Maite Urteaga Sorazu (Zumaia, 2000) emakumezkoen euskal txirrindularitzan indarra hartzen ari den izenetako bat da. Duela hiru urte hasi zen serio lehiatzen, aurten Seguran Euskadiko txapela irabazi du, eta bidean Laboral Kutxa bezalako egitura profesional baten atea ere jo du. Haren ibilbideak, ordea, emaitzetatik harago ere badu interesa: agerian uzten du zer pisu duten talde egiturek, babes ekonomikoak eta lankidetza publiko-pribatuak emakumezkoen txirrindularitzaren garapenean.
Duela hiru urte hasi zinen txirrindularitzan, eta denbora gutxian Euskadiko txapeldun bihurtu zara. Nola azaldu jauzi hori?
Faktore askoren emaitza izan da. Fisikoki ondo egotea ezinbestekoa da, baina hori bakarrik ez da nahikoa. Buruaren indarrak, inguruko babesak eta taldearen egiturak ere pisu handia dute. Karrera bat irabazteko hankak behar dira, baina zure lan bakarra lehiatzea izatera iristeko inguruan egitura bat behar duzu. Gainera, garaipen bat ez da inoiz bakarkakoa: Segurako txapela nik jantzi nuen, baina atzean talde oso baten lana egon da.
Segurako garaipenak zer baieztatu dizu?
Maila honetan egon naitekeela. Hala ere, txirrindulari baten balioa ez da karrera bakar batean soilik ikusten; denboraldian zehar maila mantentzea eta hainbat lasterketetan lehiakor izatea ere oso garrantzitsua da. Niretzat berezia izan da txapel hau bereziki, pertsonalki garai gogor batean eta nire etorkizunerako urte erabakigarri batean heldu delako.
Iaz Laboral Kutxarekin aritzeko aukera izan zenuen. Zer erakutsi zizun esperientzia hark?
Aukera handia izan zen, profesional mailan dagoen egitura bat barrutik ezagutu nuelako. Han ikusi nuen fisikoki maila horretan lehiatzeko gaitasuna badudala, baina aldi berean argi geratu zitzaidan zer falta zitzaidan: pelotoian konfiantza handiagoa, lasterketa hobeto irakurtzea eta esperientzia gehiago. Horregatik jarraitzen dut Eulen-Amenabarren: alderdi horiek lantzeko, heldutasuna irabazteko eta hurrengo pausoa ahalik eta prestatuen emateko.
"Taldeak lehiatzeko behar dugun oinarrizko egitura eskaintzen digu: materiala, joan-etorriak, eguneroko antolaketa eta laguntza teknikoa"
Zer aldatu du Grupo Eulen-Amenabar bezalako talde batean egoteak?
Dena. Hasieran bakarrik ibiltzen nintzen, baliabide gutxirekin. Ez nuen, ez materialik, ez entrenamendua modu profesionalean planifikatzeko laguntzarik, ezta lehiatzen ikasteko egiturarik ere. Eulen-Amenabarren hori guztia aldatu da: entrenatzailea, estrategia, materiala, egutegia eta laguntza teknikoa ditut. Horrek ez dizu hobeto lehiatzeko aukera bakarrik ematen; eguneroko lana ere askoz sendoagoa bihurtzen da.
Kanpotik emaitzak ikusten dira, baina ez azpiegitura. Zer ematen dizu taldeak egunerokoan?
Jendeak askotan karrera eta postua bakarrik ikusten ditu, baina ez du ikusten atzean dagoen guztia. Gure kasuan, taldeak lehiatzeko behar dugun oinarrizko egitura eskaintzen digu: materiala, joan-etorriak, eguneroko antolaketa eta laguntza teknikoa. Horrez gain, entrenatzaile pertsonala daukat, eta hori erabakigarria izan da nire bilakaeran. Entrenamendua planifikatuta egotea, zure egoerara egokitzea edo arazo tekniko bati berehala erantzutea ez dira xehetasun hutsak: errendimenduaren parte dira.

Babesletza sarri modu abstraktuan aipatzen da. Zure egunerokoan non nabaritzen da gehien babes ekonomiko hori?
Eguneroko guztian. Txirrindularitza kirol garestia da, baita talde ez profesional batean ere, eta eguneroko jardunak gastu handia eskatzen du. Horregatik, babes ekonomikoa ez da osagarri bat; oinarria da. Gure poltsikotik ordaindu beharko bagenu lehiatzeko eta entrenatzeko behar den guztia, ez litzateke jasangarria izango. Taldeak zama horren zati handiena bere gain hartzen du, eta horrek benetan entrenamenduan eta lehiaketan zentratzeko aukera ematen digu.
Beraz, Grupo Eulen-Amenabarren babesa ez da soilik irudi kontu bat.
Ez, inondik ere ez. Talde baten helburua ez da irabazi ekonomikoa ateratzea, proiektua mantentzea eta txirrindulariei aukera ematea baizik. Guri ez digute soldatarik ematen, ez gaudelako talde profesional batean, baina eguneroko jarduna posible egiten digute. Hor dago benetako balioa: egitura bat sostengatzea eta txirrindulari baten garapena ahalbidetzea.
"Seguran 500 euro eman zitzaizkion taldeari, eta gero erabaki behar da hori nola banatu. Gure kasuan, aurten erabaki dugu karrera bukatzen duten korrikalarien artean banatzea"
Emakumezkoen txirrindularitza gehiago ikusten da gaur egun. Barrutik begiratuta, benetako aldaketa sumatzen da?
Bai, aurrerapena egon da. Gero eta karrera gehiago daude, aitortza handiagoa da eta emakumeen txirrindularitza sustatzeko ahalegin handiagoa egiten ari da. Gipuzkoan, adibidez, Grupo Eulen-Amenabarrek eta Zatikak Kirolgirekin eta Gipuzkoa Kirolaken babesarekin hiru urteko hitzarmena sinatu zuten emakumezkoen txirrindularitza indartzeko. Horrelako ekimenek aukera ematen dute egitura sendotzeko, baliabide gehiago izateko eta tokiko talentuak benetako bide bat ikusteko. Ez dute arazo guztia konpontzen, baina oinarri sendoagoak jartzen dituzte. Hala ere, hutsuneak handiak dira oraindik: gizonen egutegia zabalagoa da eta sariak handiagoak dira; emakumeok, aldiz, profesionalizatzeko bide estuagoa dugu.
Karreretako sariak eta taldearen eguneroko ekonomia kontuan hartuta, zein da benetako errealitatea maila honetan?
Taldeak lehiatzeko behar dugun egitura ematen digu, baina guk lortzen dugun diru bakarra sarietatik dator, eta sariak ez dira beti lortzen. Gainera, sari horiek ez dira nahikoa ibilbide bat ekonomikoki sostengatzeko. Adibidez, Seguran 500 euro eman zitzaizkion taldeari, eta gero erabaki behar da hori nola banatu. Gure kasuan, aurten erabaki dugu karrera bukatzen duten korrikalarien artean banatzea, txirrindularitza talde lan bat dela ulertzen baitugu. Horrek argi erakusten du zein den muga: egitura batek zure jarduna posible egiten du, baina oraindik ez dizu bizimodu bat bermatzen. Horregatik da hain garrantzitsua babes ekonomikoa, ez luxu bat delako, proiektua bera bizirik mantentzeko baldintza garrantzitsu bat delako.
Zer falta da emakumezkoen txirrindularitzak benetako jauzi profesionala emateko?
Egitura sendo gehiago, egutegi zabalagoa eta inbertsio iraunkorra. Talentua badago, baina talentua bakarrik ez da nahikoa. Aukerak, babesa eta jarraikortasuna behar dira. Nire kasuan, Laboral Kutxarekin izandako esperientziak erakutsi dit hurrengo maila bat existitzen dela. Orain gakoa da maila horretara iristeko bidea salbuespen bat ez izatea, gero eta txirrindulari gehiagorentzat aukera erreal bat izatea baizik.