Basoan galtzeko zuhaitz etxeak

Zuhaitz etxeetan lo egiteko hainbat aukera daude Euskal Herrian. Egun, bikoteen artean egiten den plan ohikoenetako da, eta aurrerapen handiz erreserbatzea eskatzen du. %90 inguruko okupazio-tasa izan ohi dute etxola hauek urte guztiko datuak hartuta

 Basoa Suiteseko zuhaitz etxe bat Orgi basoan | Argazkia: Basoa Suites Basoa Suiteseko zuhaitz etxe bat Orgi basoan | Argazkia: Basoa Suites

Azken urteotan sona handia hartu du zuhaitz etxeetan lo egitearen planak. Agian, askok basoan gau erromantiko bat pasatzearen ideia udararekin lotuko dute, aitzitik, urte osoan zehar, izan neguko hotz ilunean edo udarako argi beroan, bikote askoren plana izan ohi da, erreserba aurrerapen handiz egin behar den horietako bat. Baso galduan naturarekin konektatu, eguneroko burrunbetatik aldendu eta gertukoenekin tarte lasai eta goxo bat izatekoa. Egungo bizimodu frenetiko eta errutina gogaikarrietatik ihes egin eta arnasa hartzeko parada ematen duena. Eta, akaso, honexegatik du duen arrakasta, bizitza pausatzeko edozein aitzakia dugulako beharrezko gaurko gizartean.

Urte luzez egindako turismo mota izan da landetxeetara joatea, baina zuhaitz etxeetan lo egitearen esperientzia harago doa. Kontzeptu frantsesa omen da. Hain zuzen, XX. mende bukaeran jada, Marseillan jaiotako Alain Laurens enpresariak zuhaitz etxeak eraikitzen hasi eta La Cabane Perchée izeneko enpresa sortu zuen. Lehenengoa pinu batean eraiki zuen, lurretik zazpi metrora, eta bertara iristeko barraskilo formako egurrezko eskailerak eraiki zituen. Ia 25 urte beranduago, La Cabane Perchéek 500 zuhaitz etxe baino gehiago eraiki ditu mundu osoan, bai norbanakoentzat, baita turismo sektoreko profesionalentzat ere.

Orgiko hariztian: Basoa Suites

Zuhaitz etxeak eraikitzeko leku aproposa da Euskal Herria, bailara berde eta baso ugari baititugu. Bada, nahiez gero Ultzama bailaran edo Zeanuri eta Otxandio inguruko basoetan bisita daitezke gurean zuhaitzean zintzilikaturiko hainbat etxola. Are gehiago, badira olatura igo diren negozio berriak, Orbaizetan ere Iratiko Kabiak izeneko zenbait txabola berri egin baitituzte eta pasa den ekainetik daude zabalik.

EJL0009 (CabanaArbol)(HDR)
Etxetxo bat barrutik | Argazkia: Basoa Suites

Iñaki Itotz eta Leire Ibarguren iruindarrak dira Ultzama ibarreko Lizaso kontzejuan Basoa Suites izeneko negozioaren atzean dauden bi bazkideak. Itotzek kontatu duenez, Parisen zela duela urte batzuk zuhaitz etxe batzuk ikusi zituen eta Euskal Herrira ekarri nahi izan zuen ideia. Nafarroa osoko hainbat udalei proiektua aurkeztu zien, eta azkenean, Lizaso herriko kontzejuak begi onez ikusi zuen Orgi hariztian etxolak eraikitzearen proposamena.

400.000 euroko inbertsioa egin ostean, 2014ko uztailean ireki zituzten etxolen barraskilo eskailera eta egurrezko ateak. “Sarrerako eraikina egin genuen sukaldea, jantokia, dutxak eta terrazarekin, eta eraikinaren atzean dagoen hariztian lau etxetxo eraiki genituen zuhaitzetan. Handitzen joan gara eta orain zazpi ditugu”, azaldu du Itotzek.

Nafarroa osoko hainbat udalei proiektua aurkeztu zien, eta azkenean, Lizaso herriko kontzejuak begi onez ikusi zuen Orgi hariztian etxolak eraikitzearen proposamena

Lizasoko kontzejuari, lursailen jabe delarik, alokairua ordaintzen dio Basoa Suitesek, urtean 4.000 euro, eta bazkideak dioenez, kontzejua oso pozik dago: “oso kontzeju txikia da, 150 biztanle ditu Lizasok, eta gure alokairua haientzako dirua da”.

Eguneroko bizitzan ez duguna bilatzeko

Etxolek ez dute, ez ur, ez argindarrik, eta basoan lo egitearen esperientziari nolabaiteko elementu gehigarri bat ematen dioala uste du Itotzek: galduta edota gizartetik deskonektatua egotea. Familientzako zuhaitz etxeak badaude ere, Basoa Suitesek bikoteei zuzendutakoak ditu soilik. “Esperientzia desberdin bat bilatzen du hona datorrenak, bere eguneroko bizitza ez daukan hori”, dio bazkideak.

Bete-beteko arrakasta izan duela esatea ez da balentria handia. Izan ere, hasi zirenetik ia-ia urtero %90 inguruko okupazio-tasa izan dute. Urteko egun guztietan irekita daudela kontuan hartuta, urtean 2.000 erreserba baino gehiago izaten dituzte. “Urte oso batean %93ko okupazio-tasa izatera ailegatu gara”, nabarmendu du.

Iñaki Itotz: “Esperientzia desberdin bat bilatzen du hona datorrenak, bere eguneroko bizitza ez daukan hori”

Bisitarien erantzuna sekulakoa izan bada ere, aurten, bederatzi urtean lehenbizikoz —pandemia urteak kenduta— erreserbak zertxobait apaldu direla aitortu du Itotzek: “Orain, diruaren prezioa igo denean, Euriborrak gora egitean, asko nabaritu dugu. Jendeari, bat-batean, kolpea eman diote hipotekarekin, eta eguneroko erosketen prezioa ere igo da. Gurea azkenean luxu bat da, ez da beharrezkoa”.

Inflazioaz gain, aurtengo apaltzearen beste arrazoia zera da: “agian jada ez gara hain berritzaileak”, kontatu du bazkideak. "Halare, ongi doa; gaizki ohituta geunden”.

Mirua 1
Argazkia: Basoa Suites

Gaua zuhaitz etxe batean igarotzeak 150 eta 200 euro arteko prezioa du. Hala, Basoa Suites urteko fakturazioa 300.000 euro pasatxokoa da. Zazpi langile dira denera, eguneroko mantenuaz, gosari eta afariak emateaz, bisitariei harrera egiteaz eta etxolak garbitzeaz arduratzen direnak. Proiektua arrakastaz zalantza zipitzik ere ez zuela kontatu du Itotzek: “oso baikorra nintzen, eta nire inguruko jendea ez. Frantzian bizi izan nintzen, eta ondo ikertu nuen modelo hau. Banekien Gironan bazeudela horrelako zuhaitz etxeak, eta jende asko joaten zela”. Denborak, egia esan, arrazoia eman dio bazkide iruindarrari.

Gironatik Zeanurira

Hain zuzen ere, Zeanuri eta Otxandio inguruan aurki daitezkeen zuhaitz etxeen sustraiak Gironako jabeek landutakoak dira. Nuria Bañuelos langilearen arabera, Katalunian izandako arrakasta ikusita, negozioa Europan hedatu nahi izan zuten, eta hainbat tokitan ezezkoa jaso ostean Euskal Herrian aurkitu zuten baso egokia.

Egun, harrerako eraikina dena 1930an basozainaren etxea zela dio Bañuelosek, eta orduan Estatu Batuetatik ekarritako haziz hozitu zutela basoa, batik bat, Douglas izeia landatuz. Urteen poderioz handitu eta sendotuta, etxolak eraikitzeko baldintza egokiak zituen basoa bilakatu, eta Cabanes als arbresek zuhaitz etxeak egin zituen. “Zuhaitzei kalterik egin gabe iristerakoan etxolak jarri eta gerora joaterakoan kentzeko konpromisoa hartu zuten”, esan du Bañuelosek.

Nuria Bañuelos: “Hasieran erreserbak segituan betetzen ziren, eta orain, nahiz eta etxola kopurua handitu, okupazio-tasak oso altua izaten segitzen du”

Duela bederatzi urte lau etxola zituztela ekin zioten negozioari. Kasu horretan, lurra Zeanuriko udalarena da, eta urte jakin batzuetarako kontzesioa dute. Etxolez aparte, lau gurdi ere badituzte. Egun, hamar etxola dituzte: “Hasieran erreserbak segituan betetzen ziren, eta orain, nahiz eta etxola kopurua handitu, okupazio-tasak oso altua izaten segitzen du”. Gehienak birentzat badira ere, lauzpabost pertsonentzako etxetxoak ere badituzte.

“Hemen beti lehenengo larunbatak okupatzen dira, gero ostiralak eta igandeak, eta azkenik astegunak”, esan du langileak. Urteko egun guztietan daude zabalik, gabon gauean izan ezik, eta gaua bertan pasatzeak 185 eta 300 euro arteko prezioa du. Maitasunak bizirik jarraitzeko balio badu sikiera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK