Tasio Erkizia: "Naturak sufritzen duen kutsaduraren herena janariaren ekoizpen ereduaren ondorio da"

Multinazionalek elikadura negozio bilakatu dutela salatzeaz harago, egoera pixkanaka irauli behar dela aldarrikatzen du Erkiziak

Tasio Erkizia, artxiboko argazki baten | Argazkia: Foku Tasio Erkizia, artxiboko argazki baten | Argazkia: Foku

Jan eta jabe saiakeraren egilea da Tasio Erkizia. Elikadurak multinazionalen negozio gisa duen rola du abiapuntu, eta nekazariek duten rolaz harago, kontsumitzaile gisa eta oro har gizarteak duen erantzukizunaz kontzientziatu nahi du. Izan ere, Erkiziaren ustez, egoera irauli daiteke. Edo, bestela esanda, irauli egin behar da, gosearen arazoari buelta eman eta hura areagotu ez dadin.

Zein da Jan eta jabe liburuaren abiapuntua?

Hausnarketa txiki bat plazaratzen du, janariaren inguruan munduan zer gertatzen ari den biltzen duena: janaria beharrizana izanik denontzat, nola bihurtu den negozio iturri, multinazionalen esku jausteraino. Eta nola ekoizpena, eta batez ere banaketa, multinazionalen negozio-leku bihurtu den. Horrek kontraesana eta egoera larria suposatzen du mundu mailan. Kapitalismoak beti daki bere helburua zein den: ahalik eta diru gehien irabaztea. Termino horietan, soluzioa oso zaila da, ezinezkoa ez esateagatik.

Horri aurre egiteko erantzukizuna denona da?

Ez dago bakarrik nekazarien esku; oso inportantea da kontsumitzaileok hartzen dugun jarrera. Liburuak biltzen du zein garrantzia duen bai osasunerako, bai klimaren hobekuntzarako, bai gizartearen hoberako. Ildo horretatik, azpimarratzen du ezinbestekoa dela gizartea kontzientziatzea, eta gure gain hartzea janariaren gaia. Eta ez uztea janariaren gaia multinazionalen esku.

"Ez da erraza pertsona eta kolektibo baten kontsumo ohiturak aldatzea. Hain zuzen, kapitalismoak horretan eragiten du, kontsumoaren morroi bihurtzen gaituelako"

Uste duzu gizartea kontzientziatzen ari dela honen inguruan, ala inork ez duela ezer egiten?

Nik uste dut gizartean kezka badagoela, eta askotan solasaldi gai izaten dela. Beste kontu bat da ea prest gauden edo ez kontsumo ohiturak aldatzeko. Hori gakoa da. Ez da erraza pertsona eta kolektibo baten kontsumo ohiturak aldatzea. Hain zuzen, kapitalismoak horretan eragiten du, kontsumoaren morroi bihurtzen gaituelako. Beraz, kontzientzia badago, baita nahia ere, baina ezintasuna da nabari. Horregatik, eragile soziopolitiko guztientzat kezka iturri bihurtu behar da, eta soluzioak joan dira eta gara aurkitzen. Bidetik beretik jarraituta, galera izugarria dugu.

Agintariek edo erakundeek hartu dute neurririk horren inguruan, ala kezka soilik azaldu dute?

Erakundeek kezka ez dute azaldu, zoritxarrez. Momentu honetan Nafarroako gobernuaren aldetik ez dago plangintza estrategikorik janariari buruz. Gai hori ez da eztabaidatzen parlamentuetan. Gasteizko gobernuak 44 urte daramatza martxan, eta inoiz ez du egin elikaduraren gaiaren inguruko eztabaidarik. Bakarrik dago plangintza bat, ez oso eraginkorra, eta Iparraldean sortu berri den erakundea. Udaletxe batzuk ere ari dira. Hori da kanpaina honetan lorturiko alderdietako bat. Baina besteetan uste dut gutxi. Utzikeri itzela dago.

Ezer egingo ez balitz, zer gerta liteke?

Gose itzela izango litzateke. Ez da egia janaria bizitzen ari den prezio igoera gerraren ondorio bakarra denik. Gerraren ondorio ere bada, noski, beste gauza asko bezala. Baina funtsean azken urteetan kapitalismoak bereganatu egin du nekazaritza mundua. 2008ko krisiaren ondoren nabarmenki multinazionalek inbertitu dute janari sare guztian, bai produkzioan, bai banaketan bertan. Eta negozio egitera doaz. Hurrengo urteetan goseteak areagotu egingo dira, prezioak igo egingo dira, eta egoera oso larria dator.

Horrekin batera, kontuan izan behar dugu une honetan naturak sufritzen duen kutsaduraren heren bat janariaren ekoizpen ereduaren ondorio dela. Alegia, erabiltzen diren prestiziden, herbiziden eta produktu kimiko horien guztien, eta janariaren garraioak suposatzen duen kalte guztiaren ondorioz, adituek kalkulatzen dute naturak sufritzen duen kutsaduraren heren bat janariaren ereduaren ingurutik datorrela

"Insituzioek aipatzen dutenean trantsizio ekologikoa, gutxik aipatzen dute trantsizio ekologiko batek suposatzen duen aldaketa janariaren produkzioan eta salmentaren ereduan"

Zein neurri beharko litzateke horri aurre egiteko?

Deigarria da. Insituzioek aipatzen dutenean trantsizio ekologikoa, gutxik aipatzen dute trantsizio ekologiko batek suposatzen duen aldaketa janariaren produkzioan eta salmentaren ereduan. Planteatu behar dugun gaia da. Gauzak ezin dira gauetik egunera irauli, eta ezta hitzekin edo plangintza txikiekin ere. Baina uste dugu hasi behar garela jendea kontzientziatzen. Eta poliki-poliki, oinarritik hasita, joan behar garela kezka hori planteatzen eta soluzio txikiak ematen. Herria benetan ez bada mobilizatzen, kontsumitzaileak benetan ez bagara konturatzen zer datorkigun gainera, eta ez badigu stop esaten multinazionalei, haiek jarraituko dute beraien bidean.

Beraien negozioa delako?

Bai eta oso gutxi inporta baitzaie gizarte guztia zulora eramatea. Eta zientzialari guztiak esaten ari dira natural ez duela gehiagorako ematen, ezin dela bide honetatik jarraitu eta sakoneko eta egiturazko aldaketak egin behar direla. Baina horretarako ezinbestean urrats txikiak ematen hasi behar gara, eta herritarrok esnatu behar gara, eta kexatik eta kezkatik aparte neurri batzuk hartu baditugu.

Proiektu adibiderik?

Badago Han-hemen proiektua, eta kontsumo talde indartsuak. Gure artean antolatu behar dugu, eta posible da bertatik bertara eta salmenta zuzen baten bidean urrats gehiago ematea.

"Bildu behar gara bai kontsumitzaileok eta bai nekazariak, eta erakunde publikoak, janariaren aurrean beste bide batzuk bilatzeko. Herri bakoitzetik hasita, baina ideia orokor baten atzetik"

Beraz, guk uste genuenak baino zerikusi handiagoa daukate elikadurak eta klima aldaketak ekonomiarekin?

Noski. Egoera ekonomikoa, egiturazkoa, oso lotuta dago. Hori ezkutatu egiten da eta badirudi gosea dela urte bateko klima arazoa. Ez. Gosea egiturazkoa da. Eta munduan denentzat adinako janari ekoizten da. Baina janariaren herena bota egiten da. Eta horietatik milioika tona botatzen dira enpresen arteko lehia horretan prezioak jaitsi ez daitezen. Alegia, negozioagatik ari gara janaria botatzen, milioika pertsona hiltzen diren bitartean. Beraz, sarraski itzela izaten ari da.

Gizartean oso egoera larrian gaude, eta beste alde batera begiratzen dugu. Edo ingurukoari begiratzen diogu, hemen ez gaudelako hain gaizki. Baina munduan oso-oso gai sakona da, eta ekonomiari oso lotua. Hemen ez dago trantsizio ekologikorik ekonomia alorrean aldaketa sakona egiten ez bada. Eta ezeren aurretik planteatu behar dugu ea kontsumo eredu hau posible den. Denok izan nahi dugu zoriontsu, baina zoriontsu izan gaitezke beste kontsumo eredu batekin eta askoz gutxiago kontsumituz. Denontzat ez baita heltzen. Naturak esan digu neurri horretan ezin garela hazi. Beste bide bat hartu behar dugu.

Posible da, beraz, egoerari aurre egitea.

Liburuaren bizkarrezurra da ideia hori: bai, ahal da. Eta denon zoriontasuna aurkitzeko bidean, posible da urrats garrantzitsuak ematea, baina horretarako elkarlana behar dugu. Bildu behar gara bai kontsumitzaileok eta bai nekazariak, eta erakunde publikoak, janariaren aurrean beste bide batzuk bilatzeko. Herri bakoitzetik hasita, baina ideia orokor baten atzetik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK