Arimen gauaren zifra 'ikaragarriak' mundu mailan (eta Gau Beltzaren erronka)

AEBen 11.300 milioiko gastua egingo dute familiek Halloween ospatzeko, eta Mexikon 1.500 milioi euroko ekarpena espero dute. Euskal Herrian inpaktu ekonomikoa txikia bada ere, jasangarritasun, tokikotasun edo euskararekiko konpromisoa sustatu nahi dituen Gau Beltza indartzeko lanean ari dira

Hildakoen Eguna, Mexikon | Argazkia: iStock Hildakoen Eguna, Mexikon | Argazkia: iStock

Lurrak hazi eta lurrak jan dio esaera zaharrak. Hildakoekin dugun harremanak zuzeneko inpaktu bat dugunean kolpatu ohi du normalean, izan gaixotasunagatik, izan heriotzagatik zuzenean. Gizarte bezala, ordea, Santu Guztien Bezpera eta Egunean protagonismo berezia eman ohi zaie joan zirenei. Eta horrek guztiak jarduera ekonomikoa ere sustatzen du.

Izan ere, tradizioak, eta iragan zahaberrituak milioika euro mugitzen dituzte mundu mailan. Santu Guztien Bezpera eta Egunak jada ez dutelako soilik harremana hildakoekin, edo, Zelten tradizioak jaso bezala, udari eta uztei agur esan eta urtaro berria hastearekin. Hainbat herrialdetan eragin ekonomiko nabaria du.

AEBeko negozioa eta inflazioaren itzala

All Hallows Eve antzinako ingelesezko terminotik dator Halloween, eta santu guztien bezpera esan nahi du. Zeltetatik eratorritako tradizioa izanik ere, Estatu Batuetako santu guztien bezpera da egun mundu mailako ezagunenetarikoa. Ekonomikoki ere, ez da gutxiagorako. AEBko Txikizkako Federazioak, Prosper Insights & Analyticsen bitartez, inkesta egiten du urtero datuak ezagutzeko. 2023ko edizioan pandemia aurreko zifrak gainditzea aurreikusi dute; bestela esanda, familiek 12.2 bilioi dolarreko —11.300 milioi euro— gastua egingo dutela uste dute, iazkoa baino 2.300 milioi euro gehiago gutxi gora behera. Zehazki, estatubatuarren %73k hartuko du parte Halloweeneko jardueretan, iaz baino %4k gehiagok. Beraz, pertsonako gastua 108,24 dolarrekoa —96,55 euro— izango da, eta portzentaje handiena goxokietan gastatuko da —%68 inguru—-, ondoren etxea apaintzen —%53— eta hirugarren mozorroetan —%50—.

Pertsonako gastua 108,24 dolarrekoa —96,55 euro— izango da, eta portzentaje handiena goxokietan gastatuko da —%68 inguru—

Gastuen igoerak, baina, seguru aski badu zerikusia inflazioarekin. Prezioak gogor kolpatu ditu, baina bada bereziki garestitu den produktu bat: azukrea. AEBen, esaterako, %13 hazi da haren prezioa iazko urritik, baina ordurako prezioa 2021eko urrian baino %14 garestiagoa zen. Azken hamabi urteetan izandako prezio altuena du egun azukreak, eta ikerketa etxeek klimaren aldaketaren emaitzatzat jotzen dute. Adibidez, India da mundu mailako bigarren azukre ekoizle handiena, eta esportazioak debekatu berri ditu euriteek hurrengo uztari ekarriko dioten kalteengatik, eta Tailandiako ekoizpenak ere behera egin du.

Mexiko: tradizioaren eta turismoaren ekarpena

Mundu mailako arimen gaueko beste ospakizun ezaguna da Mexikokoa. Bertan, Hildakoen Eguna da ospatzen dena, azaroaren 1ean eta 2an. Egun horrek inpaktu ekonomiko nabarmena du herrialdean bi ildotatik: batetik, herrialdean bertan ospakizuna egiteko egiten den gastu guztiagatik; bestetik, erakartzen duen turismoagatik beragatik.

Aurten 22.000 milioi peso mexikarreko —1.150 milioi euroko— ekarpena espero du Concanaco Servytur Méxicok, 257 enpresari ganbera bateratzen dituen entitateak. Mexiko Hiriko Garapen Ekonomikoko idazkariaren hitzetan 4.264 milioi pesoko —222 milioi euroko— ekarpena aurreikusi dute bertan, horietatik 3.700 euro inguru —190 miilioi euro— turismotik. 300.000 bisitari espero ditu hiriak.

Infobae Mexico atariak eginiko azterketa baten arabera, eskaintza egiteko materialaren erosketak Mexiko hirian 14 eta 41 euro bitarteko kostua izan dezake

Dirua bideratuko da, era berean, lore-dendetara, mozorroetara —Catrinara besteak beste— edo gozotegietara —hildakoen ogia, azukrezko kalaberak—. Infobae Mexico atariak eginiko azterketa baten arabera, eskaintza egiteko materialaren erosketak Mexiko hirian 14 eta 41 euro bitarteko kostua izan dezake. Herrialdeko gutxieneko soldata 10 euroren bueltakoa da, eta batezbestekoa 608 eurokoa hilean.

Euskal Herrian Gau Beltza ala Halloween?

Euskal Herrian urteetan mantendu da Santu Guztien Eguneko tradizioa, hildakoak oroitu eta kanposantuetara joatekoa loreak eramatera. Aitzitik, azkeneko urteetan indarra hartu du urriaren 31ko ilunabar eta gauak.

Antzinako euskal tradizioak berreskuratu asmoz, Gau Beltza delakoari bultzada eman diote hainbat herri eta elkarteetan, jaia berrinterpretatuta, eta tokian-tokiko helburuetara bideratuta. Horietako asko jasotzen ditu 2018an argitaratutako Itzalitako kalabazen berpiztea (2018) lan etnografikoak, Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek egindakoak. Horietan, baina, jasangarritasun irizpideak hartzen du indarra, kontsumoa sustatzea baino, asmoa baita etxean dauden trapu zarrak aprobetxatuta mozorratzea, beldurra eman asmoz, edo udazkeneko produktuak aprobetxatzea —kalabazak edo gaztainak—. Tokikotasuna, euskara edo berdintasuna ditu oinarrian 

Gau Beltzaren aldeko apustu irmoa izanagatik ere, Halloweenek ere badu bere indarra Euskal Herrian. Donostiako Afede mozorro dendan, esaterako, Halloween kanpaina ohiko lerro bilakatu da

Hala ere, Gau Beltzaren aldeko apustu irmoa izanagatik ere, Halloweenek ere badu bere indarra Euskal Herrian. Donostiako Afede mozorro dendan, esaterako, Halloween kanpaina ohiko lerro bilakatu da, eta "nahiko egonkortuta" dagoela diote bertatik. Haurren kasuan, esaterako, eskoletatik ere sustatu izanak eraman du kanpaina izatera. Mozorroen kostua "15 eta 20 euro bitartekoa" izan daiteke, eta soilik osagarriak erosita "5 eta 10 euro ingurukoa". Garrarte Iruñeko goxoki dendan ere igoera nabaritzen dute salmentetan, nahiz eta igoera hori zenbatekoa den zehazterik ez duten izan.

Goierri (Gipuzkoa) aldean, aldiz, Halloweenen inplantazioa txikiagoa dela uste diote Zaldibiako Jaiak Mozorro dendatik. "Urteko beste zenbait unetan baino zer edo zer gehixeago saltzen da baina ez pila bat, eta zertxobait igo da. Baina poliki xamar", azaldu dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK