Herritarrek begiratzeari utzi eta galderak egitea; pentsamendu kritikoa piztea: horixe da Kutxa Fundazioak sustatu nahi duena. “Zer leku du jaki-minak informazio eskerga, abiadura handia eta erantzun azkarrak nagusi diren gizartean?” galderari erantzuna eman nahi dio fundazioak, eta horretarako antolatu du, hain zuzen ere, Jakingura Jaialdia.
Fundazioak argi du jakin-minak jakiteko gogoaz harago joan behar duela: galderak egiteko, zalantzak sortzeko, ikuspegi aldaketak eragiteko eta eragileen arteko lotura berriak bultzatzeko tresna gisa erabil daiteke.
Ildo horretatik, “galderak egiteko unea iritsi da” baieztapena oinarri izanik, Jakingura Jaialdia aurkeztu berri du fundazioak. “Betiko erantzunekin konformatzen ez direnentzat” sortu den ekitaldiak helburu izango du parte-hartzaileen pentsamendu kritikoa eta sormena sustatzea, hau da, jakingura piztea. Horretarako, hiru egunetan eta hiru tokitan banatuko den programa zabala antolatu du fundazioak, orotariko hitzaldi, kontzertu eta jarduerekin. Ekonomia, hezkuntza, filosofia, zientziak, kazetaritza, kultura… hainbat alorretako ahotsak entzuteko aukera izango da, eta zenbait galdera jarriko dira mahai gainean: “nola pentsatu zarataren garaian? Nola mantendu jakingura bizirik adimen artifizialak erantzunak berehala eskaintzen dituenean? Zer ikasi dezake enpresa-munduak hezkuntzatik? Edota nola zabaldu ezagutza formatu berrien bidez?”.
Egitasmoari Beasainen ekingo zaio, Igartzako Monumentu Multzoan, ekainaren 5ean. Arratsaldeko 18:30ean bertan izango dira Iñigo Aranburu sortzaile eta komunikatzailea, Joxepa Madariaga Gerriko Kultur Elkarteko kidea, Maialen Olano moda diseinatzailea eta Nerea Elias Biziola gizarte-ekimeneko kooperatibako kidea. Elkarrekin, euskaraz egingo den mahai-inguruan hausnartuko dute jakingurari eta eraldaketari buruz; horren ostean, Lazkaoko Eider Saez musikariak kontzertua eskainiko du, 19:30ean.
Jaialdiaren bigarren zatia ekainaren 12an egingo da, Bergarako Laboratorium Museoan. Kasu horretan ere Beasaingo egitura bera jarraituko da, honako parte hartzaile hauekin: Oihana Arana idazle eta bertsolaria, Ana Galarraga dibulgatzaile zientifikoa, Ander Mujika musikaria, Mikel Rotaetxe kazetaria eta Maddi Iñarra irakaslea. Mahai-ingurua amaituta, Amorante musikariak zuzeneko emanaldia eskainiko du.
Azken hitzordua Donostian egingo da, ekainaren 19an, Tabakaleran. Azkena izateagatik, baina, ez du garrantzia txikiagoa izango. Are gehiago, egun osoko egitaraua antolatu baitu Kutxa Fundazioak. Goizeko 10:00etan hasita, hogei minutuko zenbait hitzaldi eta elkarrizketa egingo dira, gaztelaniaz zein euskaraz. Besteak beste, adimen artifizialari eta pentsamendu kritikoari buruzko mahai-inguruan parte hartuko dute Niko Cuenca analista ekonomikoak, Garbiñe Manterola BRTAko Ezagutzaren Transferentziarako zuzendariak, Aitor Arregi zinema zuzendari eta gidoilariak, eta June Fernandez kazetariak. Kepa Errastiren bakarrizketa, familientzako tailerra eta Ainhoa Vitoria eta Aitziber Gradosen eskutik zuzeneko podcasta ere izango dira arratsalde partean, beste zenbait egitasmorekin batera.
Antolatzaileen esanetan, jaialdia gonbidapena da “inork espero ez dituen galderak egiteko eta ezezaguna den hori esploratzeko”. “Gipuzkoa ezagutza, pentsamendu kritikoa eta sormena oinarri dituen lurralde bihurtuko dugu”, baieztatu du fundazioak. Era berean, gogorarazi du hitzaldi eta jardueretan parte hartzeko aurrez erreserba egin beharra dagoela, fundazioaren web atariaren bitartez.