• LAN ETA BIZI
  • Iker Iribarren: "Agian ezingo naiz edukia sortzeaz bizi, baina ahalik eta gehien aprobetxatuko dut"

Iker Iribarren: "Agian ezingo naiz edukia sortzeaz bizi, baina ahalik eta gehien aprobetxatuko dut"

Egiako tabernako lanetik sareetako arrakastara igarota, eduki-sortzaileak naturaltasunaren formula, kaleko hizkera eta esposizio publikoaren argi-itzalak aztertu ditu

Argazkia: Inaxio Esnaola / Irutxuloko Hitza (utzitakoa)
Argazkia: Inaxio Esnaola / Irutxuloko Hitza (utzitakoa)
image0(1)
Kazetaria
2026ko abuztuaren 13a - 05:30

Euskaldunon ohiturak, gastronomia eta kaleko hizkera umorez eta naturaltasun osoz kontatzeagatik egin da ezagun Iker Iribarren. Donostiako Egia auzoko taberna batean urtebetez lanean aritu ostean, ostalaritzako errealitatea gertutik ezagutzen du; sareetan, berriz, eguneroko eszenak eta hizkuntzaren erabilera espontaneoa bihurtu ditu bere ezaugarri nagusi. Elkarrizketa honetan, arrakastaren atzean dagoen lanaz, euskaraz sortzearen presioaz, esposizio publikoaz eta etorkizunari begira irekitzen zaizkion aukerez hitz egin du.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Nola definitzen duzu zure estiloa, eta zergatik uste duzu hainbeste jenderekin konektatu duzula, baita euskara ikasten ari direnekin ere?

Nire estiloa bideoetan naturaltasuna transmititzea da. Egunerokotasunean naizen bezalakoa izaten saiatzen naiz. Euskaldun berriekin edo euskara ikasten ari den jendearekin ondo konektatzen dute bideoek, nahi gabe hezigarri bezala interpreta daitezkeen bideoak egin ditudalako. Kartelen itzulpenen ingurukoek, adibidez, hizkuntza ondo menderatzen ez dutenekin asko konektatzen dute.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Sareetan "euskañola" erabiltzeagatik kritika gogorrak jaso izan dituzu, baina zuk naturaltasunari ematen diozu lehentasuna. Euskara akademikoegia eskatzeak mugatzen al du gazteak sareetan euskaraz sortzera animatzea?

Sareetan hasi naizenetik euskaraz gehiago hitz egiten saiatzen naiz. Nire helburua ez da akademikoa izatea; baizik eta transmititzea batzuetan euskara erdi gaizki baldin badago ere, ez dela ezer gertatzen. Jendea identifikatuago sentitzen da euskara eguneroko testuinguru batean erabiltzen dudanean.

Wazemank, adibidez, euskal programa arrakastatsuenetako bat izan zen, eta ez zuten hizkera perfektua erabiltzen, kalekoa baizik. Agian esaldiak ez zeuden behar bezala eraikita, baina jendearengana iristea lortzen zuten. Egia da euskaraz ahalik eta gehien egiten saiatzen ari naizela, hizkuntza menderatzen dudalako. Euskañolera jotzea, ohituragatik izaten da askotan.

Denbora gutxian anonimoa izatetik ezaguna izatera pasatu zara. Nola kudeatzen duzu jendeak zutaz hitz egitea edo kalean gelditzea?

Sareetan irakurtzen ditudan komentarioak ez zaizkit gehiegi inporta, baina komentario horiek pertsonara salto egiten dutenean gogorragoa egiten zait. Duela pare bat hilabete, lagun batekin garagardo bat edaten ari nintzela, ezezagun batzuek "friki" deitu zidaten. Ez diot garrantzi handirik ematen, baina egoera deserosoa sortzen du. Azken finean, "mobidaren" parte da. Ezin zara horrelako posizio batean egon gauza onak bakarrik entzutea espero baduzu.

Zure bideo askotan Euskal Herriko taberna eta jatetxeetan ikusten zaitugu jaten eta edaten. Jendeak askotan galdetzen du: nork ordaintzen du hori guztia? 

Bideo horiek eman zioten hasiera panorama honi guztiari. Eduki horrekin berriro hasteko asmoa dugu, baina beti gure poltsikotik ordaindu dugu. Ni bakarrik joaten banaiz, nik ordaintzen dut; bestela, laguntzen didatenen artean banatzen dugu kontua. Jatetxea otorduak ematetik bizi da; ez dut gonbidatzerik behar.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

 

Egiako (Donostiako) tabernan lan egin zenuen eta ostalaritza gertutik ezagutzen duzu. Gaur egun, sareetako lan honek autonomo gisa fakturatzera eramaten zaitu, ala beste lan batzuekin bateratzen duzu?

Urtarrilaren amaieran utzi nuen tabernako lana. Goi-mailako ziklo bat egiten ari naiz, eta ikasketen eta bideoen ondorioz sortu zaidan guztiaren artean ez nuen denborarik. Erabakia denboran oinarrituta hartu nuen, ez diruagatik. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan sortu zaizkidan aukera guztiak aprobetxatu ahal izatea.

Egia da azken bi hilabete hauetan ikusi dudala edukia sortzearen ondorioz nire diru-sarrerak handitu egin direla, eta gustatuko litzaidake horrela jarraitu ahal izatea. Oraingoz, ez nago autonomo gisa alta emanda; Jarduera Ekonomikoen bidez fakturatzen dut. Alta eman behar badut, pozik egingo dut, kontua oso ondo doala esan nahiko baitu. Dena dela, astean 12 orduz lan egiten hasiko naiz, ateratzen den guztiarekin osatu ahal izango dudan gutxieneko diru-sarrera bat ziurtatzeko.

Urtarrilean euskal eduki-sortzaileen lehen topaketa egin zen Donostian, eta bertan izan zinen. Horrelako saretzeak ezinbestekoak dira euskal marken babesa lortzeko eta sektorea profesionalki bultzatzeko?

Momentuak topaketa bat egitea eskatzen zuen, eta oso ondo egon zen elkar ezagutu ahal izatea. Egia da sortzaile gehienak gazteagoak direla; horregatik, ez dakit zenbateraino har dezakedan nire burua haien talde bereko kidetzat, adinagatik batez ere. Hala ere, berriro diot oso mugimendu egokia iruditu zitzaidala komunitate hori sortzeko.

Batzuetan adierazi duzu "euskal eduki-sortzaile" etiketa ez zaizula gehiegi gustatzen. Zergatik? Nola definituko zenuke zure burua enpresa edo babesle baten aurrean?

"Euskal eduki-sortzaile" etiketa ez zait gustatzen. Ulertzen dut "euskal" zatia jarri egin behar dela, pertenentzia-sentipen handiagoa sortzen duelako eta garrantzitsua delako hori nabarmentzea. Baina, adibidez, eskoziar eduki-sortzaile batengan pentsatzen dut, eta ez dira "eskoziar sortzaile" bati buruz ari. Eduki-sortzaile bat da, eta kito.

Edonola ere, etiketa bera harrotasunez eramatea kostatu egiten zait. Ez dakit inplikatzen duen guztiagatik den, edo jendeak horri buruz pentsatzen duena ikusi dugulako. Ez nuen inoiz pentsatu sare sozialetan hau egingo nuenik; ezin dut, eta ez dut nahi, egiten dudanaren aurka joan, baina zaila egiten zait asimilatzea. Hala ere, enpresa edo babesleren batekin lan egiteko ezinbestekoa da eduki-sortzaile gisa aurkeztea.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Buelta asko eman dituen pertsona zarela esan izan duzu. Sorkuntza digitala zure bizitzako beste geltoki bat bezala ikusten duzu, ala bide honetatik jarraituko duzula uste duzu?

Ez dakit zer izango den nire bizitzaz, baina honek irekitzen dizkidan ate guztiak aprobetxatu nahi ditut. Oso eskertuta nago ezagutu dudan jendeagatik, bideoak izaten ari diren harreragatik eta hain denbora gutxian dena aldatzen ari delako.

Gazteagoa nintzenean antzerkia egiten nuen, eta asko gustatzen zitzaidan. Uste dut hau izan dela zaletasun horri forma emateko nire modua. Surrealista iruditzen zait zenbat aukera eta esperientzia bizi ditzakedan. Agian ezingo naiz eduki-sorkuntzatik bizi, baina ahalik eta gehien aprobetxatuko dut, eta ahal dudan ondoen egingo dut, ez bakarrik bideoen alorrean, baizik eta horren ondorioz sortzen den guztian ere, sinesgaitza baita.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain