Musika geurea zenekoa

Adituek diote streaming plataformek musikaren kontsumoa, entzute-ohiturak eta formatu fisikoen esanahia bera eraldatu dituztela

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko ekainaren 14a - 05:30

Spotify, Apple Music edo YouTube Music bezalako plataformak gero eta ohikoagoak dira egunerokoan. Milioika lagunek hileko kuota bat ordaintzen dute munduko musika-katalogo ia osoa sakelako telefonoan izateko, eta joera hori Euskal Herrian ere nabari da. EnpresaBIDEAk kalean egiaztatu ahal izan duenez (ikusi bideoa artikuluaren amaieran), erabiltzaile askok musika entzuteko plataforma digitalen alde egiten dute dagoeneko. Baina zer dago aldaketa horren atzean? Zergatik igaro gara diskoak erostetik katalogo digital batera sarbidea ordaintzera? Eta zergatik ari da biniloa indarra berreskuratzen, musika gero eta digitalagoa den garai batean?

 

Streamingaren garaipena zenbakitan

Musika kontsumoaren eraldaketa fenomeno globala izan da. 2025eko IFPIren Musika Txosten Orokorraren arabera, grabatutako musikaren industriak hamargarren urtez jarraian egin du gora 2024an, eta 29.600 milioi dolarreko diru-sarrerak lortu ditu. Hazkunde horren eragile nagusia harpidetza bidezko streaminga izan zen: diru-sarrerak %9,5 igo ziren, eta 20.000 milioi dolarreko langa gainditu zen lehen aldiz. Gaur egun, streamingak grabatutako musikaren diru-sarrera guztien %69 hartzen du, askok eta askok ordaintzen baitute halako plataformaren bat edo beste, hots, mundu osoan 752 milioi pertsonek. Europan ere, munduko diru-sarreren ia heren bat biltzen duen lurraldean (%29,5), diru-sarrerak %8,3 hazi ziren 2024an. “Musikak gure bizitzetan betetzen duen funtsezko zeregina agerian geratzen da industria globalaren etengabeko hazkundearekin”, adierazi zuen Victoria Oakley IFPIko zuzendari exekutiboak.

Espainia Estatuan ere bilakaera parekoa izan da. Promusicae etxearen datuen arabera, kontsumo digitala grabatutako musikaren merkatuaren %89 da dagoeneko, eta 454 milioi euro baino gehiago sortzen ditu. Gainera, diru-sarrera digital horien %99 streaming bidez lortzen dira. 2024an, musika-zerbitzu digitala zuten 20 milioi erabiltzaile inguruk, eta horietatik zazpi milioik ordainpeko harpidetza bat zuten, aurreko urtean baino %14 gehiago.

 

Euskal Herrian ere eraldaketa digitala musikaren sektorearen erronka zein aukera nagusietako bat bihurtu da

Mugaren beste aldean, datuek joera berbera berresten dute. Frantziako Kultura Ministerioaren arabera, 2024ko lehen seihilekoan, kontsumo digitala grabatutako musikaren diru-sarreren %80 izan zen. Ia jarduera digital guztia streamingean kontzentratu zen: onlineko diru-sarreren %77,5 ordainpeko harpidetzetatik etorri zen, eta beste %21 doako streamingetik.

Euskal Herrian ere eraldaketa digitala musikaren sektorearen erronka zein aukera nagusietako bat bihurtu da. Eusko Jaurlaritzaren eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren txosten baten arabera, streaminga musikaren industriaren hazkundearen eta jasangarritasunaren "oinarrizko zutabe" gisa finkatu da azken urteetan.

Plataforma digitalen gorakadak musika entzuteko modua ez ezik, merkatuan bizirik dirauten formatu fisikoak ere eraldatu ditu. Horien presentzia mantendu bada ere, datuek erakusten dute plataformen eragin handiena CDek pairatu dutela. Espainian, %25,4 jaitsi ziren salmentak 2024an; Frantzian, berriz, %13 urteko lehen seihilekoan. Mundu mailan, IFPIk egiaztatu zuen 2024an formatu fisikoetatik eratorritako diru-sarrerak %3,1 jaitsi zirela. Hala ere, joera horrek ez die berdin eragiten euskarri guztiei: CDek presentzia galtzen jarraitzen duen bitartean, biniloen bilakaera bestelakoa izaten ari da.

Lehen disko bat erosteak musika fisikoki edukitzea esan nahi zuen: etxean gordetzea, bilduma osatzea eta nahi zenean entzun ahal izatea

IFPIren arabera, formatu horrek sortutako diru-sarrerak %4,6 hazi ziren 2024an; horrek esan nahi du mundu mailan hemezortzigarren urtez jarraian handitu direla formatu horren diru-sarrerak. Joera berbera ikusi ahal izan da Frantzian ere, iaz 1980ko hamarkadatik lehen aldiz biniloaren fakturazioa CDarena baino handiagoa izan baitzen. 

Musika kontsumitzeko modu berri bat

Datuak argiak dira: streaming plataformek inoiz baino pisu handiagoa dute musikaren merkatuan, eta kontsumo digitalak nagusitasuna lortu du munduko herrialde gehienetan. Aldaketa hori, ordea, ez da euskarri edo teknologia kontu hutsa. Azken urteetan, musikarekin dugun harremana bera eraldatu dela defendatzen dute hainbat ikertzailek. Batzuek diote kontsumitzaileen lehentasunak aldatu direla; beste batzuek, berriz, plataforma digitalen diseinuak eta algoritmoek jokatu duten papera azpimarratzen dute. Badira, halaber, fenomenoa gizarte digitalaren bilakaera zabalago baten barruan kokatzen dutenak.

Azalpenik hedatuenetako batek dio aldaketa horrek lotura duela jabetzaren eta sarbidearen arteko trantsizioarekin. Gary Sinclair Dublin City Universityko ikertzaileak eta Julie Tinson Stirlingeko Unibertsitateko marketin irakasleak defendatu dutenez, streamingaren arrakastak erakusten du kontsumitzaile askok ez dutela jada musika edukitzeko beharrik sentitzen; nahikoa dute katalogo zabal batera uneoro sartzeko aukera izatearekin. Haien arabera, musika kontsumoak gero eta zerikusi handiagoa du "jabetza osteko ekonomia" deituriko ereduarekin, non produktuaren jabetzak garrantzia galtzen duen, erabileraren mesedetan.

Beste era batera azalduta: lehen disko bat erosteak musika fisikoki edukitzea esan nahi zuen: etxean gordetzea, bilduma osatzea eta nahi zenean entzun ahal izatea. Gaur egun, ordea, streaming plataformek ia katalogo mugagabea eskaintzen dute hileko kuota apal baten truke, eta erabiltzaile gehienentzat sarbidea bera bihurtu da balio nagusia. Horrek azaltzen du, neurri batean, zergatik galdu duten pisua CDek eta bestelako euskarri fisikoek.

Askotan musika entzutea ez da jarduera nagusia izaten, ezpada beste zerbait egiten den bitartean egiten den jarduera

Baina hainbat adituren arabera, ez da soilik musika eskuratzeko modua aldatu; musika entzuteko modua ere aldatu da. David Hesmondhalgh Leedsko Unibertsitateko komunikazio eta kulturaren soziologoak azaldu duenez, streamingaren inguruko eztabaidetan behin eta berriz agertzen den ideia da musika gero eta "funtzionalagoa" bihurtu dela. Hau da, askotan musika entzutea ez da jarduera nagusia izaten, ezpada beste zerbait egiten den bitartean egiten den jarduera: lanean, kirola egiten, ikasten edo atseden hartzen. Plataforma digitalen interfazeek berak ere joera hori sustatzen dutela iradoki du ikertzaile britainiarrak, umore, jarduera edo egoera jakinetara egokitutako playlist ugari eskainita. 

Horri beste osagai bat gehitu behar zaio: algoritmoena. Melbourneko Unibertsitateko Sophie Freeman, Martin Gibbs eta Bjørn Nansen ikertzaileek egindako azterlan baten arabera, streaming plataformetako gomendio-sistemek ez dute soilik musika aurkitzea errazten; erabiltzaileen gustuak eta entzuteko ohiturak ere moldatzen dituzte neurri batean. Hala, entzuleek gero eta musika gehiago kontsumitzen duten arren, aurkikuntza-prozesuaren zati handi bat plataformen gomendioen bidez gertatzen da.

Joera horrek ondorio argi bat ere badu Euskal Herrian. Euskadiko Kultura eta Sormen Industrien Azterketa Xehatua txostenaren arabera, Spotify edo YouTube bezalako plataformen algoritmoek joera globalak lehenesten dituzte sarritan; horrenbestez, hain komertzialak ez diren proposamenek (euskarazko askok, kasu) ikusgarritasun txikiagoa izan dezakete ingurune digitalean. 

Streamingaren garaian produktu fisikoek balio emozional handiagoa har dezakete

Paradoxikoki, digitalizazioaren garaian formatu fisiko batzuek bizirik jarraitzea ere joera horien ondorio gisa interpretatu dute hainbat adituk. Streamingak musika eskuratzeko modua erraztu duen bitartean, biniloaren gorakadak erakusten du kontsumitzaile batzuek balioa ematen diotela oraindik objektu fisikoari, bildumagintzari eta musika entzuteko esperientzia pausatuago bati. Sinclairrek eta Tinsonek ondorioztatu zutenez, streamingaren garaian produktu fisikoek balio emozional handiagoa har dezakete, hain zuzen ere musika gehiena jada ez delako objektu baten bidez kontsumitzen.