Lan gutxiago eta bizi gehiago

Lau egunez lan egiteak baditu onurak: Valentzian langileen %72k kontziliazio handiagoa lortu zuen, Alemaniakoek astean 38 minutu gehiago lo egin zituzten eta Erresuma Batukoen estresa %40 txikitu zen; hori guztia, enpresen irabaziak berdin mantenduta

Argazkia: EnpresaBIDEA
Argazkia: EnpresaBIDEA
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko azaroaren 7a - 05:30
Eg. 2025eko azaroaren 10a - 09:50

Negozioek hobeto funtzionatzen dute lau eguneko astearekin. Hala berresten du 4 Day Week Global izeneko nazioarteko egitasmoak proiektuaren webgunera sartu bezain pronto. Langileen soldata berdin mantenduta, astean lau egunez lan egitearen ideia bultzatzen du ekimenak, zeinaren bitartez 35 herrialdetan eta 2.000 enpresetan jada jarri den praktikan lan egiteko era hori. Gaur egun, ohikoena astean bost (edo sei) egunez lan egitea bada ere, gaiak gero eta oihartzun handiagoa du gizartean, langileentzat dakartzan onurak direla-eta. Enpresarientzat, aldiz, gaiak badakartza zenbait buruhauste.

 

Jardunaldi mota horrek eskatzen du asteko jarduera ordu gutxiagotan kontzentratzea, baina modu eraginkorragoan. Oro har, astean 32 orduz lan egitea da ohikoena, 40 orduz lan egin beharrean. Hala ere, badaude 40 ordu 4 egunetan lan egitearen alde egin dutenak ere, eguneko 10 orduko jardunaldi luzea ezarrita. Hala ere, egun OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen parte diren herrialde gehienek 40 orduko eta 5 eguneko lanaldi estandarra dute, 32 orduko jardunaldiak ezartzeko zenbait saiakera egin badira ere.

Euskal enpresa batzuek eman dute aurrerapausoa

Euskal Herrian, oraingoz, ez da proba publiko zehatzik egin astean lau egunez lan egiteko. Horrek ez du esan nahi, ordea, arlo pribatuan ez denik modu horretan funtzionatzen duen enpresarik, ohikoena izan ez arren.

 

Gasteizen, esaterako, bada konpainia bat: Hortelanos marketin eta komunikazio agentzia. 4.dias katalogoak egindako elkarrizketa batean zehazten denez, Hortelanoseko langileek lau egunez pizten dituzte ordenagailuak 2021. urteaz geroztik. Garai hartan, bi pertsona soilik ziren konpainian, eta pandemia ostean erabaki zuten hiru hilabeteko proba pilotua egitea: balorazioa oso positiboa izan zen. Ordutik, produktibitatea handitu zuten lan-fluxuak eta teknologia berriak ezarri zituzten, eta, taldea hazi ahala, langile berri guztientzako asteko lau eguneko eredua mantendu dute.

Iruñean, Baserriberri jatetxeak lau laneguneko astea ezarriko zuela iragarri zuen 2024an, kontziliazio familiar eta sozialaren alde egin nahi izan baitzuen.

Erresuma Batuan enpresen irabaziak %1,4 handitu ziren, laneko baja gutxiago izan ziren eta, oro har, enpresetako lan giroa hobetu zen

Espainia mailan, dirulaguntza lerroa ezarri zen 2023 urtean, enpresek lau eguneko astea ezarri zezaten soldatak murriztu gabe. Gobernuaren programa hartan 41 konpainia txiki eta ertainek hartu zuten parte, 503 langilerekin, baina aurreikusitako aurrekontuaren %30 ere ez zen erabili. Proiektuak bi urteko iraupena du, eta, hortaz, emaitzak oraindik ez dira argitaratu.

Valentziako Udalak zertxobait gehiago egin zuen 2023an: hilabete batez (apirila-maiatza), lau egunez lan egitearen ondorioak ebaluatu zituen proiektu batek, hiru astelehenetan jaiegunak gehituta. Emaitzak, zein baino zein hobeak: langileen %64k gehiago lo egin zuen, %72k kontziliazio handiagoa lortu zuen familia eta lagunekin, %16k ariketa fisiko gehiago egin zuen, %46k gehiago irakurri zuen, %42k gehiago ikasi zuen, etxean %35 gehiago kozinatu zen eta estresa %34,9 txikitu; hori bai, alkohol kontsumoak (%24,5) eta tabakoak (%15,6) ere gora egin zuten. Jasangarritasunari dagokionez, kontsumo energetikoa %19,7 txikitu zen, ibilgailu motordunen zirkulazioa %9,5 jaitsi zen eta %58 NO2 gutxiago izan zen.

4 Day Week nazioarteko kongresua 2022an, Valentzian| Argazkia: Europa Press
4 Day Week nazioarteko kongresua 2022an, Valentzian | Argazkia: Europa Press

Ekonomikoki, Valentziako azterlanak honako ondorioak izan zituen: ostalaritzaren eta aisialdiaren sektoreak izan ziren onuradun handiak, bezero eta gastu gehiagorekin; kontrara, txikizkako merkataritzan salmentak %20 gutxitu ziren, eta sektore soziosanitarioan gainkarga izan zen.

Frantziako kasua bestelakoa da, Espainiak baino lehenago heldu baitzion gaiari. Hain zuzen ere, duela bi hamarkada (2000. urtean) Martine Aubry enplegu ministroak 35 orduko lan jardunaldia ezarri zuen, Lionel Jospin lehen ministroaren gobernupean. Ordutik neurriak aldaketak eta gorabeherak izan dituen arren (aparteko orduentzat zerga-salbuespenak, kotizazio sozialen murrizketak…), gaur egun legezko erreferentzia da asteko 35 ordu (urtean 1.607 ordu) lan egitea.

Nazioarteko esperientziak

Beste herrialde batzuetan ere egin izan dira lau laneguneko asteari buruzko ikerketak, batik bat, arestian aipatutako 4 Day Week Global ekimenaren baitan.

Erresuma Batuan, adibidez, proba egin zuten 3.000 langilerekin, zeintzuek astean lau egunez eta 32 orduz lan egin zuten sei hilabetez, 2022. urtean. Emaitzak biziki esanguratsuak izan ziren: enplegatuen estres maila %40 beheratu zen eta burn-out sindromea (erreta egotea, neke fisiko, emozional eta intelektuala izatea) %70 jaitsi zen; aldi berean, enpresen irabaziak %1,4 handitu ziren, laneko baja gutxiago izan ziren eta, oro har, enpresetako lan giroa hobetu zen. Behin ikerketa amaituta eta emaitzak aztertuta, parte hartu zuten hamar enpresetatik bederatzik erabaki zuten 32 orduko lan jardunaldiarekin jarraitzea.

Alemanian egindako 4 Day Week probak ere antzeko emaitzak eskuratu zituen, hainbat sektoretako eta tamainetako 45 enpresek jardunaldia murriztu zutenean: langileek, batez beste, 38 minutu gehiago lo egiten zituzten astean, eta haien ongizate fisiko zein mentala hobetu zen, baita estresa murriztu ere. Enpresen %60k bilera kopurua edo horien iraupena murriztu zuen eta %25ek erreminta digitalak gehitu zituen bere egunerokora. Jardunaldia txikituagatik, parte hartzaileek salmentak eta irabaziak mantendu edo handitu zituzten. Are gehiago, ikerketa amaitzean %70ek berdin jarraitzea erabaki zuen.

Orain arte egindako ikerketek argi uzten dute enplegatuen eraginkortasunak eta motibazioak gora egiten duela, kontziliazioa bultzatzeaz gain

Islandia da, zalantzarik gabe, aitzindari izan den herrialdea Europa mailan 4 laneguneko asteari dagokionez. 2015 eta 2019 urteen bitartean egin zen eta 2.500 enplegatu bildu zituen esperimentu arrakastatsua egin zuen Islandiak, zeinaren ondorioz herrialdeko biztanleria aktiboaren %86 inguruk jardunaldi murrizketak izan zituen. 2020 eta 2022 urteen artean bigarren saiakuntza egin zuten, non kalkuluen arabera, herritarren erdiak baino gehiagok parte hartu zuen. Ikerketek erakutsi dute Islandian lanaldi laburragoak izateak ez diola langileen eraginkortasunari ez hazkunde ekonomikoari negatiboki eragin. Datu azpimarragarri bat: emakume gehiago zeuden lantokietan, gogobetetasun maila %70ekoa izan zen, eta, aldiz, gizonezko gehiago zeuden lantokietan %54koa izan zen.

Japonian, Belgikan eta Zeelanda Berrian ere antzeko probak egin izan dituzte, eta emaitzak, oro har, baikorrak izan dira, bai enplegatuen ongizateari erreparatuta, bai enpresen eraginkortasun mailari erreparatuta.

Onurak bai, erronkak ere bai

Jardunaldi murrizketa ezartzeak onura asko izan arren, badakartza zenbait erronka ere, izan lau egunez lan egin nahi bada, izan bost egunez ordu gutxiago lan egin nahi bada.

Langileak gusturago daudenez, enpresan geratzeko probalitatea igo egiten da

Batetik, orain arte egindako ikerketek argi uzten dute enplegatuen eraginkortasunak eta motibazioak gora egiten duela, kontziliazioa bultzatzeaz gain. Aldi berean, talentuaren errotzea sustatzen du jardunaldi murrizketak: langileak gusturago daudenez, enpresan geratzeko probalitatea igo egiten da. Aldaketa klimatikoan ere eragina du: pertsonak gutxiago mugitu behar dira lekuz, trafikoa txikitu egiten da, eta, ondorioz, airea garbiago egoten da. Ekonomikoki, langileen soldata berdin mantentzen denez eta denbora libre gehiago dutenez, kontsumoa sustatzen da.

Bestetik, ondo jorratu beharreko ertzak ditu jardunaldi murrizketak. Enpresek zenbait gauza izan behar dituzte kontuan: errendimenduari eusteko, asteko lana berrantolatu behar da eta langileen denboraren kudeaketa landu. Txandak doitzea izan daiteke aukera bat, baita langile gehiago kontratatzea ere. Horrek, halabeharrez, esfortzu ekonomiko handia ekar dakieke enpresei, batik bat, ETEei. Sektorearen arabera ere zailagoa izango da lau eguneko lan astea ezartzea, aurrez aurreko tratu handiagoa eskatzen baitute, esaterako, osasungintzak, ostalaritzak eta merkataritzak.

Ziurrenik gauzarik zailena dena, ordea, enpresetan eta gizartean kultura-aldaketa egitea izango litzateke. Orain arte, ordu kopurua produktibitatearekin zuzenki lotu izan da, eta ideia hori aldatzea ez da kontu erraza. Langile askok uste dute lan ordu gutxiagorekin ez direla horren efizienteak izango; enpresariek zalantza egiten dute denbora laburragoan emaitza bera edo hobea lortuko ote duten. Erronkak asko dira, beraz: barne-komunikazioa, lan orduen kudeaketa, zerbitzuaren jarraipena, eragileen arteko lankidetza, eta, nola ez, pentsamolde aldaketa.