Kruzero sasoia

Argi berde progresiboa turismo kruzero handientzat, seguruenik krisi luze hau gehien jasan duen portu sektoreetako bat. Bilboko portuak hartzen ditu euskal kostaldeko kruzero gehienak. Dena den, Pasaiako, Baionako, Donibane Lohizuneko eta Hendaiako portuetara ere etorri ohi dira

Argazkia: Bilboport Argazkia: Bilboport

Azken urtetako etenaldiaren ondoren, kruzeroetako turistak euskal kale, portu eta herriak betetzen hasi dira berriz ere, jatorri askotariko ontzi handietan euskal portuetako instalazioetara iritsi ondoren. Bestalde, kruzero konpainia nagusiek pandemiak eragindako krisi ekonomikotik bizirik atera ahal izan dute, eta portuekin, ontzi-konpainiekin, bidaia antolatzaileekin, merkatu igorleekin eta erakunde publikoekin batera lan egin dute “turismo seguru” baten alde. Euskal portuak, beraz, erabat prestatuta daude kruzero ontziak osasun, segurtasun eta babes-neurri guztiekin jasotzeko. Eta dagoeneko horretan hasiak dira, jo eta su.

Bilboko portua da gure kostan porturik handiena eta ekonomikoki aktibitate gehien duena. Joan den apirilaren 12an inauguratu zuen denboraldi berria, Sky Princess eta Brittania Getxoko instalazioetara iritsi zirenean. Bertan 5.000 pertsona inguru zihoazen bidaian, gehienak britainiarrak eta estatubatuarrak, baita 3.000 tripulatzaile ere. Apirilean, guztira 12 kruzero porturatu ziren Bizkaiko dartsenan. Aurreikuspenen arabera, denboraldi hau abenduan amaituko da, eta 25 konpainiatako 80 ontziri baino gehiagori ongietorria emango zaie, 111 eta 348 metro bitarteko luzera dutenak. Portuko agintaritzak zehaztu du aldaketak izan ditzaketen aurreikuspenak direla, “gurutzaldi-sektorean gertatzen den bezala, eta aurten, bereziki, dauden ziurgabetasun ekonomiko eta sanitarioekin”. Denboraldi ofizialaren amaierara arte, Euskal Herrira 100.000 turista inguru iritsiko direla aurreikusten da, eta batez beste, 150 euro gastatuko dira pertsonako.

Emaitzekin pozik

Bilboko portuko agintariak pozarren agertu dira zifra hauen aurrean. “Aurtengo atrakalekuen egutegiak aurreikusten duenez, ontzi handi horietako batzuk portuan bat etorriko dira, porturatze bikoitzekin edo hirukoitzekin egun berean. Gainera, aurten Bilbon eskala egiten duten kruzeroen zerrendan ontzi eta konpainia berriak sartzea espero da: Carnival Pride, Celebrity Beyond, Le Dumont D’Urville, Magic Disney, MSC Virtuosa edo NorwStar. Gainera, bidaiari ontziratzeak hasiko ditugu berriz ere Bilboko Portuan”, azaldu dute.

Kopuru horiekin, Bilboko Portua kruzeroentzat terminal gisa finkatzen ari da pixkanaka. Apirilaren 25etik 28ra Seatrade Cruise Global Miami egingo da, kruzeroen munduko ekitaldirik handiena. “Bilboko Portuko Agintaritza Bilbao Turismorekin batera joango da helmuga turistikoa sustatu eta kruzeroak hartzeko dituen azpiegiturak ezagutarazteko”, esan digute portuko agintaritzatik.

Bilboko Portua: "denboraldi hau abenduan amaituko da, eta 25 konpainiatako 80 ontziri baino gehiagori ongietorria emango zaie, 111 eta 348 metro bitarteko luzera dutenak”

MSC ontzi-enpresa Europako garrantzitsuena, eta munduko itsasontziko turismoaren ia %10 mugitzen duena da, eta Bilboko plaza aztertzen ari da bere kruzeroen hurrengo oinarri-portu gisa. Bertako iturrien arabera, Bilboko portuak bi abantaila eskaintzen dizkie ikuspegi estrategiko eta turistikotik. “Batetik, Getxoko portuak Britainiar Uharteetara, Europako iparraldera edo Eskandinaviako herrialdeetara joateko bideak ezartzeko aukera ematen digu; gainera, Espainiako eta nazioarteko konexio onak dituen aireportu batetik hurbil dago. Bestetik, oso leku berezia da turistentzat, kulturaz betetako eremua baita eta paisaia ikusgarriz inguratua”, adierazi du Fernando Pacheco MSC ontzi-enpresako zuzendari orokorrak.

Mugikortasun iraunkorrarekiko konpromisoa: BilbOPS

Portu agintariek badakite itsas bidaiaren sektoreak eragin ekonomiko handia duela, eta ahalegin handiak egiten ari dira euren instalazioak sustatzeko; horretarako, azpiegitura seguruak, modernoak eta kalitatezkoak eskaintzen saiatzen dira. Euren hitzeetan, bereziki presente dute mugikortasun iraunkorrarekiko, ingurumenarekiko eta gizartearekiko konpromisoa. Ezin dugu ahaztu kruzeroak itsasoan dabiltzan garraiobide kutsatzaileenetarikoak direla.

GNLrekin propultsatutako kruzeroek CO2 gutxiago isurtzea, eta kaiak elektrifikatzea dira ontzi-enpresek eta portuek deskarbonizazio eta eko eraginkortasun proiektuetarako eginiko apustuetako batzuk. Bilboko Portuko Agintaritza ere horretan dabil. OPS teknologia hedatuko duela jakinarazi du, besteak beste, ferryak eta kruzeroak porturatzen diren kaietan, hauek portuan dauden bitartean ontziak elektrizitatez hornitzeko. “BilbOPS izeneko proiektu honi esker, bibrazioak, zaratak eta berotegi-efektua eragiten duten gasak % 40 murriztuko dira. Proiektu honekin eta beste neurri osagarri batzuekin, espero dugu Europako Batasunak 2030erako ezarritako % 55eko emisio murrizketa lortzea”, azaldu dute Bilboko Portuko Agintaritzatik.

Pasaiako eta Iparraldeko portuak

Aurreko legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiak bere turismo planean kruzeroei buruzko ekimenak txertatu zituen. Bere ezaugarri fisikoek dituzten zailtasunen gainetik, Pasaiako portua kruzeroen ibilbidean sartzeko ahalegina agerikoa izan zen: Santiago bidea itsasoz, kruzero txikien bitartez, egiteko proposamena, besteak beste. Pasaian turistak autobusetan sartu, eta Donostiara ekartzeko asmoa ere mahai gainean jarri zen. Pasaiako Portu Agintaritzako iturrien arabera, urtean 6 bat kruzero porturatzen dira bertan, 100 eta 180 metro bitartekoak gehienak. “Pandemia aurretiko eboluzioa berreskuratzea espero dugu; urtean 5-6 kruzero izaten genituen, beraz, pandemia aurreko egoera berdinera bueltatu gara aurten”, esan dute. “Udari begira kruzero bat espero dugu Pasaiako portuan; udazkenean, berriz, beste bost”, gaineratu dute.

Pasaiako Portu Agintaritza: “Urtean 5-6 kruzero izaten genituen, beraz, pandemia aurreko egoera berdinera bueltatu gara aurten”

Iparraldeko kostaldeak, bestalde, hiru toki pribilegiatu ditu kruzero ontziak hartzeko. Portuko komunitatea, laguntzaile turistikoak eta zonaldeko udalerriak daude tartean bilakaera ardatz horretan. Baionako portuan, Edmond Foy kaian porturatzen dira ontziak. Hiriko erdigune historikotik ehunka metrora dago, eta taxiak, minibusak eta autobusak hartzeko egokituta dago. Donibane Lohizunen eta Hendaian pakeboteak arradan geratzen dira portu naturalean. Bidaiariak minutu gutxitan iristen dira herrien bihotzera txalupa zerbitzu bati esker. Uztailaren 1ean Bordeletik etorritako Europa kruzeroa porturatu zen Donibane Lohitzunen, denboraldiari hasiera emanez. Joxan Madinabeitia Baionako Portuko ordezkaria da Espainian. “Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarak (CCI) urte amaieran kruzeroen gerentzia utziko du; hau garrantzitsua da”. Bestalde, esan du: “Normalean urtean 3 eta 5 ontzi artean etortzen zaizkigu, baina egun bakarrerako etortzen direnez, ez dute gure hirietan kontsumorik egiten”. Madinabeitia pozik agertu da Iparraldeko portuak berriz ere ohiko erritmoa hartzen ari direlako. “Gainera, aurten Malagako Seatraden izango gara irailaren 14tik 15era”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK