Euskaldunok ba al dakigu janzten?

Azken urtetan gora egin du personal shopper edo aholkulari pertsonalen zerbitzuen erabilerak

personal shopper maria uranga personal shopper maria uranga

Aspaldi honetan asko zabaldu da personal shopper edo erosketa aholkulari pertsonalen formula. Lan hori New Yorken sortu zen, eta helburua zen agenda estua zuten pertsonei laguntzea, haietako batzuek erosketak egiteko denborarik ez zutela ikusita. Gaur egun, mendebaldeko hiri nagusietara zabaldu da. Hasieran, bezeroak, oro har, egoera ekonomiko erosoa zuten pertsonak izaten ziren, moda edo ikuskizunen mundukoak batik bat, erosketak egiteko astirik ez zutenak. Baina garaiak aldatu egin dira. Baita bezeroak, eta shopper langileak ere.

Baina, zer da benetan arropa aholkulari pertsonal bat? Ohikoa da pentsatzea besterik gabe arropa erosketak egiten laguntzen digun gustu oneko pertsona bat dela. Hori ere bada, noski, baina ez hori bakarrik. Shopper langileen lana askoz ere zabalagoa da, baita haien gaitasunak ere. Aholkularitza ematen dute bezeroek produktuak eros ditzaten. Besteak beste, markei, ehundurei, formei eta arropa-motei buruzko gomendioak egiten dituzte. Shopper langile on bat aukeratzeko, funtsezkoa omen da pertsona enpatikoa, karismatikoa, eraman handikoa eta gauzak esateko abilezia izatea. baita gustu ona edukitzea, eta modaren, gizartearen eta kulturaren joera guztien inguruko ezagutza eguneratua izatea ere. Eta formakuntza asko.

Apainak eta pinpirinak

Maria Uranga bilbotarra bere amaren eskutik hasi zen kosmetikaren munduan murgiltzen, Chanel, Elizabeth Arden edo Shiseido markentzat lanean. Goizez ikasi eta arratsaldetan lanean aritzen zen, eta behin ikasketak amaituta, Gucci etxearentzat aritu zen, egun osoz. Txikitatik ikusi zuen bere pasioa modaren mundua zela, eta horri ekin zion. 2015. urtean Zazpi Kaleetan bere izena daraman lehen irudi kabinetea inauguratu zuen. Egun bost langileko lantaldea gidatzen du eta jatorri eta mota askotariko bezeroak dituzte.

Maria Uranga: “Euskaldunak oro har, apainak, pinpirinak gara. Euskal Herrian kultura handia dugu janztean"

Nola gabiltza euskaldunok moda kontuetan? “Ondo janztea gustatzen zaigu, besteen aurrean dotore agertzea”, esan du Urangak. “Oro har, apainak, pinpirinak gara. Euskal Herrian kultura handia dugu janztean”, gaineratu du. Urangaren kabinetera aholkularitza eske inguratzen diren bezero gehienbat emakumeak izaten direla aipatu du, baina gizonen kopurua igotzen ari omen da azken urtetan.

Askok hala uste badute ere, Urangak azpimarratzen du aholkularitza zerbitzuak ez duela zertan garestia izan. “Azkenean denbora eta dirua aurrezten dituen zerbitzua da. Lortzen dugun onura handienetako bat da. Nola erosi eta zer erosi adieraziz gero kostuak murriztu egiten dira, eta erostea merezi duen jantzi edo objektuen gaineko baliabide ekonomikoak optimizatu egiten dira”, kontatu du.

Urangak irudia eta modaren inguruko mundu honetan formaziorik gabeko jende mordoa dabilela salatu nahi du, eta tentuz ibili behar dela norengana jotzen den aholku eske: “ezinbestekoa da ikasiz, eta lanbidea eta bezeroa ezagutuz eta errespetatuz trebatzea eta egitea lana. Agian gogorra da hala esatea, baina intrusismo handia ikusten dut gure negozio alorrean, eta batzuetan haserretu egiten naiz, mesede eskasa egiten diolako”.

Barrutik kanpora

Beatriz Armendariz berrobitarrak ere irudiaren mundua du pasio. “2012an Irudi Aholkularitzako ikasketak bukatu nituen. 2016ean arropa denda ezohiko bat jarri nuen Donostiako Antigua auzoan: Keala. Bertan, aldez aurreko hitzordu bidez, hurbiltzen ziren bezeroei arropa saldu ez ezik, aholkuak eta tipak ere ematen nizkien arropa erosterako garaian, eta halaxe izan da orduz geroztik”.

Baina ikuspuntua oso bestelakoa du Armendarizek. Bere ustez, barrua zaintzea ezinbestekoa da kanpoalde atsegina eta dotorea nahi badugu; bata bestea gabe, ez da deus. Armendarizek ez ditu modak eta etiketak batere gustuko. Ez du modarik jarraitzen, ez ditu joerak ezagutzen. Inposatutako guztiak izugarrizko ezinikusia sortarazten dio. “Gaur egun gertatzen ari den larriena, zera da, gizabanakoak, bere pertsonalitate, izaera eta esentziaren gainetik, eta artaldeko kide izateagatik, modak, enpresa erraldoiek eta inguruan muntatutako zenbait negoziok halako eragile guztiek inposatutako bidea jarraitzen duela. Jendeak ez daki janzten. Kopia hutsak gara, originaltasunetik urrun”.

Beatriz Armendariz: “Gizabanakoak artaldeko kide izateagatik, modak, enpresa erraldoiek eta inguruan muntatutako zenbait negoziok halako eragile guztiek inposatutako bidea jarraitzen du”

Honen aurrean, Armendarizek bere bezeroen egoera emozionala lantzea ezinbestekoa zela ikusi zuen. “Bere buruarekiko segurtasun eza sentitzen duten pertsonekin egiten dut lan, baina zerbitzua irudi hutsaz haratago eskaintzen dut, hau da, barrutik kanporako lana egiten laguntzen diet bezeroei. Ahalduntzea, segurtasuna, norberaren buruaren zaintzarekin zerikusia duten prozesuetan barneratzen da bezeroa. Horretarako, coaching-eko nire azken formazioko teknikatan eta prozesuetan murgiltzen saiatzen naiz bezeroa”, adierazi du.

Aholkularitza zerbitzua online

Azken bi urteetan, asko bizkortu da online merkataritza, pandemiaren ondorioz. Alde horretatik, %100 digitalak diren enpresek hazkunde eremu handia dute. Bilboko Lookiero online plataformak gaur egun 550 langile ditu taldean, eta 2022an zehar zuzeneko eta zeharkako enpleguen artean 850 izatea aurreikusten du. Bere fakturazioaren %90a Euskal Herritik kanpo dator: bederatzi merkatutan ari da (Espainian, Frantzian, Erresuma Batuan, Italian, Alemanian, Austrian, Belgikan, Portugalen eta Luxenburgon), eta aurtengo bigarren seihilekoan Herbeherean hasiko direla berretsi diote EnpresaBIDEAri. Munduko txoko guztietako 3 milioi emakumeri aholkularitza pertsonala eskaintzen diete. “Gure premisa erosketa-esperientzia erraza, dibertigarria eta %100 pertsonalizatua egitea da beti. Lookierorekin, bidalketak eta itzulketak doakoak dira. Bezeroak bere personal shopper-en bost jantzi hartzen ditu, etxean eroso probatu, eta ez du ezer ordaintzen zein jantzi erosiko duen erabaki arte”, diote konpainiatik.

Lookiero: “Bezeroak bere personal shopper-en bost jantzi hartzen ditu, etxean eroso probatu, eta ez du ezer ordaintzen zein jantzi erosiko duen erabaki arte”

Irudia, moda, arropa, estiloa. Mundu horren inguruan bizitzeko eta negozio ereduak sortzeko hainbat modu dira gure artean. Euskaldunoi ongi janztea gustatzen zaigu, estiloa ba omen dugu, eta gure irudia hobetzeko ordaintzeko prest gaudela ikusirik, etorkizunari begira sektore honek gurean bizirik irauteko aukerak dituela aurreikus daiteke.

Oraindik ez badakizu, kontutan izan armairua atontzerakoan: 2022ko kolorea very pery omen da, urdin argia eta izpiliku kolorearen artekoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK