
Vaiven produkzioak 90.hamarkadan sortu zen Donostian, Ana Pimenta eta Iñaki Salvadoren eskutik. Pimenta Ur Teatroa konpainiatik zetorren, bere ahizpa den Elena Pimentarekin sortu zuen konpainia, hain zuzen ere. Salvador, aldiz, musikaren munduan ibilia zen, baina biek konpartitzen zuten ikuskizunekiko pasioa. Eta horrela sortu zen Vaiven, haien nukleo propioa sortzeko beharretik, Pimentaren hitzetan: “ezjakintasun puntu batetik eta zertara joango ziren zehazki jakin gabe, baina ilusio handiarekin”.
Txikitasunetik hasi ziren, ekonomikoki une hartan bideragarriak ziren antzezlanak egiten. Horregatik, haien lehen ikuskizuna, Bertol Brechten Madre coraje y sus hijos antzezlaneko bakarrizketa zen, Pimentak aktore lanak egin eta Salvadorrek musika jotzen zuelarik. Hainbat antzezlan egin ondoren, Lotsagabeak iritsi zen, sexu heziketaren inguruko obra. Arrakasta handia eduki zuen, eta Pimenak dioen moduen: “herri guztietan kontratatu nahi zuten”. Handik denbora batera, Eduardo II egin zuten, eta honi esker Espainiako Estatuko antzerki jaialdietan antzezteko aukera eduki zuten, haien merkatua estatu mailara zabalduz.
Funtzionamendua
Konpainiak ez zuen inoiz zuzendari artistiko finkorik eduki. Kontatu nahi zutenaren arabera kontratatzen zuten zuzendaria. Horrela, prozesu bakoitzean, zuzendari bakoitzetik ikasteko aukera edukitzen zuten, Pimentak dioen moduan ”antzezlan baten prozesua master bat burutzea bezala zen”. Taldea kontratatzeko garaian, hainbat belaunaldietako pertsonekin lan egitea gustatzen zitzaien, artista gazteei sektorean lan egiteko aukera eman, eta talentu gazteaz elikatzeko.
Finantzazioaren alorrean, dirulaguntzekin funtzionatzen zuen konpainia bat zen. Hala ere, horiek, kasu onenetan, antzezlanaren %50 soilik finantzatzen zuten, gainontzekoa haien kabuz bilatu behar zutelarik. Horregatik, finantzazioa lortu ezean, dirulaguntza itzultzen zuten eta ez zuten antzezlana egiten.
Konpainiaren itxiera
Hala ere, antzerkiaren egoerak okerrera egin du eta 29 urteko ibilbidearen ondoren, Vaivenek ixtea erabaki zuen. Arrazoi nagusia ekonomikoa zen. Egun, jende gutxi joaten da antzerkia ikustera, eta hilean lau emanaldi eginda ezinezkoa da konpainiaren egitura sostengatzea. Pimentak dio neke handia zutela, eta etorkizunera begira ez zutela egoera aldatuko zenik ikusten. Gainera, dezepzio puntu bat ere bazeukan, izan ere: “instituzioek ez zuten aurkitu arazo honentzako konponbiderik”.
Etorkizunera begira
Antzerkiaren etorkizunari dagokionez, Pimentak ondorengoa dio: “alde batetik konpainia historikoak gaude eta pixkanaka desagertzen joango gara. Bestalde, ez dakit zer datorkien konpainia berriei, baina oso gogorra iruditzen zait hainbeste burokraziari aurre egin behar izatea. Instituzio ezberdinek elkarrekin lan egin beharko lukete kulturan lan egiten dugunon aldeko politikak sortuz. Nire ustez kultura ezin da errentagarria izan, hezkuntza eta osasungintzak bezalako trataera eduki behar du, komertzial eta errentagarritasun ideiatik aldenduz”.
Konpainia berria: Ixo Teatroa
Egoera honen aurrean, badira konpainia berriak sortzera ausartzen diren gazteak. Horren adibide dira Luix Mitxelena eta Arnatz Puertas, Ixo Teatroa konpainiaren fundatzaileak. Puertas eta Mitxelenak elkarrekin ikasi zuten Arte Dramatikoko Goi Mailako Titulua Dantzertin. Bertan konturatu ziren era artistikoan oso ondo ulertzen zutela elkar. Biak dira trebeak komedia eta antzerki fisikoa, eta horregatik sortu zuten Ixo Teatroa 2024an, Mitxelenaren hitzetan: “hitza erabiltzen ez duten obrak sortzeko”.

Eros | Argazkia: Ixo Teatroa
Beraiek ekoizpen eta sortzaile lanak egiten dituzte, bi lerro horiek haien antolakuntzan oso bereizita dituztelarik. Ekoizpenaren arloan, konpainiaren norabidea zehaztean egiten dute lan, eta sorkuntzarenean aldiz, antzezlanetan landu nahi duten horretan.
Duela urtebete haien lehen antzezlana estreinatu zuten Pabellon 6 aretoan. Antzezlan honek Eros du izena, eta maitasunaren inguruko hausnarketatik abiatutako obra da. Bientzat abentura bat izan zen, eta Mitxelenak zioen moduan, aurretik esperientzia eduki eta norantz zihoazen bazekiten arren, ordura arte beste eremutan egindakoarekin alderatuz, eskala handiagoko proiektu bat zen. Horregatik, ikasketa prozesu bat izan zen beraientzat.
Finantzazioaren alorrean, Vaivenek ez bezala, bi sortzaileek antzezlana autofinantzatu zuten. Ez zuten dirulaguntzarik lortu, eta emanaldien bidez amortizatu zuten jarritako hori.
Mitxelenaren kasuan, egungo antzerkia oso saturatua ikusten du: “Nik gaur egun antzerkigintza oso saturatua ikusten dut, produkzio asko daude. Esaten da dirulaguntza gehiago behar direla eta bai, baina jende asko gaude eta horrek aurkeztea zailtzen du. Programazioa mugatua da, eta ez dira nahi beste emanaldi irteten. Konpainia hasi berria izanda zaila da zure txokoa egitea". Puertasek dio konpainia berriei aukera gutxi eskaintzen zaizkiela: “Konpainia berria izanda oso zaila da antzokiek programatzea. Hainbeste antzezlan daude, antzokiek, normalean, ezagutzen dituzten konpainien aldeko apustua egiten dutela. Guk Euskal Herriko programatzaile gehienak gonbidatu genituen Eros ikustera, eta lau edo bost etorri ziren soilik. Nik uste dut gaur egungo antzerki panoramaren arazo handienetako bat hori dela, konpainia berriei ematen zaizkigun aukera urriak".
Arnatz Puertas (Ixo Teatroa): “Konpainia berria izanda oso zaila da antzokiek programatzea. Hainbeste antzezlan daude, antzokiek, normalean, ezagutzen dituzten konpainien aldeko apustua egiten dutela"
Etorkizunera begira, antzerkigintzan dauden horien artean sare bat osatzeko beharra ikusten dute, elkar zaindu eta baldintza hobeak bultzatzeko. Beraien kasuan, antzezlan berri bat sortzen dabiltza, eta une honetan, finantzazio bila.
Argi dago, Pimentak dioen moduan, betiko konpainiak desagertzen doazen heinean berriak sortzen joango direla, betiere, uneko testuingurura egokituz.