Lurralde lehiakorra ikus-entzunezkoetan

Goya sariak ospatuko dira gaur Madrilen eta euskal zinemak presentzia handia izango du. Bizkaian ezarritako pizgarri fiskalek sektoreari bultzada handia eman diote, geroz eta ekoizpen gehiago gauzatuz gurean

151 ekoizpen egin ziren Bizkaian iaz | Argazkia: iStock 151 ekoizpen egin ziren Bizkaian iaz | Argazkia: iStock

Bizkaiko Foru Aldundiak 2023 hasieran ikus-entzunezko jardueragatik kenkariak aplikatu zituenetik, sektorean lehiakortasuna handitu egin da, eta halaxe hasi du 2024a ere. Sozietate Gaineko Zergari aplikatzeko pizgarri fiskalak dira honakoak, lurraldean egindako gastuen %70era arteko kenkaria ezartzeko ahalmena ematen duena. Goyen ataria, sektoreko euskal ekoizleek bilakaera izugarria denbora laburrean eman dela ondorioztatu dute.

58,5 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan du ikus-entzunezkoak Bizkaian 2023an. Orotara, 151 ekoizpen egin dira eta 1.026 filmaketa egun, 2022an baino %74 gehiago. Urtarrilaren 29an, Bilbao Bizkaia Film Commissionek egindako agerpenean, “aurrekaririk gabeko urtea” izan dela adierazi zuen, ekoizpenak zein grabaketak erakartzeko ahalmenari so eginez. Hala, lan zama handia metatu da lurraldean.

Ander Barinaga-Rementeria euskal ekoizle eta aktorea da, eta ikus-entzunezkoen goranzko joera aurretik zetorrela adierazita ere, uste du pizgarri fiskalak berebiziko garrantzia izan dutela: “sektorea gero eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da”. Bertako hornitzaile, aktore zein teknikarientzat onuragarria izan dela azpimarratu du, eta bi bereizgarri nagusi aztertu ditu: bertoko ekoizpenak eta kanpokoak. Ekoizlearen arabera, bertoko ekoizpenak handitu egin dira, bai eta kanpotik datozen filmaketak ere. “Errodajeen dimentsioa izugarria izan da”.

Pizgarri fiskalen eragina aztertzean, AEBetako grabazio prozesuak izan ditu hizpide. Bertan, grabazioak erakartzeko estatuen arteko “gerra” egotea ohikoa dela dio, pelikula ugari oso “deslokalizableak” direlako. Adibide honekin, lurraldearen lehiakortasunaren handitzea azaldu du, pizgarriak direla eta. Dena dela, abantaila fiskalak arinagotik zeudela gehitu du, baina benetako “mugarria” izan dela kenkarien aplikazio berria. Motzean, aplikatu daitekeen kenkaria Bizkaian egindako gastu eta inbertsioen ehunekoaren araberakoa da, 35% eta %60 artekoa, eta %70era heldu daiteke osorik euskaraz filmatutako obra bada.

Estatu Batuetan, grabazioak erakartzeko estatuen arteko “gerra” egotea ohikoa da, pelikula ugari oso “deslokalizableak” direlako

“Gero eta gastu handiagoa egin lurraldean, gero eta kenkari altuagoa izango duzu”, argitu du Barinaga-Rementeriak. Zehazki, Bizkaian egindako gastuak %50etik gorakoak badira, %60ko kenkaria aplikatu daiteke; gastuak %35 eta %50 artekoak badira %50ko kenkaria; %20 eta %35 bitartekoak badira %40ko kenkaria, eta %35eko kenkaria aplikatzen da gainontzeko kasuetan. Egoera ikusita, sektoreko profesional ugari “malabarrak” egiten ari direla adierazi du, gastuaren ehuneko ahalik eta altuena Bizkaian egiteko.

Testuinguru horretan, kanpotik hona datozen kopurua handitzea hein handi batean “arazoa” dela ere nabarmendu du Barinaga-Rementeriak. Urte batetik bestera “ustekabeko” aldaketa eman dela dio, “saturazio” puntu batera helduta ere. “Ez daukagu hainbeste pertsona edo baliabide, Bizkaia txikia da zentzu horretan”. Hortaz, hainbesteko lan metaketara ohitura falta dagoela uste du.

Denbora falta errodaje guztiak gauzatzeko

Sektoreko egoera berriarekin bat egin du Marian Fernandezek, Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko zuzendaria denak. Pizgarri fiskalak “beharrezko” neurriak direla azaldu du, batez ere lurraldeak bereizgarri faktore positibo bat bilakatzeko gainerakoekin alderatuta. “Lehenagotik egonda ere, aurreko urtetik hona aldaketa erradikala eman da”. Ildo berean, horrelako egoerak ondorioak dakarrela ere mahaigaineratu du, Barinaga-Rementeria ekoizleak adierazitako arazoak aurkeztuz. “Denbora falta dugu errodaje guztiak xurgatu ahal izateko”.

Maria Fernandez: “Lehenagotik egonda ere, aurreko urtetik hona aldaketa erradikala eman da”

Denbora falta horrek errodajeen prozesuan eragina du. Azpiegituren prestaketan, teknikoen eskaintzan edota aktoreen prestakuntzan jardun behar dute bereziki, gehiegizko lan zama metatzen dutelarik. “Hainbat egoera egoki kudeatu eta zaindu behar dira grabaketak eroso egin ahal izateko”. Hori bai, baikor agertu da erabat Bizkaiak duen ahalmenaren inguruan hitz egiten: “Ongi moldatzen ari gara, egoera aprobetxatu beharra dago”.

Pizgarrien bilakaera eta plataformen inbertsioa

Kenkaria jasotzeko baina, baldintza batzuk bete behar dira; hala nola, izaera kulturala egiaztatzen duen ziurtagiria lortzea edota kultura-aniztasuna aberasteko egiten duen ekarpena baloratzea. Gainera, edozein tartean ageri den ikus-entzunezko jarduera orok %10eko kenkaria aplikatzeko aukera izango du euskarazko filmak ekoizten baditu. Ibaia elkarteko zuzendariak sektoreko euskararen presentzia izan du ahotan: “Azken urteetan oso gutxi ekoitzi da euskaraz”. Egoera iraultzeko bidean, zuzendariak argi du gakoa finantzazio arazoetan ageriagoa izan dela, profesionalen faltan baino. “Euskaraz lan egin nahi zuen talentuak ez zuen finantzazioa lortzen”. Laguntza fiskal hauekin, “pizgarri” egokia ematen ari dela uste du, profesionalen lana garatzeko eta euskal zinemaren “nazioartekotze” prozesuan eragina izateko.

Marian Fernandez: “Euskaraz lan egin nahi zuen talentuak ez zuen finantzazioa lortzen”

Arabako eta Gipuzkoako Aldundiek antzeko plan fiskala duen aurreproiektua jada aurkeztu dute, “izaeran” berdinak izango direnak Fernandezen arabera. Ezberdintasun nagusiena zerga oinarrian egongo dela dio: “Bizkaian helbideratuta baldin bazaude, jada zerga oinarrian kenkaria aplikatzeko aukera duzu”. Aldiz, Gipuzkoako eta Arabako planek gutxieneko gastu bat egitera behartzen dute kenkaria aplikatu ahal izateko. Halaber, Bizkaiak aurre hartu zion arte, Nafarroa zen ikus-entzunezkoak ekoizteko lurralde aproposena, 2016az geroztik, hainbat pizgarri fiskal ezarri baitzituzten. Orain, ordea, sektorearen panorama aldatu egin da, eta ikusteke dago zer nolako bilakaera izango duen aurrerantzean.

Aurreikuspenak egitea “konplexua” dela dio Barinaga-Rementeriak, baina bi faktore nagusi nabarmendu ditu: “pizgarrien bilakaera eta plataformen inbertsioa”. Alde batetik, pizgarri fiskalen “errealitatezko” inpaktua zelakoa den ikusi beharra dagoela dio ekoizleak, bai eta plataformen norabidea aztertu ere. “Netflix edota HBO moduko plataformen inbertsioak orekatzen ari dira mundu mailan”. Hau da, gutxiago inbertitzen ari dira baina kalitate altuagoko ekoizpenak gauzatzeko. Uste du “joera” berri hori gurera ere helduko dela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK