Itsas arkeologoa, historialaria, urpekaria eta nabigatzailea da Maria Intxaustegi. Hamar urte inguru daramatza poloetan eta ezohiko espedizioetan lanean. Intentsitate handiko bizpahiru hilabeteko iraupena duten aldiak izaten dira. Hutsik baina aldi berean beteta itzuli ohi da Donostiara.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Pasioz bizi du bere ogibidea, txikitatik izan du konexio berezia naturarekin eta nabari da erabat betetzen duela egiten duenak. Bere kontakizunak zeharo harrapatzen zaitu eta bat-batean Artikoa, Antartika edo Pazifikoa zeharkatzera iristen zara. Pixkana-pixkana eraiki du bere bidea. Freelance moduan aritzen da egun eta National Geographic Expedition bezalako entitateentzat egiten du lan. Ez da makala hartu duen olatua eta orain artean egin duen ibilbidea.
Itsas arkeologoa, historialaria, urpekaria eta nabigatzailea zara eta, egun, poloetan zein ezohiko espedizioetan aritzen zara lanean. Nola joan zara bide hori eraikitzen?
Lehenik eta behin, Historia eta Arkeologia ikasketak egin nituen Gasteizen, gero espezializazio masterra eta, jarraian, doktoretza tesia hasi nuen. Itsaspeko arkeologian murgildu nintzen lanean eta horretan aritu naiz urte luzez. Artean, goi mailako arrantza patroiaren titulua atera nuen Pasaian. Hamar urte inguru dira poloetan zein ezohiko espedizioetan aritzen naizela lanean.
Mendizaletasuna, elurra, urpekaritza edota itsaspeko arrantza izan dira betidanik nire pasiorik handienak. Sarean ikusten nuen espedizioak egiten zirela, bertan lan egiteko aukera bazela deskubritu nuen eta gertutik jarraitzea erabaki nuen.
Gauzak horrela, National Geographic Expedition espedizioak egiteko pertsona baten bila zebilen; nire curriculuma aztertu zuten eta nirekin harremanetan jarri ziren, nire profilak erabat asetzen zituelako beraien beharrak. Zirudienez baldintza guztiak betetzen nituen: itsasoan, urpean eta glaziarretan aritzeko gaitasuna nuen eta, aldi berean, historia, arkeologia eta zientziari lotutako lan esperientzia handia. Kasualitatez izan zen guztia, izan ere, nik ez nuen inoiz pentsatu lan honetan amaituko nuenik.
Espedizioetan lan egiteak iruditeria kolektibo asko piztu ohi ditu, bakoitzak gurea imajina dezakegu. Nolakoa da zu bezalako ikertzaile baten egunerokoa?
Gure egunerokoaren %70 nahiko normala da, beste lanbide askoren parekoa; bulego lan handia dago eta ordenagailu aurrean ordu asko igarotzen ditugu: plangintza prestatu, burokrazia, ikerkuntza eta zientzia egin —artxiboak arakatu, idatzi, artikuluak argitaratu—. Gero dago %30 hori, beste ogibideekin alderatuz oso desberdina dena: ezohiko tokietara espedizioak egin, itsasoaren azpira joan, nabigatu. Hori guztia, ordea, segurtasun protokolo zorrotzekin burutzen dugu.
Esku artean izaten ditugun proiektuak batzuetan eskaera jakinak dira, eta horietan erantzunak ematen saiatzen gara egindako enkarguari. Esaterako, ondarea babesten aritzen gara portuetan. Horrelako egoeren aurrean portuko jarduera guztia gelditzen da eta guk ikuskatzen dugu zer topatu den. Hori askotan gertatzen da, ohikoagoa da, baina dena den beste batzuetan, galdera eta erantzun berriak bilatzera ateratzen gara espedizioetan. Horietan ez dakizu oso ondo zerekin egingo duzun topo. Intentsitate handiko esperientziak dira.

Zure burua “esploratzaile polartzat” daukazu. Zer esan nahi du horrek? Zerk erakartzen zaitu bereziki muturreko lurraldeetatik, hala nola Artikotik eta Antartikatik?
Lehen aldiz Antartikara joaten zara pinguino eta baleen bila, baina behin han zaudela izotzaz maitemintzen zara. Guk “poloetako sukarra” deitzen diogu, izan ere, berriz bueltatzeko gogoa pizten dizu izotzak. Oso erakargarria da izotza, zaila da hitzez azaltzea zer duen, harrigarria da sortzen duen atxikimendua.
Aurtengoa nire zortzigarren denboraldia izango da Artikoan eta Antartikan. Espedizio finkoa bilakatu da nire lan-egutegian, urteroko zita. Lurralde bakoitzean bizpahiru hilabete igarotzen ditut guztira, zertxobait gutxiago, oro har, Artikoan.
Zein mugarri nabarmenduko zenituzke zure ibilbidean? Zein izan da orain arte gehien markatu zaituen aurkikuntza edo proiektua?
Zaila da mugarri, aurkikuntza edo proiektu bakar batekin geratzea. Guztiek eskaintzen dizute balio erantsiren bat. Adibidez, itsaspeko arkeologia proiektuei dagokionez 112 aingura litiko katalogatu genituen, guztiak Euskal Herrian aurkitutakoak. Deskubrimendu hura argitaratu genuen liburu batean, Ingalaterrako argitaletxe oso-oso ospetsu batean. Nazioartean, esaterako, erromatar garaian hondoratutako itsasontzi batean egin genuen lan. Horiez gain, Cadizen (Espainia) egon ginen lanean XV-XVI. mendeko zilarrezko lingotez betetako itsasontzi batean. Historia eta istorioak baditut eta gehiago topatzeko irrikan nago.
"Gure egunerokoaren %70 nahiko normala da, beste lanbide askoren parekoa. Gero dago %30 hori, beste ogibideekin alderatuz oso desberdina dena: ezohiko tokietara espedizioak egin, itsasoaren azpira joan, nabigatu"
Zer alde dago ur epeletan ikertzearen eta eskualde polarretan ikertzearen artean?
Bistakoena tenperatura da, alde batetik hori da alde handiena, izan ere, ez da gauza bera -20 gradutan urperaketa egitea edo Hego Pazifikoan 20 gradutara egitea. Logistikak eta teknikak oso desberdinak dira. Ur hotzetan egiten diren espedizioek gehiago prestatuta egotea eskatzen dute. Pentsa, ur oso hotzetan egiten duzu urperaketa, ia egunero, ordubetez. Hori horrela, Artikoan eta Antartikan urperaketa egiteko urperatzaile polarra izan behar zara, froga asko pasa behar dira, urpekaritza egitea mingarria baita bertan. Shock mental deritzogun horri aurre egin behar zaio eta, hipotermia horretara iristeko, bereziki prestatua egon behar zara.
Tropikoetan ez da gertatzen horrelakorik. Prestaketa fisikoa eta mentala desberdinak dira. Tropikoetan zailtasuna beroa izan ohi da, gau eta egun 30 gradutik gora egoten zarelako eta ura 27 gradutara dagoelako. Hor beste arazo batzuei egin behar zaie aurre.
Zer gertatzen da espedizio bat amaitzen denean?
Espedizioek badute zerbait berezia, aparteko adrenalina bat sortzen dute, ardura handia eskatzen dute eta punta-puntako pertsonekin aritzen zara lanean: aldaketa klimatikoaren aferan dabiltzan zientzialariekin, goi mailako argazkilariekin, arkeologoekin, ikerlariekin.
Hori esanda, oso bitxia da espedizio bat amaitzean sentitzen dena. Nik deitzen diot deskonpresio momentua. Zergatik? Zu egon zarelako 2-3 hilabetez buru-belarri, jo eta su, errealitate baten bueltan eta pertsona berberez inguratuta gelditu ere egin gabe. Bat-batean energia hori guztia desagertu egiten da itsasontzitik ateratzen zarenean. Hegazkinean sartu, begiak itxi, ireki eta etxean zaude.
Horregatik guztiagatik, astebeteko lasaitasuna behar da. Nik mendira edo hondartzara joateko ohitura dut nire txakurrarekin eta patxada berria onartzen noa nire bizitzan. Geldialdi bat egin behar da ohiko bizitzara bueltatzeko, bi edo hiru hilabetez egon zaren eremu itxi horretatik ateratzeko. Donostiara itzultzean konturatzen zara beste errealitate batzuk daudela, hori onartu eta txip aldaketa bat egin behar duzu.

Zein proiektu dituzu orain esku artean?
Uztailaren 26an hegazkina hartuko dut eta Groenlandian egongo naiz hilabete bat. Groenlandiatik Kanada gurutzatuko dut Alaskaraino. Alaskatik Japoniara joango naiz. Hiru hilabete inguru igaroko ditut espedizioan.
Azaroan etxera bueltatuko naiz, abenduan Antartikako denboraldiari hasiera emateko. Urtero ziurra da Antartikako espedizioa. Gerora, ordea, ez dut jakiten non egongo naizen, mugimendu asko egoten dira, eskaera berriak eta horren arabera zehazten dut urteko plana.
"Oso bitxia da espedizio bat amaitzean sentitzen dena. Zu egon zara 2-3 hilabetez errealitate baten bueltan eta pertsona berberez inguratuta gelditu ere egin gabe, eta energia hori guztia desagertu egiten da itsasontzitik ateratzen zarenean"
Itsasoak erantzun gehiago eman ala galdera gehiago sortzen ditu?
Egunaren araberakoa da, batzuetan galdera asko sortzen dizkit, baina besteetan erantzunak eman. Galdera-erantzun horiek bilatzen noan bitartean gustatuko litzaidakeena da ez topatzea hainbeste zabor, mikro zein makro plastikoak. Zoritxarrez espedizioan goazenean zabor askorekin egiten dugu topo. Ederra litzake espedizioetara joan eta gure zaborra ikusi gabe egotea denbora tarte horretan guztian.