• LAN ETA BIZI
  • Amaiur Salaberria (BiziSENSE):"Uste dugu eguzki krema behin emanda arratsalde guztirako nahiko dela"

Amaiur Salaberria (BiziSENSE):"Uste dugu eguzki krema behin emanda arratsalde guztirako nahiko dela"

Eguzkiaren kaltea azalean garaiz antzemateko adabaki adimenduna sortu dute Salaberriak ete bere ikaskideek, eta Ziteken Think Big lehiaketan 3. saria irabazi

Amaiur Salaberria BiziSENSE proiektuaren sortzailea | Argazkia: utzita
Amaiur Salaberria BiziSENSE proiektuaren sortzailea | Argazkia: utzita
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko irailaren 5a - 05:30

Eguzkia hartzea ohikoa da udan, baina azala erretzeak etorkizunean izan ditzakeen ondorioez ez da beti behar adina kontzientzia izaten. Arazo horri erantzuteko sortu zuten BiziSENSE Amaiur Salaberriak eta bere taldekide Ainhoak, Aitorrek eta Alvarok, Bizisun proiektuaren baitan. Azalean jartzen den adabaki baten bidez, eguzkiaren erradiazioak eragindako erreakzioak detektatzen ditu, eta kolore aldaketa baten bidez erabiltzaileari eguzki krema berriro emateko unea adierazten dio. Hasiera batean masterreko ikasgai baten barruan garatutako ideia izan zen, eta ondoren Ziteken Think Big 2026 lehiaketan hirugarren saria eskuratu zuen. Oraingoz, taldeko kide bakoitzak bere ibilbide propioarekin jarraitu asmo du, baina BiziSENSEren etorkizuneko aukerak zabalik utzi dituzte.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Nola sortu zen BiziSENSEren ideia?

Masterrean enpresa sortzaileei buruzko ikasgai bat izan genuen. Taldeka jarri gintuzten eta enpresa bat sortzeko prozesu guztia egin behar izan genuen: informazioa bilatu, paperak prestatu, enpresa nola sortzen den ikasi eta I+G prozesua ere landu. Lauok batera egin genuen lana, Ainhoak, Aitorrek, Alvarok eta nik. Behin lana amaituta, irakasleak lehiaketa honen berri eman zigun, eta proiektua aurkeztera animatu gintuen.

 

Ideia bera sortzeko, gaur egungo arazoei begira jarri ginen. Konturatu ginen udan jende askok eguzkia hartzeko ohitura duela, baina ez dagoela beti behar adina kontzientzia eguzkiaren eraginaz. Horren aurrean, azaleko minbiziaren eta melanomaren inguruko datuak aztertzen hasi ginen, eta azken urteotan kasuek izan duten gorakada ikusita, arazo horri irtenbide bat bilatzeko beharra ikusi genuen. Hortik sortu zen BiziSENSE garatzeko ideia.

Eta zer da, zehazki, BiziSENSE?

Azalean jartzen den adabaki bat da. Eguzkiaren erradiazioa jasotzen dugunean, gure azaleko zelulek erreakzio batzuk izaten dituzte eta konposatu batzuk jariatzen dituzte. Guk konposatu horiek detektatu nahi genituen. Adabakiaren barruan dagoen beste konposatu batek erreakzioa eragiten du, eta horrek kolore-aldaketa sortzen du. Horrela, erabiltzaileak ikus dezake noiz den eguzki krema berriro emateko unea.

Zergatik da garrantzitsua kaltea gertatzen ari den unean bertan antzeman ahal izatea?

Askotan uste dugu eguzkitarako krema behin emanda arratsalde guztirako nahikoa dela. Une horretan ez gara konturatzen azalari kalterik egiten ari gatzaion edo ez. Denbora pasa ondoren konturatzen gara erre egin garela. Erredura desagertu egiten da, baina horrek etorkizunean kalteak ekar ditzake: azaleko minbizia ez ezik, beste arazo batzuk ere Azkenean, gure helburua etorkizunera begira gaixotasunak prebenitzea da.

"Azaleko minbiziaren eta melanomaren inguruko datuak aztertzen hasi ginen, eta azken urteotan kasuek izan duten gorakada ikusita, arazo horri irtenbide bat bilatzeko beharra ikusi genuen"

Zer detektatzen du adabakiak?

Hasieran, entzima zehatz bat aurkitu nahi genuen, baina ez genuen identifikatu. Azalean gertatzen den estres-erreakzio batekin lotuta dago. Ikerketa gehiago beharko genuke entzima zehatza zein den jakiteko. Artikulu desberdinak irakurrita ere konturatu ginen ez zela erraza erredurekin soilik lotuta egongo zen entzima bakar bat identifikatzea.

Horregatik, hasiera batean, estres oxidatiboarekin lotutako erreakzioetan parte hartzen duten proteina edo entzima orokorragoekin lan egitea planteatu genuen. Horietako batzuk izerdiarekin ere lotuta egon daitezke, baina gure helburua eguzkiaren eraginez azala noiz kaltetzen hasten den antzematea zen.

Zein izan da proiektua garatzeko erronkarik handiena? 

Entzima zehatza beste egoera batzuetan sortzen diren erreakzioetatik bereiztea izan da zailtasun handiena. Horrez gain, start-up bat izanik, produkzioa nola egin ere erronka izan da. Azkenean, aukerarik onena kanpoko produkzio-enpresa bati eskatzea zela erabaki genuen, eta haiekin elkarlanean aritu ginen.

Zitek
Zitek sariketako irabazleak | Argazkia: EHU

Ziteken Think Big 2026 lehiaketan hirugarren saria jaso duzue. Zer esan nahi du zuentzat?

Egindako lanaren aitortza moduan hartu dugu saria. Hasieratik proiektuak benetako erabilgarritasuna izan zezakeela sinesten genuen, eta hirugarren postuak ideia horri balioa eman dio. Azken finean, erakutsi digu BiziSENSE ez zela ikasgelan egindako proiektu bat bakarrik; etorkizunean aurrera eraman eta jendeari laguntzeko aukera izan dezake.

"Haurrei begira ere, marrazki edo pertsonaia erakargarriekin egitea pentsatu genuen, erabiltzea errazagoa izan zedin"

Sariak ez du, ordea, oraingoz BiziSENSE martxan jartzea ekarriko.

Momentuz ez daukagu aurrera eramateko intentziorik. Bakoitzak bere bidearekin jarraituko du: batzuk lanean, beste batzuk ikasketekin… Beraz, oraingoz ez dugu proiektua aurrera eramango. Baina ez dugu aukera itxiko. Etorkizunean berriro hartzeko edo probatzeko aukera izango dugu. Gainera, beste uneren batean start-up bat sortzeko gogoa badugu, badakigu zein pauso eman behar diren. Esperientzia oso lagungarria izan da.

Nolakoa izan zitekeen BiziSENSEren etorkizuna?

Hasieratik pentsatu genuen ez zela hondartzara bakarrik mugatu behar. Egoera eta pertsona desberdinetara egokitu zitekeen. Adibidez, kirola egiten dutenentzat, izerdiarekin adabakia ez askatzeko moduko bertsio bat garatu zitekeen. Etorkizunean aplikazio klinikoak ere izan zitzakeela pentsatu genuen.

Eguneroko erabilerara ere egokitu zitekeen, adibidez, oporretan eguzkitan gehiago egoten garenean. Haurrei begira ere, marrazki edo pertsonaia erakargarriekin egitea pentsatu genuen, erabiltzea errazagoa izan zedin.

Eta, hemendik aurrera, zer?

Oraingoz bakoitzak bere bideari jarraituko dio, baina etorkizunean aukera hori hor dago. Agian berriro hartuko dugu proiektua, edo beste norbaitek hartu eta garatuko du. Guretzat, behintzat, ikaskuntza handia izan da: arazo bat identifikatu, ideia bat proposatu eta otutako hori proiektu bihurtzeko prozesua ezagutu dugu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain