• LAN ETA BIZI
  • Txapela: Argentina eta Euskal Herria elkartzen dituen sagardoa

Txapela: Argentina eta Euskal Herria elkartzen dituen sagardoa

Argentinako Rio Negro eskualdean, Xabier Agirrek euskal sukaldaritza eta tokiko jakintza nahiz osagaiak uztartu ditu sagardoa sortzeko

Xabier Agirreren arbasoak euskal jatorrikoak dira | Argazkia: utzitakoa
Xabier Agirreren arbasoak euskal jatorrikoak dira | Argazkia: utzitakoa
2026ko apirilaren 24a - 05:30
Eg. 2026ko apirilaren 24a - 08:01

Euskal Herritik Argentinara emigratu zutenek aztarna handia utzi dute bertan, gaur egun ere edozein arlotan nabari daitekeena. Sukaldaritza ez da salbuespena: hiri handietan euskal jatetxe ugari daude, ospe handikoak. Karlos Argiñanok ere izan zuen, lau urtez, sukaldaritzari buruzko saio bat Argentinako telebistan.

 

Rosario hirian jaio zen Xabier Agirrek Euskal Herrian ditu sustraiak, Berriz (Bizkaia) eta Azkoitia (Gipuzkoa) herrietan zehazki. Gerra Zibilean emigratu beharra izan zuten bere arbasoek, eta, askok bezala, Argentina izan zuten helmuga.

Xabier Agirre: “Nire ama Euskal Herrian izan zen sukaldaritza ikasten, eta Argentinara itzuli zenean, esan zuen jatetxe bat jarriko zuela martxan”

Gurasoek euskal etxe batean ezagutu zuten elkar, eta lau seme-alaba izan zituzten. Agirrek azaldu du, hasieran, aitak bizikleta fabrika zuela —Berriz izendatutakoa—, baina, hil ostean, familia osoak sukaldaritzara jo zuela. “Nire ama Euskal Herrian izan zen sukaldaritza ikasten, eta itzuli zenean, esan zuen jatetxe bat jarriko zuela martxan”, kontatu du Agirrek, eta gehitu du: “Gu sukaldaritzan hazi ginen”.

 

Argentinan sagardoa ekoizteko proiektua

Agirrek 2003tik 2013ra Kaiku enpresarako lan egin zuen, Buenos Airesen, zuzendari komertzial gisa. Enpresak Argentinatik alde egin zuenean, berriz, proiektu pertsonal bati ekin zion: sagardoa egitea.

“Euskal Herria bisitatzen nuenean, sagardotegiaren kontzeptua oso interesgarria iruditzen zitzaidan. Beraz, 2017an proposatu nion Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteari produktu hori Argentinan bertan ekoiztea”, gogoratu du.

Xabier Agirre: "2017an proposatu nion Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteari produktu hori Argentinan bertan ekoiztea"

Hasieran, Agirreri erantzun zioten sagardoa Euskal Herrian ekoiztu behar zela, eta gero esportatu: “sagardogileek esan zidaten inportatu behar nuela, eta, ondoren, merkatua handituz gero, hemen ekoiztuko genukeela”.

Baina berak beste ideia bat zeukan buruan. Agirrek sortu nahi zuen bertako produktu bat: “nire asmoa beti izan zen sagardo natural bat sortzea, nortasun propioa duena, nortasun argentinarra”. Beraz, azkenean, Petritegi sagardotegiarekin hasi zuen proiektua, 2019an. Ainara Otaño Astigarragako sagardotegi horren gerente nagusiak ulertu zuen produktua “0 km” izan behar zela.

Horrelaxe sortu zen Txapela Sagardoa, “bi munduen onena” uztartzen duena. “Mundu zahar eta mundu berriarekin jolasten dugu maiz, euskal errezetekin eta Argentinako osagaiekin”, zehaztu du Agirrek.

Sagarraren hautaketa 

Argentinan —Patagoniako Rio Negro probintzian, hain zuzen— sagar mota ugari daude, eta hasieran zehaztu behar izan zuten zein zen aproposena sagardo naturala ekoizteko. Froga asko egin ostean, Petritegiko langileekin batera adostu zuten Pink Lady mota erabiltzea.

Río Coloradoko kooperatiba bat kontratatu zuten sagarrak tratatzeko, eta gero sagardoa ekoizteko jakintza transmititu zioten. Horretarako ere, ezinbestekoa izan zen Petritegi sagardotegia.

Kupeletan atera zen produktua merkatura, 2019an lehen aldiz, eta 2020 martxoan, berriz, botiletan

Kupeletan atera zen produktua merkatura, 2019an lehen aldiz, eta 2020 martxoan, berriz, botiletan. “Hasieran, bazegoen mugimendu handiago bat sagardoari dagokionez Argentinan”, onartu du Agirrek, baina, hala ere, enpresa handitu egin da: “Hazten ari gara. Uruguaira esportatzen hasi gara, eta beste merkatu batzuetan ere hasi nahi dugu sagardoa saltzen”.

Azken hilabeteetan kontsumoaren jaitsiera nabarmena izan arren, Agirrek ziurtatu du: “salmentak ez dira jaitsi, mantendu egin dira, eta apur bat igo ere egin dira”.

Sagardoa Argentinan

Sagardoaren kontsumoa Argentinan Gabonei loturik dago. Oso sasoiko kontsumoa izaten da. Bertako Ekonomia Ministerioaren datuen arabera, Argentina munduko seigarren sagardo kontsumitzailea da. Hala ere, salmenten %80 abendu aldera izaten da. Zentzu horretan, halaxe diote Ministeriotik: “Sektorearen erronkarik handiena da sagardoari sasoikotasuna kentzea, eta, aldi berean, produktu sofistikatu gisa kokatzea”.

Txapela, hala ere, ez da Argentinako beste sagardoak bezala. Bertan, kontsumitzaileak produktu askoz gozoago batera daude ohituta. Agirrek azaldu du zeintzuk diren ezberdintasun nagusiak: “Bi fermentazio izan behar ditu sagardo naturalak. Argentinako sagardoari, lehenengo fermentazio prozesuaren ostean, azukrea eta gasa gehitzen dizkiote. Guk, berriz, Euskal Herrian erabiltzen den teknika berarekin egiten dugu gure sagardoa, bere garaian Petritegik irakatsi ziguna; ez diogu inoiz azukrerik gehitzen, hori da alderik handiena”, aldarrikatu du.

Xabier Agirre: "Argentinako sagardoari, lehenengo fermentazio prozesuaren ostean, azukrea eta gasa gehitzen dizkiote. Guk, berriz, Euskal Herrian erabiltzen den teknika berarekin egiten dugu gure sagardoa"

Hala ere, argentinarren gustu eta ohituretara hurbiltzeko, Agirrek produktu berri bat sortu zuen, Juliá&Echarren izendatu zuena, sagar zukuarekin gozatutakoa. Horrez gain, Berriz gina, Teitu sagardo asturiarra eta Maitasuna sagar ozpina ere kaleratu ditu.

Produktu horiek guztiak ekoizten dituen enpresak Patagonia-Astigarraga du izena, erreferentzia eginez sagarraren eta sagardoaren zonaldeei. Argi dago, argentinarrarentzat garrantzia handia duela bertako osagai onenak eta Euskal Herrian dagoen jakintza erabiltzeak kalitatezko produktu bat sortzeko.