• LAN ETA BIZI
  • Etxezarreta eta Gomez (Kutxa Fundazioa): “Eraldaketarako jakin-minezko jarrera izatea funtsezkoa da"

Etxezarreta eta Gomez (Kutxa Fundazioa): “Eraldaketarako jakin-minezko jarrera izatea funtsezkoa da"

Beasainen, Bergaran eta Donostian egingo den jaialdiak helburu argia du: diziplinartekotasunaren bitartez parte-hartzaileen jakin-mina piztea

Gomez eta Etxezarreta, ezker-eskuin | Argazkia: Gorka Rubio / Foku
Gomez eta Etxezarreta, ezker-eskuin | Argazkia: Gorka Rubio / Foku
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko ekainaren 8a - 05:30

Jakin-mina. Txikiak garenean puri-purian dagoen hori eta, ustez, denbora igaro ahala galtzen dugun hori. Ala ez. Garbiñe Etxezarretak eta Miren Karmele Gomezek ordu asko igaro dituzte gaiaren gainean ika-mikan, batak bestea entzun eta erantzun. Biak dira Kutxa Fundazioko kide, Ekimenen Zuzendaria lehena eta Berrikuntza Arduraduna bigarrena, eta biak ala biak fundazioaren proiektuetako batean murgildu dira azken hilabeteetan: Jakingura Jaialdian.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Izenak argi dioen moduan, jakingurari buruzko ekitaldiak antolatu ditu fundazioak. Hitzaldiak, mahai-inguruak, musika emanaldiak, tailerrak… orotariko ekintzak egingo dira, diziplina anitzak nahastuz eta erreferente ugari elkartuz. Helburua, argia: jakin-mina bultzatzea, mundua zalantzan jartzea eta norberak bere buruari galderak egitea.

Nondik sortzen da Jakingura antolatzeko ideia? 

 

Garbiñe Etxezarreta (G.E.): Gure estrategian, Jakingura Jaialdia Ezagutza biziz izeneko lan ildoan kokatzen dugu. Zein da lan ildo horren helburua? Bada, jakin-mina bizitzako jarrera izatea, baita pentsamendu kritikoa eta ikasketa esanguratsua sustatzea ere. “Ezagutza bizitzea” guretzako prozesu bat da, non ezagutzak eskuratzen, ezbaian jartzen, barneratzen, sortzen eta partekatzen ditugun. Hori guztia da ezagutza bizitzea. Eta hori dena, bizipenak eta diziplinartekotasuna ardatz gisa edukita.

Helburu hori lortzeko, Kutxa Fundazioan hainbat proiektu baliatzen ditugu eta ertz ezberdinetatik sustatzen ditugu jakin-mina eta pentsamendu kritikoa. Jaialdiarekin, bi kontzeptu horien beharra gizarteratu nahi izan dugu; espazio-denbora batean ahots anitzak bildu nahi izan ditugu, egungo erronkei jakin-mineko jarrera horretatik eta ertz anitzetatik heltzeko asmoarekin.

Miren Karmele Gomez (M.K.G.): Zehaztu, jakin-minaz ari garenean, ez dugula hitz egiten “uau” une konkretu bati buruz. “Uau” batetik abiatu gaitezke, baina, gero, galderak kateatuz eragiten zaio pentsamenduari. Pentsamendu kritikoa astintzeko tresna gisa kokatzen dugu jakingura. 

Zein helburu zehatz ditu hortaz jaialdiak?

G.E.: Helburu nagusia izango litzateke jakin-mina bizitzako jarrera gisa hauspotzea, eta pertsonek galderak egitea inguratzen gaituen mundua zalantzan jartzeko. Zergatik? Eraldaketarako jakin-minezko jarrera izatea funtsezkoa delako. Horregatik, jaialdia pentsamendu kritikorako akuilu bat izatea nahi dugu, eta horretarako perspektiba ezberdinak uztartuko ditugu. Perspektibak izan daitezke ekonomikoak, filosofikoak, aktibistak, hezkuntzakoak, zientifikoak, zinematografikoak, kazetaritzakoak… 

M.K.G.: Jakingura plazara ateratzeko gunea da. Kontzentrazioaren aldeko apustua egin dugu: ahots anitzen bitartez, bai lurraldekoak, bai hain hurbilekoak ez direnak elkartuta, agian norberak bere buruari inoiz egin ez dizkion galderak egin ahalko dizkio. Ez gara bakarrak hitzaldi anitzak prestatzen ditugunak, baina garaian-garaiko testuinguruari beste modu batean heldu nahi izan diogu.

Gomez: "Txikientzako naturala den hori har dezagun horren txikiak ez garenok; batzuetan galderak egiteko umeen modu horretan badago esploraziorako bide ugari"

Zerrekin egingo du topo jaialdira jotzen duen parte hartzaileak?

G.E.: Galdera, pentsamendu eta hausnarketa berrien bideak zabaltzeko aukerekin. Kontuan hartu behar da jakin-mina ez dela berbera pertsona guztietan, ez eta pertsona berarengan une oro ere. Hau da, segun eta zein une bizi dugun, modu ezberdin batean bizi dugu jakin-mina bera. Anitzak gara, baita geu ere, geure bizitzan bertan. Aniztasunak, jaialdiko ahots anitzek, ezagutzak zabaltzeko aukera eskainiko dute. 

M.K.G.: Adibide bat jartzearren, César Bona edukiko dugu gure artean, hezkuntza erreferente bat. Jaialdira hezkuntzatik hurbiltzen den pertsonak segur aski ezagutuko du, eta aukera izango du hurbiletik entzuteko, baita gainerako beste ahotsekin nolabaiteko dantza horretan nola aritzen den ikusteko ere; baina, beharbada, hezkuntza mundutik ez datorren beste batek esango du “begira, nik ikuspuntu hau existitzen zenik ere ez nekien”. Ezagutza zabaltzeaz gain, galdera berriak sortuko dira. 

Gainera, ahotsen aniztasunaz gain, formatu aberastasuna izango dugu. Publiko anitza dugu jomugan. Niretzat podcasta entzutera joatea erakargarriagoa izango da, beste batzuentzat hitzaldiak nahiago izango dituzte, eta izango dira tailerrak baita mahai inguruak ere. Oso menu anitza izango da; bazkariekin bezala, proba dezagun agian hartuko ez genukeen formatua, ze agian sorpresaren bat aurki dezakegu bidean. 

G.E.: Aipatu nahiko nuke performance bat ere egingo dela, baita musika emanaldiak ere, den-dena jakin-minari loturik. Artaziakek gidatuko du "Jakin-mina esperimentatzen" tailerra, eta hitzaldietan, César Bonarekin batera, Remedios Zafra eta Rocio Vidal (‘La Gata de Shrödinger’) ere izango ditugu. Kepa Errastiren bakarrizketa entzuteko aukera izango da, eta mahai-inguru batean solasean arituko dira Niko Cuenca, Aitor Arregi, Garbiñe Manterola eta June Fernandez.

Beste izen batzuk aipatzearren, Beasainen Iñigo Aranburu, Gerriko Kultur Elkartea, Maialen Olano eta Biziola Kooperatiba izango dira; eta Bergaran, berriz, Oihana Arana, Ana Galarraga, Mikel Rotaetxe, Ander Mujika eta Maddi Iñarra. Abeslari gisa, lehenengoan Eider Saez izango da, eta bigarrenean Amorante. 

Argazkia: Gorka Rubio/Foku
Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Hiru topagunetan banatu duzue programazioa.

G.E.: Bai. Lehena, ekainaren 5ean izango da, Beasainen, Igartzako monumentu multzoan. Bigarrena, ekainaren 12an, Bergaran, Laboratorium museoan. Hirugarrena, aldiz, ekainaren 19an, Donostiako Tabakaleran. 

Toki bakoitzean tokiko parte-hartzaile asko, ezta?

G.E.: Hori da pixka bat bilatu duguna. Handik eta hemendik hartutako ahots ezberdinak bildu nahi izan ditugu, eta horregatik bereziki Beasainen eta Bergaran tokikoetan zentratu gara. Hala ere, Donostian ere badago handik —kanpotik— etorritako jendea, baina bertakoak ere badaude. 

Etxezarreta: "Zein aberasgarria den diziplinartekotasun horretan zeure diziplinara soilik ez mugatzea..."

Jomugan orotariko publikoa duzue. Zer dela-eta?

M.K.G.: Badirudi jakingurari buruz hitz egitean beti gogoratzen ditugula haurrak… Adinean aurrera joan ahala, apaldu egiten ote zaigu jakin-mina? Edo ez ote dugu horrenbeste erabiltzen? Txikientzako naturala den hori har dezagun horren txikiak ez garenok; batzuetan galderak egiteko umeen modu horretan badago esploraziorako bide ugari.

Horixe da jaialdian parte hartuko duten erreferenteen bidez lortu nahi duguna, bide berriak zabaltzea, ez soilik hitz egitea. Esaterako, La Gata de Shrödingerrek esango duena baliatu dezakegu galdera berriak astintzeko. Jarrera pizteaz harago, jarrera hedatzea nahi dugu.

G.E.: Hori esatera nindoan. Jarrera piztea ez da piztea bakarrik, baizik eta bizirik mantentzea. 

M.K.G.: Jarrera piztea da “uau” bat, baina beharrezkoa da jarrera hori mantentzea, jakin-minak ezagutza sortzeko, ezbaian jartzeko, eta prozesu sakonagoak egiteko. Gainera, informazioz lepo gauden une honetan, non denok gauden pantailak zabaldu eta irentsi, irentsi, irentsi… agian bada momentua gelditu eta geure buruari galdera sinpleak egiten hasteko. 

Beraz, zuentzat gakoa da jakin-minezko jarrera denboran zehar mantentzea.

G.E.: Bai. Jaialdian nolabait hori jarriko dugu lehen lerroan. Hala ere, niri gustatzen zait azpimarratzea jarrera hori piztuta mantentzea eguneroko gauza dela, ez dela egun batean lortzen den gauza bat. Kutxa Fundazioan, hain zuzen ere, proiektu ezberdinetan jorratzen dugu hori: “Eta beste era honetara egingo bagenu?” edo “eta zergatik ez dugu hau…”. Etengabe galdetzea proiektuei buruz, proiektuen helburuei buruz, egiteko moduei buruz…

Argazkia: Gorka Rubio/Foku
Kutxa Fundazioko Gomez eta Etxezarreta, kazetariarekin solasean | Argazkia: Gorka Rubio / Foku

Ezagutzaren kultura sustatu nahi du Kutxa Fundazioak. Zer esan nahi du horrek zehazki?

M.K.G.: Kultura hitza latineko colere hitzetik eratorri da. Lantzea edo zaintzea esan nahi du. Baratzeen gisan: egunero-egunero zaindu behar dira. Gu ezagutzaren kulturaz ari garenean nahi dugu aldarrikatu ezagutzarekiko jarrera zabala, non zaindu egin behar dugun, non kontrastatu egin behar dugun, non ez garen geratzen jasotzen dugun lehendabiziko inpresioarekin. Are gehiago egun bizi dugun testuinguruan. Ez da kasualitatea hain justu jaialdia orain egin izana… beti beharko dugu jakin-mina, baina garai hauetan inoiz baino gehiago…

G.E.: Ezagutzaren kultura da ezagutza lantzea eta zaintzea. Hori esatea gustatzen zaigu.

M.K.G.: Bai, eta errespetutik eta zabaltasunetik onartzea ezagutza desberdinak daudela, bakoitzak bere bideak dituela, baina bide horiek gurutzatzen direnean, bide berri oso interesgarriak ere sortzen ahal direla. Zentzu zabalenean ulertu beharreko adierazpena da. 

G.E.: Hain justu horri buruz jardun dugu lehen, zein aberasgarria den diziplinartekotasun horretan zeure diziplinara soilik ez mugatzea... Teorian ez dagokizun zer edo zertan sormena aplikatuz, gauza aberatsak sor daitezke. Transdiziplinatik. 

Transdiziplina?

M.K.G.: Badago diziplina. Gero multidiziplinan bakoitzak eragiten dio beretik eta gehiago batzen dira. Baina transdiziplinarra da paperak gurutzatzea. Zu nire zapatetan, eta ni zeure zapatetan. Jakingura jaialdian parte hartuko dutenek topo egingo dute formatu eta pertsona desberdinekin, eta momentu horretan bada ere, ateraraziko ditu erosoen dauden diziplina horretatik. 

Jaialdiaz harago, nola sustatzen duzue jakin-mina gizartean?

G.E.: Zeharkakotasunez eta zenbait lan ildoren bitartez. Gure proiektuetako bitartekaritzetan, saioen kontzeptualizazioetan, sorkuntza saioak egitean, gauzak prestatu behar ditugunean… galderak egiten dizkiogu geure buruari, elkarri; elkarrizketak eta ikuspuntu aldaketak ere baliatzen ditugu. Errealistak izanda, batzuetan neurri handiagoan eta besteetan neurri txikiagoan, baina beti saiatzen gara. 

M.K.G.: Galderaren erantzun posiblea izan liteke “jakin-minari buruzko tailerrak egiten ditugu”, eta hori etortzear dago, baina orain erronka politak ditugu programazioan. Azpimarratzekoa dena da guk jakingura geure buruari aplikatzen diogula, talde guztiak saiatzen direla hori egiten. Horrek zer ematen du emaitza bezala? Jakin-mina astintzea pentsamenduari ekiteko eta pentsamendu kritikoa dantzan jartzeko. Bestalde, adibidez Jakinmin elkartekoekin berariaz jakin-minari buruzko saioak egin izan ditugu.

Gomez: "Galdera interesgarriak aurkitu ahal ditugu egunerokoak diren gauzetan, pixka bat diferente begiratuz gero"

Adibide praktiko konkreturik aipatuko zenukete?

M.K.G.: Mediazio jarduerak, adibidez. Mediazioa izaten da, esaterako, erakusketa bat interpretatzen eta ulertzen laguntzeko zubia egitea. Aurkezten dugunaren eta bisitarien artean zubi lana egitea. Ez da soilik datuak ematea eta “hori gertatu zen, garai horretan, horrengatik” azaltzea, baizik eta “hau zergatik gertatu zen horrela?” galdera pizgarriak egitea. Horrela inplikazioa lortzen da, pentsamendua aktibatzen da eta naturalki galderak hasten dira. 

G.E.: Beste adibide bat. Gipuzkoako berrogei eskola baina gehiagori laguntzen ari gara baso eskola izeneko hezkuntza eredu berri bat txertatzen. Hori zer da? Bada, naturarekiko birkonexiotik, haur txikiak geletatik irten eta naturan bertan beraien garapen kognitiboa bultzatzea. Natura bera bihurtzen da tresna pedagogiko, naturak berak eskaintzen ditu jakin-min jarrera sustatzeko tresnak. Beste proiektu baten bitartez hilean behin naturgune desberdinetara irteera tematikoak antolatzen ditugu naturazaletasuna duten gaztetxoen artean. Zaletasun hori azkenean jakin-minaren jarrera horretan datza, bada goazen horretan sakontzera, ezta? 

M.K.G.: Arte plastikoen erakusketekin ere berdin. Gakoa ez da artelanak erakustea, baizik eta artelan horien atzean artistak egin duen prozesu osoa, ikerketak, bilaketak, probak… hori dena kontatzea. Eta baratze parke sarea ere badugu udaletxeekin elkarlanean: baratze zaintzan aisi gisa aritzeko horretatik abiatuta, herritarrentzako baratze parkeak ditugu, alokatu daitezkeen partzelekin. Baratze zaintza ekologikoa, kudeaketa kolektiboa, konpostatzea… denetarik lantzen da. Horrelako proiektuen bitartez galderak sustatzen ditugu: dendara zoaz eta tomateak ikusi dituzu, eta lehen aldiz pentsatzen duzu “nik baratzean ez ditut tomateak… nolatan daude sasoi honetan tomate hauek hemen? Nondik datoz?”.

Etxezarreta: "Niri Norak —komunikazio arduradunak— beti esaten dit “hau minutu batean esan behar dugu, ze bestela jendeak alde egiten du!” (barrez). Agian horrek ematen digu jakin-mina gutxitu denaren sentsazioa?"

Sare sozialen eta informazio bonbardaketaren garaian, jakin-mina mantentzea gero eta zailagoa da?

M.K.G.: Jakin-mina elikatzea, nire ustez, arretarekin oso erlazionatuta dago. Sare sozialak eta pantailak saiatzen dira gure arreta bereganatzen, eta aurrean duguna "irensten badugu" galderarik eragin gabe, jakiteko nahia apaltzen da, anestesiatzen da. Hortaz, inguruan duguna modu diferente batean hautematen saiatzen bagara, galderak eragin ditzakegu eta nolabait, jakin-mina mantendu dezakegu. 

Hori lotuko nuke beste adibide batekin. Kutxa Fundazioan dirulaguntzekin esperientzia handia daukagu, eta ez dadila dudarik egon, elkarte bati dirulaguntza ematea eurek euren proiektua gauza dezaten beti izango da aberasgarria. Baina zer gertatzen da bi elkarte edo gehiago erronka baten inguruan jartzen baldin baditugu elkarrekin pentsatzen? Hortik tiraka dirulaguntza berri batzuei ekin genien, dirulaguntzak emateko modu tradizionaletik alde eginez. Sortu diren aliantza kualitatiboak, harremanak, elkar ezagutzeko aukerak… oso aberasgarriak izan dira. 

G.E.: Dirulaguntza horietan bereziki bi erronka potolori erantzuna emateko ekarpenak nahi ditugu: bidezko trantsizio ekologikoa bizkortzea eta Gipuzkoan desberdintasunak murriztea. Oso erronka potoloak dira, eta horregatik nolabait dirulaguntza horietara aurkezten direnak atera egin nahi ditugu erosotasunetik, euren buruari galderak egiteko. Gai horiei ahots aniztasunetik eta diziplinartekotasunetik heldu behar zaie, eta horretarako, beharbada, guztiz bestelako jarduera egiten duen beste norbaitekin elkartu behar gara. Bi proiektu elkartuz, edo hiru, edo lau… proiektu sorta eginez erronka potoloei erantzun holistikoa eman ahalko zaie. 

Argazkia:
Kutxa Fundazioko Miren Karmele Gomez eta Garbiñe Etxezarreta | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Uste duzue gizartean jakin-mina orokorrean gutxitzen ari dela?

G.E.: Nik ez nuke hori kategorikoki esango. Beti esaten dut: gu ez gara akademia. Guk dakiguna gure ezagutza egitetik dator, ekitetik. Jakin-mina galtzen ari da? Nik ez nuke esango; hori esatea gehiegi da. Hori bai, beharbada formak aldatu dira, eta bai esango nuke atentzioa mantentzea dela zailagoa. Interesak badauzkagu, baina interesatzen zaigun horri buruz zenbat denboran aritu… denborak murriztu dira. Sare sozialetan ikus dezakegu, ezta? Niri Norak —komunikazio arduradunak— beti esaten dit “hau minutu batean esan behar dugu, ze bestela jendeak alde egiten du!” (barrez). Agian horrek ematen digu jakin-mina gutxitu denaren sentsazioa?

M.K.G.: Nik hasierako ideia batekin lotuko dut erantzuna. Jakingura zer den denok dakigu boteprontoan, baina solasean jartzen bagara abagune handia zabaltzen da. Behin jakin-minaren inguruko filosofia saio batzuetan aritu ginen, eta soilik hitz horrekin dimentsio asko atera ziren. Honekin esan nahi dudana da jakin-mina ezin dugula balore absolutua balitz bezala hartu. Dena ez da zuri edo beltz.

Jakin-minak bi aldaera ditu. Batek eramaten zaitu “uau” azkar batera; sare sozialak horixe dira, “uau, uau, uau”. Baina “uau” horri ez baldin badiozu heltzen, ba jakin-min horrek guri ez digu hainbeste balio, ez delako pentsamendu kritiko eta ikasketa esanguratsu bihurtzen. Guk nahiago dugu esploraziorantz eramaten zaituen jakin-min hori.