Kosmetika naturalaren euskal ekoizleak

Ingurumenarekiko errespetua eta garapen jasangarria lortzeko kontzientzia gero eta handiagoa duen gizartean, produktu kosmetiko naturalen aldeko apustua asko zabaldu da azken urtetan

Lamia Biokosmetikaren produktuetako batzuk | Argazkia: Lamia Lamia Biokosmetikaren produktuetako batzuk | Argazkia: Lamia

Sektorean Europa da mundu mailan fakturazio-kopuru handiena duen eskualdea: 77.600 milioi euroko salmentak izan ditu 2017. urtean. Aurreko urtean baino % 0,8 gehiago, Cosmetics Europe elkartearen datuen arabera (sektoreko 4.500 enpresa eta erakunde biltzen ditu). Sailkapenean, AEBak dira merkaturik handiena duen herrialdea. 2014. urtean, Alemania sailkapenaren gailurrean kokatu zen, 13.000 milioi euro inguruko merkatu-bolumenarekin; ondoren, Frantzia eta Erresuma Batua zeuden, 10.580 milioi euro eta 10.400 milioi euro, hurrenez hurren. Espainia bosgarren postuan dago, eta 6.350 milioi euroko negozio-bolumena du. Kontsumitzaileei dagokienez, gero eta gehiago dira kosmetika naturaleko produktuen aldeko apustua egiten dutenak. Sektore hau Euskal Herrian oraindik oso sustraitua ez dagoen arren, bada jende oso trebatua eta trebea kosmetikaren alorrean lanean, ukitu teknologiko eta berritzailearekin.

Zaletasun gisa hasi zen Lavandula proiektua duela 15 urte sortu zuten Ainara Beobide eta Ainhoa Aranburuzabala bizkaitarrek. “Landare usaintsuak eta sendagarriak biltzea gustatzen zitzaigun, eta arratsaldero elkartzen ginen lokal batean xaboiak, pomadak eta kremak egiteko. Inguruko jendeak produktuak erosten zizkigun, eta pixkanaka ezagunak egiten joan ginen, harik eta, 2019ko martxoan, azkenean, gure laborategia ireki genuen arte: Lavandula Kosmetika Naturala, non egile-kosmetika egiten baitugu, lote txikiz eta artisau-zigiluz”. Lehengaiaren zati bat euren landareetatik ateratzea lortzen dute, hala nola kalendula-lorea, erromeroa, kamamila edo ezkaia, “eta olio moduko bat lortzen dugu, lantzen ditugun produktuetako batzuk egiteko lehengai gisa erabiltzen duguna”, gaineratu dute. Bach loreen erabilerak ere pisu handia du euren prozeduretan.

Prozedura zorrotza

Ekintzaile guztiei bezala, negozioa Otxandion finkatuta duten bi lagunei gogoa eta grina ez zaizkie falta, baina argi utzi nahi dute horrekin ez dela nahikoa, kosmetika naturaleko laborategi bat antolatzeko burokrazia, ziurtagiriak eta prozedurak oso zorrotzak baitira. “Gure produktu guztiak laborategi propioan egiten ditugu, zeinak AEMPSren (Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentzia) eskakizun guztiak betetzen dituen, kalitate eta segurtasun kontrol estuekin”.

Elena Busto: “Ezin da konparatu olio esentzial baten prezioa, kontserbatzaileen parekoa den lurrin sintetiko batekin”.

Elena Busto donostiarrak ilerako produktu naturalak egiten ditu, eta alor honetan aritzeko dauden zailtasun administratiboak azpimarratzen ditu. “Kosmetikari buruz Europan indarrean dagoen legeria bete behar duzu. Horrek esan nahi du kosmetikoak altan eman behar direla Europako atarian, dagozkien analisiak eta testak pasatu behar direla, eta abar. Pasadizo gisa, esango dizut substantzia baten aurrean larruazalaren erantzuna neurtzen duten patch testak egindako laborategiak zoriondu egin ninduela emaitza onagatik”.

Bustok ilearen osasuna zaintzeko produktu lerroa sortu du, oraingoz nagusiki profesionalei saltzen diena, hau da, ile apaindegiei. Ilerako lerro naturala da, ekologikoa, beganoa eta Bach loreekin egina. “Eko da landare-materia ekologikoa lehenesten dugulako beti; naturala, osagai naturalak edo berez lortzekoak direlako; eta beganoa osagai guztiak beganoak direla bermatzen dugulako, hau da, ez dagoela animalia-jatorririk, eta ez dela animaliekin esperimentatu”, argitu du. Alor honetan kontzeptuak sarritan nahasi egiten direla azpimarratu du Blancok, eta jendearen artean nahasmendua eragiten dela, adibidez: beganoa ez da naturala, ekologikoa, organikoa, bio eta abarren sinonimoa... Begano esateak ez du inplizituki adierazten osasungarria denik, ez pertsonarentzat, ez planetarentzat. Kosmetika beganoa izan daiteke, eta ekonatural kosmetikaren ikuspegitik substantzia kaltegarriak izan”.

Azal sentikorrei laguntzeko

Bere azal ultra sentikorraren behar bereziei esker urtetan ikasi eta ikertu eta gero, Maite García de Cortazarrek 2017an Lamia Biokosmetika sortu zuen, halako azalei laguntzeko helburuz. Arabako Manurga udalerrian du egoitza, eta bere produktuak online dendan saltzeaz gain, belar-denda, supermerkatu ekologiko eta “kosmetika nitxo” dendetan ere saltzen ditu, baita zenbait azoka eta feria ekologikotan ere. “Zailena ekoizteko lekua aurkitzea izan zen, eta baita osasun aldetik bete beharreko guztiak ulertzea eta egitea ere. Zerk bultzatu ninduen aurrera jarraitzera? Nire pasioak eta buru gogorrak. Uste dut erronkak gustuko ditudala”, esan digu. “Exijentzia asko daudela egia da, gero eta konpetentzia gehiago dagoela ere bai. Baina uste dut autonomo gehienek dituzten erronka berdinak direla guk izaten ditugunak”, gehitu du García de Cortazarrek.

Maite García de Cortazar: “Zailena ekoizteko lekua aurkitzea izan zen, eta baita osasun aldetik bete beharreko guztiak ulertzea eta egitea ere”

Alor honetako produktuak garestiak direla eta soilik ahalmen ekonomiko handia dutenek eros ditzaketen ustearen aurrean, gure protagonistek azaldu nahi dute ez dela hala. “Halakoak diotenek ulertu behar dute landare-olio eta olio esentzial gisa erabiltzen diren osagaiak kalitate handikoak eta ekologikoak direla, eta prezioa garestiagoa dela. Ezin da konparatu olio esentzial baten prezioa, kontserbatzaileen parekoa den lurrin sintetiko batekin. Laborategi txiki batek erraldoi baten aurrean duen ahalmena ere ezin da alderatu. Laborategi handi batek erosteko eta biltegiratzeko ahalmen handiagoa du, eta, ondorioz, materiaren prezioa aldatu egiten da, eta ez da gauza bera lote bakoitzeko 1.000 kg edo 10 kg produzitzea”, diote Beobidek eta Aranburuzabalak. Bustok, bere aldetik, honakoa gehitu du: “Ideia hori sineste edo esaldi moduko bihurtu da, batere funtsik gabea, eta hain justu sektore konbentzionalak sustatzen du gehien hori, aldaketari aurre egiteari uko egiten diolako. Ezbairik gabe, askoz merkeagoa da substantzia 'zalantzagarriekin' produktuak fabrikatzea”, dio Elena Bustok. “Eta batez ere, garrantzitsuena: zenbat balio du edo zein balio eman nahi diot nire osasunari?”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK