Gimnasio eta kiroldegietara itzulera

Inskripzio kopuruan hazkundea izan ohi dute Euskal Herriko gimnasioek urte berriaren hastapenetan, kirola egitea izaten baita urte berriko asmoen zerrendan tokia hartzen duen helburu horietako bat. Baina zein aukera dira?

FNEIDen arabera, urteko inskripzioen %10,3 izaten dira urtarrilean | Argazkia: iStock FNEIDen arabera, urteko inskripzioen %10,3 izaten dira urtarrilean | Argazkia: iStock

Urte hasierarekin batera, gabon jaietako bazkari eta afariak bukatuta, bizitza osasuntsuago bat eramateko grinak inoiz baino handiagoa baitirudi garai horretan. Kirol gehiago egitea izaten da askoren nahia, baina ez beti aire librean, eta horren isla dira gimnasio eta kiroldegietako izen-emateetako zifra altuak.

Espainiako kirol instalakuntzetako patronatuaren (FNEID) arabera, urteko inskripzioen %10,3 izaten dira urtarrilean. Baina gorakada handiena duten hilabeteak iraila eta urria izaten dira. Uda bukatuta, lanera edota ikasgeletara bueltatzeak dakarren errutinarekin batera heltzen da izen emateen benetako hazkundea. Bestalde, urte hasieratik apirilera arte, izen emandako %14k bakarrik ematen du baja gimnasioetan FNEIDen arabera.

Udal-kiroldegien zifrak

Kirol zerbitzuek urte osorako kuota berriak eta eskaintza bereziak egiten dituzte. Donostia Kirolakek antolatutako ikastaroetan, esaterako, inoiz baino partaide gehiago izango dira aurten. Lehengo urtearekin alderatuz, %16 igo da parte hartze kopurua, eta pandemia aurreko ikastaroetan baino jende gehiago hasiko da 2023ko kurtsoetan. Oraingoz, 6.800 pertsonak eman dute izena, gehiengoa emakumeak izanik (%70). Bestalde, Donostiako kirol zerbitzuetara sartzeko 2023ko kirol txartela eskuratzeko epea zabalik da jada. 2019an, ia 50.000 donostiarrek erabiltzen zuten kirol txartela, baina pandemia dela eta hurrengo urteetan beherazko joera izan zuen bazkide kopuruak. Iaz ordea, oso harrera ona izan zuen txartelak, hileko abonuak batez ere, modalitate honetako 16.000 abonu baina gehiago egin baitziren urte osoan zehar. Donostian ez ezik, kirol txartela Gipuzkoako beste udalerritako kirol zerbitzuetan ere sartzeko erabili daiteke.

Oraingoz, 6.800 pertsonek eman dute izena Donostia Kirolak antolatutako ikastaroetan, gehiengoa emakumeak izanik (%70)

Bilboko udalak ere Bilbao Kirolaken bitartez, 2022-2023 denboraldirako kirol eskaintza zabala eman du argitara. Hiriko kirol instalakuntzetan 854 ikastaro eskainiko dituzte, eta guztira 13.300 plaza daude eskuragarri. 71 kirol diziplinaz gozatzeko aukera izango dute Bilbotarrek, hala nola, Krossingfit, Weight-Training, PRAMA, igeriketa ikastaroak edota tenis eta padelekoak ere bai. Ikastaroez gain, 11 fitness areto eskuragarri izango dira nahi duenarentzat. Halaber, Gasteizen 250 kirol instalazio baino gehiago dituzte hiritarrek eskuragarri, eta udalak 1.000 kirol ikastaro zein jarduera biltzen dituen katalogoa eskaintzen die hiritarrei.

Hilero 25-100 euro bitarte

Izena ematerako garaian, tarifei erreparatzea egokitzen da. Udaletako kirol zerbitzuek prezio publikoak dituzte eta modalitate desberdinak eskaintzen dituzte, hala nola gazte, heldu, adingabe edo familientzat tarifa bereiztuak. Bestelako gimnasioetan ohikoena hileko, hiruhileko, seihileko edota urteko kuotak eskaintzea izaten da. Hileko kuota merkeenak normalean 35 eurokoak izan ohi dira. Altafit gimnasioak, esaterako, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean ditu instalakuntzak, eta 34,90 euroko hileko kuota eskaintzen du; seihilekoa berriz, 179,40 eurokoa da.

Gimnasioa eta kirol zerbitzu asko dira urte berriarekin batera izena emateko eskaintza bereziak egiten dituztenak. Sparta Sport Center gimnasioa da horren adibide, Euskal Herriko zenbait tokitan aurki daitezke euren instalakuntzak, hala nola Irunen, Tuteran edo Iruñean eta 29,90 euroko hileko kuotako eskaintza dute egun. Era berean, Donostiako Hegalak kirol zentroak hainbat harpidetza mota eskaintzen ditu, hileko 64 euro oinarrizko abonutik 95 euroko premium abonu bateraino, bezero bakoitzaren neurrira eta beharretara egokituta.

Donostiako Hegalak kirol zentroak hainbat harpidetza mota eskaintzen ditu, hileko 64euro oinarrizko abonutik 95 euroko premium abonu bateraino

Dena den, badira zerbitzu anitzagoak eskaintzen dituztelarik, kuota altuagoak dituzten hainbat gimnasio. Metropolitanen, besteak beste, non fitness aretoa, kanpo zein barneko igerilekuak eta Spa duen, hileko kuota 100 euro ingurukoa da eta seihilekokoa 552 eurokoa. Donostian 20.000 m2ko instalazioa dute eta Bilbon beste bi. Up&You gimnasioa bezalaxe, Bizkaiko hiriburuan kokatua, 90 euroko hileko kuota du 40 urtetik gorakoentzat. Gazteagoentzat 80 eta 70 euroko tarifak dituzte. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK