Bidaiatzea: gastua ala inbertsioa?

Bidaiatzea garestia izan daitekeen arren, pertsonak pozik sentiarazten ditu, eta horrek sekulako balioa izan dezake ekonomiaz harago

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026eko otsailaren 27a - 05:30

Bai, bidaiatu egiten dugu, eta bai, gero eta garestiagoa da. Hala laburbildu daitezke EnpresaBIDEAk kalera ateratzean jasotako erantzunak (bideoa ikusgai artikuluaren amaieran). Bidaiatzeko modu asko daude, eta bakoitzak gustukoena aukeratzen du, interes kultural, gaitasun ekonomiko edota gertutasunaren arabera: autoz joan zaitezke Euskal Herriko txoko eder batera, trenez kostaldeko hondartza batera ala hegazkinez munduaren beste puntara. Bat edo beste hautatu, ondorioztatu daitekeena zera da: oporretan bidaiatzeko esfortzu ekonomiko handia egin behar da, salbuespenak salbuespen.

 

Bidaia bat gastutzat har daiteke, baina inbertsiotzat jotzea gero eta ohikoagoa da. Deskonektatzeko eta “errealitatetik ihes” egiteko tresna eraginkorra da maletak hartu eta etxetik alde egitea. Esan daiteke askorentzat osasun mentalean egindako inbertsioa dela, funtsean. Ez da harritzekoa Loiuko aireportuak 2025ean zazpi milioi bidaiariren langa gainditu izana: 2019an baino 1.100.000 bidaiari gehiago izan ziren, gutxi gorabehera.

Joera hori hobeto ulertzeko, azken urteetan egindako estatistika eta merkatu-azterketei erreparatu behar zaie. Jarraian datorren datu zaparradak erakusten duenez, bidaia-gosea handia da, bai nazioartean, bai gure inguruan.

 

Bidaiatzea gustuko

Mundu mailan, bidaiatzeko joerak goranzko bide nabarmena izan du azken hamarkadetan. Hegazkineria Zibilaren Nazioarteko Erakundearen (ICAO ingelesez) arabera, 1999an 1.560 milioi pertsonek bidaiatu zuten hegazkinez; 2023an, ordea, kopuru hori 4.900 milioira igo zen, hau da, hazkundea %157koa izan da ordutik hona. Espainiako Estatuan ere joera antzekoa da. eDreams bidaia-agentziaren azterketa baten arabera, espainiarren %89rentzat bidaiek lehentasuna izaten jarraitzen dute haien aurrekontu pertsonalen barruan.

Baina zer dago hazkunde horren atzean? Bidaiatzea aisialdia da, noski, baina baita osasun mentala zaintzeko tresna ere. Vueling aire bidaien enpresak 2025ean egindako inkesta baten arabera, inkestatuen %72ri bidaiatzean pentsatzeak hobeto sentiarazten dio, eta motibatuta eta baikor egoten laguntzen dio. Urte berriaren hasieran jarritako helburuak erreparatuta ere, ikus daiteke %62k bidaiatzea aipatzen duela, aurreztearen, kirola egitearen edo hizkuntza berri bat ikastearen aurretik. Ehunekoa are altuagoa da Z belaunaldiko gazteen kasuan: %77k baieztatzen du beren urteko helburu nagusia bidaiatzea dela. 

Vueling aire bidaien enpresak 2025ean egindako inkesta baten arabera, jendearen %72ri bidaiatzeaz pentsatzeak hobeto sentiarazten dio

Maleta hartu eta beste toki batera joateko arrazoiak orotarikoak izan badaitezke ere, arestian aipatutakoaren ildo beretik, Barceló Hotel Groupek eskainitako datuek berresten dute inkestatuen %43k helburu izaten duela “eguneroko errutinatik deskonektatzea eta ongizate emozionala lehenestea”. 

Ongizatearen prezioa

Ongizate emozional horrek, ordea, badu bere kostua, ezin baita alde batera utzi bidaiatzeak dirua eskatzen duela, eta urteak pasa ahala gero eta garestiagoa izan ohi dela. INE estatistika erakundeak, esaterako, datuak eskaintzen ditu oporretan egindako gastuari buruz. 2024an, EAEko biztanle batek Espainiako Estatu barruan egindako 4-7 egun arteko oporretan, batez beste 778,83 euro gastatu zituen; Nafarroakoek, aldiz, pertsonako 488,82 euro. Helmuga Europa izan zen kasuetan, ordea, gastua zertxobait handiagoa izan zen: 808,79 eurokoa EAEkoen kasuan eta 776,07 eurokoa Nafarroakoen kasuan.

2024an 6.308 milioi eurotik gora “atera” ziren EAEtik, bertakoek egindako bidaien ondorioz. Bilakaera ikusgarria da perspektiban jarriz gero: 2010ean gastu hori 3.679 milioi eurokoa zen

Horrez gain, bidaiak egitean oso ohikoa izaten da jatetxeetara joatea eta ostatu-zerbitzuak erabiltzea. Bada, INEren zenbatekoen arabera, 2018ko urtarriletik 2026ko urtarrilera bitartean, sektore horietako prezioak %31,58 garestitu dira EAEn, eta %27,86 Nafarroan.

Eustatek ere antzeko datu batzuk eskaintzen ditu: 2024an 6.308 milioi eurotik gora “atera” ziren EAEtik, bertakoek egindako bidaien ondorioz. Bilakaera ikusgarria da perspektiban jarriz gero: 2010ean gastu hori 3.679 milioi eurokoa zen. Gainera, EAEren kasuan “defizit turistikoa” handitu egin da, hau da, lurraldeko biztanleek gehiago gastatzen dute kanpoan, kanpoko bisitariek EAEn gastatzen dutena baino.

Gazteak eta etorkizuna

Gastu orokor horren barruan, bada talde bat bereziki nabarmendu daitekeena: gazteak. HBX Groupek New Yorkeko Unibertsitatearekin egindako txosten baten arabera, 18 eta 27 urte bitarteko bost gaztetik batek (%20) 5.000 euro baino gehiago gastatzen ditu urtean bidaietan. %24k zertxobait gutxiago gastatzen du, 2.140 euro eta 4.300 euro artean; eta %31ren aurrekontua 855 euro eta 2.140 euro artekoa da. 

Hala eta guztiz ere, bidaiatzeari uko egitea askorentzat ez da aukera errealista bat. Marriott Bonvoyk 2026ko bidaien joerei buruz egindako galdeketan azaltzen denez, espainiarren %84k 2026an iaz bezain beste bidaiatzea espero dute, eta %8k baino ez du aurreikusten gutxiago bidaiatzea (batik bat, arrazoi ekonomikoengatik). Are gehiago, bidaiarien erdia (%51) prest dago uneren batean luxuzko edo premium esperientziak ordaintzeko; ehuneko hori altuagoa da Z belaunaldiaren kasuan, zifra %62ra iristen baita.

Bidaiatzea ez da jada noizbehinkako kapritxo bat, lehentasunezko bizi-beharra baizik

Bildutako datu guztiek errealitate nahiko argia marrazten dute: bidaiatzea ez da jada noizbehinkako kapritxo bat, lehentasunezko bizi-beharra baizik. Prezioen igoerak eta testuinguru ekonomiko ziurgabeak ez dute lortu mundua ezagutzeko eta errutinatik ihes egiteko gogoa itzaltzea; aitzitik, osasun mentaleko inbertsio gisa finkatu da bidaia, batez ere belaunaldi berrien artean. Badirudi, milioika euroko gastuaren eta defizit turistikoaren azpian, diruz neurtu ezin diren faktoreek agintzen dutela: ongizateak, bizipen berriek eta nork bere burua zaintzeko premiak. Esfortzu ekonomiko handia izan erren, ez dirudi maletak egiteko gogoak mugarik izango duenik datozen urteetan.