabiltzen dira. EAEn, aldiz, argia ahalik eta gehien aprobetxatzea izango litzateke helburua. Hala ere, ikertzen ari dira. Araban, Neiker zentro teknologikoa arlo horretan lanean ari da, baina oraindik esperimentazio-fasean dago.
Aztertu dituzun bost proiektuetatik, zeinek balio lezake hobeto EAErentzat erreferentzia gisa?
Alemaniakoa izango litzateke hoberena sistema finkoa erabiltzen duelako. Hala ere, ezin da prototipo bera beste lurralde batean instalatu: klima, lurra eta laboreak desberdinak dira. Mahastiei buruzko proiektu bat ere aztertu nuen, Arabako Errioxarako erreferentzia izan zitekeena. EAEko erliebea nahiko menditsua da, baina Arabako hegoaldeak baldintza hobeak ditu.

Nola egokitu daiteke euskal familia-ustiategi txikietan inbertsio handia eskatzen duen teknologia?
Hori da muga nagusietako bat. Kostu handiagoa dakar, eta nekazari batek lehenetsi dezake bere ohiko sistemarekin jarraitzea, onurarik ekarriko dion ez dakien zerbaitetan inbertitzea baino. Horregatik, beharrezkoa litzateke agrovoltaika lurzoruaren erabilera dual gisa arautzea eta pizgarriak ezartzea. Alemaniak erabilera dual hori onartzen du, eta Espainian, berriz, esparru espezifiko bat falta da oraindik.
Bihar proiektu pilotu baterako finantzaketa izango bazenu, non eta nola egingo zenuke?
Arabako Errioxan mahastiaren eta bi aurpegiko moduluak dituen sistema finko baten aldeko apustua egingo nuke. Arabako Lautadan zentzu handiagoa izango luke laborantza estentsiboekin lan egiteak, eta Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, eskala txikiko baratzezaintza eta frutagintza sistemekin.
Zer beharko litzateke enpresak eta nekazariak inbertitzera animatzeko?
Produkzio-pizgarriak eta emaitzak. Espainian, oraindik ere, errentagarritasuna erakusten duten esperientzia finkatuak falta dira.
Bideragarria dela uste dut, baina beharrezkoa da enpresa edo erakunderen batek lehen urratsa ematea.
"Bideragarria dela uste dut, baina beharrezkoa da enpresa edo erakunderen batek lehen urratsa ematea"
Zer egin beharko lukete nekazariek?
Lehen faseetatik parte hartu beharko lukete, haien inplikazioa funtsezkoa baita gizartearen onarpena lortzeko. Bisualki, instalazio horiek eta gari eremu bat ez dira gauza bera. Kontuan izan behar da, halaber, nekazariek nola hautematen dituzten aldaketa horiek beren laborantza-lurretan.
Eta zer gertatzen da ingurumenaren eta faunaren babesarekin?
Aztertu nituen bost proiektuetatik bakar batek zituen fauna babesteko neurri espezifikoak. Arlo horretan oraindik lan handia dago egiteko.
Zer aukera zabal ditzake agrivoltaikak euskal enpresentzat?
Eredu horrek aukera berriak ireki ditzake. EAEn, Neiker erreferenteetako bat da. Nire tutoreak zentro teknologikoarekin bilera batera gonbidatu ninduen, Valentziako ikertzaile batekin eta EHUko hainbat irakaslerekin. Bilera hari esker sektorea hobeto ezagutu ahal izan nuen.
Arlo honetan ikertzen jarraitzea gustatuko litzaizuke?
Bai, asko gustatuko litzaidake. Lan hori lehen hurbilketa bat izan da eta asko dago oraindik ikertzeko. Ez dakit jarraituko dudan, baina argi daukat: beharrezko baldintzak betetzen badira, bidegarria izan daikeela EAEn.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta