Garbiñe Ubeda: “Kulturari ez zaio funtzio inportanterik aitortzen"

Liburuaren sektorea indartzeko beharra azpimarratu du idazleak

Garbiñe Ubeda  | Argazkia (Utzitakoa) Garbiñe Ubeda | Argazkia (Utzitakoa)

Bolada luzea darama liburuaren sektoreak, eta euskal kulturak orokorrean, egoera zaurgarrian. Krisi eta oztopo ugari gainditu behar izan dira hastapenetatik, baina digitalizazioak eratorritako globalizazioak, ohitura kontsumo aldaketek eta azken urtetako gertakizunek are gehiago sakondu dute zulo beltza. Gaiaren inguruan hausnarketa egiteko asmoz, EnpresaBIDEAk Garbiñe Ubeda idazle, kazetari eta diseinatzailearengana jo du, eta harekin solasean aritu da, besteak beste, bere esperientzia pertsonalaz, euskal kulturaren balioez, beste industria arloek baduten eta kulturak oraindik lortu ez duen tratamenduaz, eta liburugintzaren alorreko profesionalen egoeraz.

Ikasketak amaitu aurretik hasi zinen lanean. Nolatan?

Sei senide ginen eta ni zaharrenetakoa. Unibertsitatera joateko garaia iritsi zitzaidanean 1980ko hamarkadako krisi betean ginen eta gure aitaren fabrikak ere hondoa jo zuen. Babarrunak eltzetik atera behar nituen eta gainera etxean lagundu.

Bestalde, euskararen alde aritzeko premia sentitzen nuen. AEKn hasi nintzen lehendabizi, eta handik gutxira Argian. Batean zein bestean, lana erruz egin behar eta sosik ez apenas. Azkenean ikasketak utzi behar.

Urteen distantzian, eraginik izan al duela esango al zenuke?

Halako min etsi bat sentitzen dut garai hartaz pentsatzen dudan bakoitzean. Esperientzia handia metatu dut lanari hain goiz heltzeari esker, eta bide batez, titulazio ofizialetan islatzerik ez dagoen ezagutza hainbat arlotan, besteak beste diseinuan eta idazkuntzan. Tamalez, esperientzia eta ezagutza hutsaren hurrengo dira titulitis gaitzak jota gauden honetan. Are gehiago, 50 urtetik gorako emakumeen kasuan.

Orain ikasketei berriz heltzea ere zaila nuke, unibertsitatera bidean diren bi alabaren ama naiz eta nire kabuz egiten dut lan, euskal kulturaren esparru prekarioan. Nondik aterako dut denbora? Nire ibilbidean egin ditudan kontaktuei esker ez balitz, ez nuke atarramendu onik izango.

“Gure sistema propioa indartu behar dugu nahitaez, produkzioa batuko duen erakusleihoa sortu eta hura sustatu, zabaltzeko bide alternatiboak bilatu, prestigioa eta garrantzia eman"

Nola ikusten duzu liburugintzaren sektorea bizi ditugun garai korapilatsu eta aldakor hauetan?

Oso larri. Liburugintza eboluzionatzen ari da, eta abiadura bizian doa, audio-liburuak, plataformak, salmenta gune digitalak eta abar sortu dira batetik, eta bestetik herrietako betiko liburu dendak desagertzen ari dira. Orain supermerkatu kate handietan saltzen dira liburuak, eta horrekin dena esanda dago.

Ur handi horietan ez da euskal literaturarik ageri, intxaur azal bat besterik ez gara ozeanoaren erdian. Izatekotan egileren bat edo beste ageri liteke, baina solte, atzean kultura propiorik ez balego bezala edo gurea beste hegemoniko baten menpeko balitz bezala. Gure sistema propioa indartu behar dugu nahitaez, produkzioa batuko duen erakusleihoa sortu eta hura sustatu, zabaltzeko bide alternatiboak bilatu, prestigioa eta garrantzia eman, baina gure modura eta konplexurik gabe. Ez du zertan besteek egiten dutenaren kopia izan.

Joxemari Sorsek, elkar Fundazioko lehendakariak, egunotan esan du liburuaren sektoreak bizi duen arazoetako bat dela ez dela industria moduan hartzen, bigarren mailako tratamendua ematen zaiola alegia. Aipatu du industria ezin dela kulturatik bakarrik garatu. Nola egin dezake beste industria arloetako tratamendu bera lortzeko?

Hasteko, kulturan ematen diren sos apurrak beti dira dirulaguntza, alegia, gastu; inoiz ez, demagun, inbertsio. Kulturari ez zaio funtzio inportanterik aitortzen, ez ekonomikorik, ez laboralik, ez garatzailerik, nahiz eta kulturak diru-kopuruak mugitzen dituen eta horretan jende asko ari den lanean. Hortxe dago lehen tranpa.

Kulturaren balioa sinbolikoa besterik ez da. Funtsezko funtziorik aitortzen ez zaionez, beti dago kolokan, beti koiunturaren menpe, beti behin-behineko baldintzetan eta beti bigarren mailako ligan. Lan munduari lotzen ez denez, ez dago sindikatzerik, ez dago indar egiteko giharra sortzerik. Ezina eta prekarietatea ikusezin bihurtzen ditu horrek. Hortxe tranparen tranpa.

Tratamendu egokia lortzeko, hasteko eta behin, aintzat hartu behar dira bere balioak. Kultura ez da aisialdi hutsa. Baina industria hutsa ere ezingo luke izan. Kulturaren baliorik handiena eta era berean gutxietsiena balio identitarioa da, eta horrek aparteko trataera ere eskatzen du. Estatu batzuek, Frantziak, esaterako, kuotak ezartzen dituzte identitatea eta hizkuntza babesteko.

Instituzioetan euskara eta kultura bereizi egiten dira, bi arlo dira. Hizkuntza hegemonikoaren ikuspegitik egina dago hori. Euskara laguntzen ari gareneko inpresioa eman lezake horrek, baina kontrakoa da. Zer da euskara kulturarik gabe? Eta zer da euskal kultura euskararik gabe? Ezin dira bereizi. Horrek, kulturaren kasuan, euskal produkzioa eta erdal produkzioa maila berean jartzen ditu, berdintasun faltsuan lehiatu beharrean.

Oso toki surrealistara eraman gaitu horrek. Joan zaitez supermerkatura eta erreparatu liburu apalategiei. Liburuak sailkatzeko sistema euskaraz dago toki askotan (haur literatura, eleberriak, autoreak alfabetikoki…), baina sailetan aurkituko dituzun liburuen artetik bakar bat ere ez dago euskaraz. Euskarazkoak txoko batera kondenatzen dira, “de aquí” etiketa jartzen zaie, edo ikurrina, eta kito. Denak zaku berean, sailkapenik ere gabe. Euskararen legeak kultura hartu beharko luke barruan, eta ezin bada, euskal kulturaren legea sortu beharko da.

“Lehen hain garbi bereizten ziren jardunak (idazle, itzultzaile, bertsolari, ilustratzaile, kazetari…) enbor berera etortzen ari dira orain”.

2018ko martxotik 2022ko martxora Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria izan zara. Zer ikasi duzu tarte horretan? Zer eman dizu esperientziak?

Bakarka ez goazela inora. Euskaraz ari garenok elkartu beharra daukagula. Horixe ikasi dut. Lehen hain garbi bereizten ziren jardunak (idazle, itzultzaile, bertsolari, ilustratzaile, kazetari…) enbor berera etortzen ari dira orain, eta sortzaile asko dira era berean kazetari, idazle, itzultzaile, bertsolari, baita ilustratzaile ere. Denak bateratuko dituen elkartea behar dugu. Espezializazio bakoitzeko sortutako elkarteak batera joateko gauza balira, indar handiagoa egingo litzateke.

Gomendatuko al zeniguke zure gustuko irakurgai pare bat uda honetarako?

Euskaraz idatzita dagoen edozein izan liteke, baina hona hemen bi: Sasi artean Elgeta eta Kobane Calling (Farmazia Beltza) komikiak, eta Lumineszenteak (Farmazia Beltza).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK