• LAN ETA BIZI
  • Anoetaren negozioa kirolaz harago: kultura eta gastronomiaren 'zelai'

Anoetaren negozioa kirolaz harago: kultura eta gastronomiaren 'zelai'

Futbol zelaia espazio anitza izan daiteke, kulturzaleen elkargune ere izateko, adibidez

Reale Arenan eginiko kontzertua | Argazkia: Erreala
Reale Arenan eginiko kontzertua | Argazkia: Erreala
2025eko abuztuaren 9a - 05:30

Anoetako Estadioa 1993ko abuztuaren 13an inauguratu zen, aurretik Real Sociedad Donostiako futbol taldearen xede zen Atotxako Estadioa ordezkatuta. Musikak hasieratik eduki zuen bere lekua estadioan; izan ere, inaugurazio ekitaldian Luz Casal eta Oskorri La Orquesta Mondragonekin batera aritu ziren kantari. Horren ostean, 1994an nazioarteko artista batek zapaldu zuen zelaia: Pink Floydek. Handik urte batzuetara, 1998an, Bai Euskarariren kanpainaren parte ere izan zen Estadioa: urte hartako abenduaren 26an Euskal Herriko hainbat estadiotan kontzertuak ospatu ziren, Anoeta horietako bat izan zelarik.

 

Artista handiek Reale Arenaren aldeko apustua egin dute haien kontzertua Donostian eskaintzeko. Izan ere, lehen aipatutakoez gain, The Rolling Stones, U2 eta Bruce Springsteenen tankerako artistek zapaldu dute zelaia, bigarren horrek birritan. Aurtengoan artista euskaldun batek ere bete zuen ia zelai osoa: Fermin Muguruzak, bere hitzetan “7 orduko akelarre antifaxista” ospatuz. Milaka pertsona futbolzale eta ez futbolzale aritu ziren Anoetako estadioan Muguruzarekin batera Negu Gorriak, Kortatu eta bere ibilbide osoko abestiak kantatzen.

Futbola eta kultura, uste baino gertuago

R.S. Fundazioak badu programazio kultural propio bat bere barnean, honen bidez futbola eta kultura batzen dituztelarik. Bost lerro ditu: Korner, Kultura & Futbol Festibala; RS Museoa; Bertso Derbiak; erakusketak; eta konferentziak.

 

Korner, Kultura & Futbol Festibala, kultura eta futbolak bat egiten duten jardunaldiak dira. Andoni Iraola R.S. Fundazioko zuzendariaren hitzetan “futbolak kulturarekin eta gizartearekin dituen loturak aztertzea” da jaialdi honen helburua. Aurtengo edizioa ekainaren 2tik 7ra ospatu dute, eta horren harira adierazi zuten: “Kornerren zortzigarren edizioaren helburua izan da futbolaren energia arranditsu horretara hurbiltzea, kilate askoko hamaikako batekin: idazleak, kazetariak, arkitektoak, artista ospetsuak...”. Aurtengo edizioak berezitasun bat izan du: Donostia Kirolak batu da proiektura.

RS Museoa, R.S.ren ehungarren urteurrenaren harira sortu zuten, haien webgunean dioen modura: “R.Sren historia eta balioetara hurbiltzeko forma paregabea”. R.S. Fundazioak doako bisitak eskaintzen ditu askotariko kolektiboentzat.

R.S. Fundazioak badu programazio kultural propio bat bere barnean, honen bidez futbola eta kultura batzen dituztelarik

Bertso Derbia, R.S. Fundazioak Athletic Club Fundazioarekin batera antolatutako bertso saioak dira. Horietan hiru bertsolari realzalek eta hiru athleticzalek hartzen dute parte. R.S Fundazioaren hitzetan, helburua da “futbolzelai eta eszenatokian lehiakortasun osasuntsu eta inspiratzailea aldarrikatzea”. Emanaldiok urtean bitan egiten dira, bat Donostia eta bestea Bilbo inguruan. Aurtengo Donostiako edizioa Oiartzungo Landetxe aretoan burutu zuten maiatzaren 4an. Alaia Martin, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña realzaleek, Nerea Ibarzabal, Igor Elortza eta Aitor Etxeberriazarraga athleticzaleak aritu ziren. Gai jartzaile lanetan Karlos Aizpurua aritu zen.

Erakusketen alorrean, R.S. Fundazioak modu aktiboan parte hartzen du antolaketan. Ahotsak/Voces egitasmoa, horren baitan dagoena, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburuarentzako sortu zen. Honen bidez adierazi nahi zuten: “Reala ez dela futbola soilik, baizik eta gipuzkoarrentzat elkargune eta gizarte kohesio faktore bat.”

Futbolean 11 jokalari, hanburgesa foodtrucketan 24

Udarekin batera partiduen etena iritsi ohi da, eta futbolak kontzertuei utzi die lekukoa. Horrela sortu zen Reala Zuzenean Musika Festibala. Aurtengoa bigarren edizioa izan da eta uztailaren 3tik 5era eginikoa. Sei emanaldik osatu dute aurtengo kartela, euskal herriko emakume musikariek presentzia eduki dutelarik.

Behin musika festibala bukatuta, gastronomiaz gozatzeko aukera izan da Reale Arenan. Izan ere, aurten bigarren aldiz The Champions Burger jaialdi gastronomikoaren xedeetako bat izan da zelaia, uztailaren 10etik 27ra eginikoa. “Maila altuko 24 hanburgesategik food trucken gainean” hartu dute parte eta zapore ugari probatzeko aukera izan dute bertaratuek. Jaialdia izateaz gain, izenak dioen moduan championsa ere bada, eta bisitariek hanburgesa onena zein den erabaki dute bozka bidez.