75.000 lagun bildu dira Bilbon atzo eta gaur egingo diren Europako txapelketa nagusien bi finalez gozatu asmoz. Lehen hitzordua atzo bertan izan zen: Frantziako Montpellierrek eta Ipar Irlandako Ulsterrek jokatu zuten EPCR Challenge Cupeko finala. Bigarrena, Champions Cupekoa, gaur 15:45ean izango da, Irlandako Leinster eta Frantziako Bordeleren (Bordeaux Bègles) arteko norgehiagoka.
Eragin ekonomikoa zenbatekoa izango den jakiteko goizegi da oraindik, baina badira pistak eman ditzaketen zenbait zifra: hiriko hotelen okupazioa %90an inguru kokatu da, eta Loiun 30 hegaldi mugituko dira topaketarengatik. Turismoa BPGaren %8 inguru den hiri baten, kirol-turismoa ekarpen horren eragile garrantzitsu bilakatu da azken urteetan, udalak horren alde eginiko apustu berezi baten ondorioz.
Hiriko hotelen okupazioa %90an inguru kokatu da, eta Loiun 30 hegaldi mugituko dira topaketarengatik
Futbolzaleek gogoan izango dute orain urtebeteko Europa Leagueko finala San Mamesen jokatu zutela Tottenhamek eta Manchester Unitedek, eta lehena izan zela txapeldun 1 eta 0 irabazi ostean. Partida hark 85.930 pertsona mobilizatu zituen, eta Ikertaldek eginiko azterketa batean jasotakoaren arabera, 52,25 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen orotara. Hura bultzatu zuten hiru erakundeek (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala) egindako inbertsioa 13 aldiz biderkatu zuela ere jasotzen du azterlanak.
Ekitaldiak erakarritako pertsonek 23,83 milioi euro gastatu zituzten, horietatik 19 milioi euro inguru zelaira joan ziren zaleek utzitakoa izan zelarik. Bestalde, EAEko BPGan 30 milioi euroko ekarpen gehigarria suposatu zuen, 112 euskal enpresa kontratatu baitziren, eta lana eman 844 langileri.
Aitzitik, eragin ekonomiko handiena izan duen azken urteetako ekitaldia 2023ko Frantziako Tourreko Le Grand Départ Pays Basque irteera handia izan da. Lehenengo hiru egunak egin zituen Euskal Herrian, ia 104 milioi euroko eragin ekonomikoarekin. Orduan ere Ikertaldek egin zuen azterketa, eta horren arabera, 53,7 milioi euro inguru utzi zituzten bertakoek eta etorri ziren turistek. Alegia, zeharkako gastuek ezinbesteko rola izan zuten eragin ekonomiko horretan. Erakundeek, berriz, inbertitutako euro bakoitzeko 8,5 euroko itzulera izan zuten.
Onurak besterik ez?
Bilbo da kirol ekitaldi globalen aldeko apustu nagusia egiten ari den Euskal Herriko hiria. Aitzitik, kirol-ikuskizunek erakartzen duten turismoaren aldeko apustua beste hiri batzuetan ere ikus daiteke. Donostiak, esaterako, 2022-2023 denboraldiko Top14 Frantziako errugbi ligako erdifinalak hartu zituen bi egunez, eta 80.000 lagun inguru erakarri zituen. LNR ligako zuzendari nagusi den Emmanuel Eschalierrek emandako datuen arabera, 21,2 milioi euroko itzulkina izan zuen, eta hiriko eragin ekonomikoa 12 eta 15 milioi euro bitartean kokatzen dute hainbat iturrik.
Hain zuzen ere, bi hiriak izan dira aste honetako aktualitate politikoaren protagonista, 2030eko Munduko Futbol Txapelketaren egoitza izateko azterketak tarteko. Halakoak antolatzeko FIFA nazioarteko futbol federazioak jartzen dituen betebeharren artean dira "erabilera esklusiboa" egin ahal izatea, eta txapelketarekin zerikusirik ez duen ezer egiteko aukera ez izatea lehen partida baino 30 egun natural lehenagotik zelai horretako azken norgehiagoka jokatu eta zazpi egunetaraino.
FIFAk esandakoaz harago, horrelakoen antolaketak beti sortu izan ditu eztabaidak alderdien artean ez ezik, gizartean ere. Ez soilik arestian aipatutako eragin ekonomikoari loturiko azterketak zein puntura arte errealitatea egoki islatzen duten zalantzan jartzen delako —zenbait gauza neurtzeko zailak izanik—. Baita halakoek bultzatu ohi duten turismo ereduagatik beragatik, oso masiboa eta kontzentratua, hirietan saturazioa eragiten duena edota mozketak trafikoan, herritarrek eguneroko bizitza egiteko oztopo bihurtzen direnak. Bilbon, esaterako, errugbiko finalen ondorioz atzo arratsaldetik murrizketak izan dira, eta izango dira San Mameseraino iristen diren kaleetan eta inguruetan, tartean Sabino Arana etorbidean, Luis Briñas kalean, Poza Lizentziatuaren kalean edota Euskalduna zubiaren inguruan. Moyua edo Urkixo Zumarkalea ere itxita daude, eta kaltetutako eremuetan aparkalekuak bertan behera geratu dira, egoiliarrentzat izan ezik.
Harago begiratuta, turistifikazioak oro har prezioen gorakada ekartzen duela erakusten dute datuek. Etxebizitzen prezioetan du eragina, esaterako. EHUko ikerketa talde batek, Aitziber Etxezarreta Etxarria, Julen Izagirre Olaizola, Jon Morandeira Arcab eta Imanol Mozo Carollok osaturikoa, hiriguneko turistifikazioak etxebizitzen alokairuan zuen eraginari loturiko azterlan bat argitaratu zuen 2020an, Donostiako kasua adibide hartuta. Horren arabera, Airbnben presentzia nabarmen handitzen denean, batez besteko alokairua %7,3 igo da. Horrek ez du esan nahi igoera horretan eragin duen faktore bakarra denik, baina aintzat hartzekoa bada. Fokua zabalduta, Europako hainbat hiriren kasua aztertu zuten José Alberto Fuinhas, Daniela Castilho, Volkan Kaymaz eta Matheus Koengkan ikertzaileek 2005 eta 2019 urte bitartean, eta ondorioztatu zuten turismoak berebiziko motor ekonomiko gisa balio duen bitartean — enplegua eta eskualde-garapena sustatzea —, arriskuan jartzen dituela etxebizitzen jabetzak. Epe laburreko alokairuko plataformen ugaritzeak (adibidez, Airbnb) oinarrizko giza premia bateko etxebizitzak inbertsio lehiakorreko ibilgailu bihurtu ditu, batez ere pisu handiko hirietan.