Lan batean zeri ematen diogu garrantzi gehien?

Lan bat aukeratzerakoan soldata izaten da faktore garrantzitsuena, baina bestelako alderdi batzuk lan bat edo bestea aukeratzeko erabakigarriak izan daitezke. Lanean hasi arte, gure egunerokoan eragina izango duen zerbait ez dugu jakingo: nolakoa den lan giroa

Bulego batean giro onean lanean| Argazkia: iStock
Bulego batean giro onean lanean| Argazkia: iStock
IMG 8456
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko urriaren 11 - 05:30

Lan bilaketan gabiltzanean, eskaintza batean izena eman baino lehenago, faktore asko aintzat har ditzakegu. Soldata garrantzitsuena izan daiteke, baina batzuetan langileak bestelako osagai batzuei erreparatzen die. Besteak beste, lanpostua non dagoen, zer ordutegi eskaintzen den, etxetik lan egiteko aukera edo enpresek zer nolako balioak dituzten. Eskaintza hori ondo aztertu ostean, gure lan egunak asko baldintzatuko duen zerbait ezin izango dugu ezagutu: lan giroa nolakoa den.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Lanpostuan egon arte ez dugu zehazki jakingo zein giro dagoen fabrikan, bulegoan edo saltokian. Baina zerk markatzen du lan giroa? Soilik lankideekin ondo eramatea da edo enpresak zerbait egin dezake egoera hori hobetu ahal izateko? Gure egunerokoaren ordu asko lanean ematen ditugu eta ez dago zalantzarik ondo egoteak garrantzi handia duela. Ikerketa batzuetan frogatu da ingurune on batek enpresaren partaide izatearen sentimendua handitzeko balio duela, eta horregatik enpresa batzuk langileak lanpostuan ondo egoteko neurriak jartzen saiatzen dira. Enpresa horien ustez, lan giro ona langilearen soldata emozionalaren parte izan daiteke. 

Lanean eroso egoteak onurak ekartzen dizkie langileei eta enpresari. Ingurune bortitz batean lan egiteak kalte emozionalak eragiten dizkie langileei eta enpresa uzteko arrisku handia dago. Errotazio handia duten enpresetan, finantza-kostuak handitu egiten dira eta askotan produktibitatearen beherakada nabarmena izaten da. Egoera hau luzatzen bada, erakunde batek ondorio operatibo eta estrategiko larriak izan ditzake.

 

Ikerketa batzuetan frogatu da ingurune on batek enpresaren partaide izatearen sentimendua handitzeko balio duela

Alde negatiboak begiratu eta gero, zergatik da garrantzitsua langileen giroa zaintzea? Lehenik eta behin, langileen egoera animikoa, fisikoa eta mentala hobetzen duelako. Beharginen ongizateak lan tokiaren egunerokoari eragingo dio ere. Espazio eroso batean, produktibitatea igo daiteke eta sormena piztu. Talde lana hobetu ahal izateko giro ona ezinbestekoa da, lankideekin erlazio onak izatea nahitaezkoa da elkarlanak aurrera egin dezan.

Baina hori nola lortzen da? Kontuan hartu behar da langile izan baino lehenago, hautagaiek lan aukera baten aurrean bizitza pertsonalaren eta lanaren arteko balantzea nabarmentzen dutela. Horretan eragiten duten faktore batzuk hasieran aipatu dira: ordutegia, telelana edota lanaren kokalekua, baina askoz gehiago egon daitezke. Besteak beste, lanaldia amaitzerakoan, bertan sortutako arazoak eta buruhausteak etxera eramaten ditugunean, etxekoekin gatazka izan dezakegu. Horrelako egoerak langilearen ongizatean eragin oso negatiboa sor dezake.

Lan giroa hobetzeko gomendioak

Hona hemen lan giroa hobetzeko zortzi gomendio:

1 - Estrategia: Funtsezkoa izango da estrategia bat ezartzea eta denen artean ezagutaraztea. Estrategia horren aurrerapenen berri aldizka ematea.

2 - Komunikazioa: Erakundean gertatzen denaren inguruan lankide guztiak informatuta edukitzea, ondo bideratutako komunikazioa izatea ezinbestekoa baita. Horrek konfiantza sortzen du.

3 - Errespetua: Zereginak bat-batean eta mespretxuz agindu eta eskatzen dituen nagusi bat izateak ez du laguntzen. Lidergo eta enpatia falta erakusten du. Horregatik, errespetua eta tolerantzia sustatzea oso garrantzitsua da taldearen harmonia sustatzeko.

4 - Errekonozimendua: Langileen eta taldeen arrakastak ospatzea, eta haien ahalegina taldean eta banaka aitortzea. Konpromiso eta jarrera handiagoa erakusten duten langileak tarteko lanpostuetan kokatzea gomendagarria da. Modu horretan, motibazioa gainerakoei kutsatzeko aukera dago. Era berean, langileekiko harremanetan berdintasuna zaintzea eta inolako diskriminaziorik ez dagoela zaintzea funtsezkoa da.

5 – Lidergoa: Eguneroko krisiak behar bezala kudeatzen jakitea ezinbestekoa da. Langileek nagusiengan erabateko konfiantza izan dezaten, lasai egotea eta segurtasun-mezu bat helaraztea beharrezkoa da. Langileen inplikazioa lortzeko garrantzitsua da oztopoak kentzea eta lantaldera hurbiltzea eta entzutea.

6 - Ordutegi-malgutasuna: Kontuan hartu behar da pertsona guztiek ez dutela modu produktiboan ordu berdinetan lan egiten, eta ordutegi-malgutasunak familia eta bizitza pertsonala bateratzen ere laguntzen du. Giro ona sortuko duen beste aukera bat telelana eskaintzea izaten da, jarduerak horretarako aukera ematen badu.

7 - Langileak erabakiak hartzean inplikatzea: Langileak entzutea eta haien ekarpenak, ikuspuntuak, ideia berriak edo iradokizunak kontuan hartzea funtsezkoak da enpresaren funtzionamendua hobetzeko, enpresaren parte senti daitezen.

8 - Taldearen sozializazioa sustatzea: Enpresa-ingurunetik kanpo talde-jarduerak antolatzeak langileen eta zuzendarien arteko loturak sendotzen lagunduko du. Lotura hau lan-giroan islatuko da, eta taldearen eta adiskidetasunaren ideia indartuko du.

Gomendio horien guztien ostean, lan giro ona lortzeko bidean jarri gara. Baina orain galdera bat plazaratu nahi dugu: zer nahiago du jendeak, soldata on bat izatea ala giro on batean lan egitea?

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain