Uda garaian gastuak irudikatzen dituen grafikoko lerroak goia jo ohi du euskal herritarren kontu ekonomikoetan. Oporretara joateko asteak izan ohi dira, egunak luzeagoak dira eta asteburuetan ez ezik, astegunetan ere kanpoan afaltzeko grina areagotu egiten da. Plan gehiago egiten dira lagunekin, dela egun-pasak, parrandak, mendi bueltak edo terrazako kafe luzeak. Haurrak dituztenentzat ere udaleku garaia da. Eta horrek guztiak dirua mugitzen du. Udazken nahiz neguko egun ilunetan errazagoa da aurreztea. Ez, ordea, uztaileko arrats luze eguzkitsu batean.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Eustaten datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeetan 38.835 euro gastatu ziren batez beste 2025ean; hots, pertsona bakoitzeko gastua 16.642 eurokoa izan zen, eta gastu horietatik, 4.500 euro baino gehiago hotel, ostatu, jatetxe eta tabernetan egin ziren eta 4.000 baino gehiago garraioan. Are, aisialdiko gastua batezbesteko 1.765 eurokoa izan zen urtean. Hiru esparru horiek dira etxeetako gastuen zati handiena hartzen dutenak, eta, hain justu, aisialdia, garraioa eta ostalaritza dira udaran egin ohi ditugun jarduera nagusiak.
Nafarroaren kasuan, INEko datuek diote etxe bakoitzak batez beste 14.154 euro gastatu zituela 2024an, eta horietatik 3.500 baino gehiago erabili zituztela ostatu, jatetxe eta tabernetan, eta beste 3.500 pasatxo garraioan. Ipar Euskal Herriko datuak ez ditugu topatu.
Kostuak: aurreikusitakoak eta ustekabekoak
“Oporrak ez dira aurrezteko momentua” dio baten batek testuaren azpialdeak ikus dezakezun bideoan. Baina eguneroko bizitza etengabe garestitzen ari den garaiotan, ez dakit ba ote den aurrezteko unerik udatik kanpo ere.
Oporretako gastuak, gainera, ez dira soilik garraioa edota ostatua, nahiz eta askok, hasiera batean, horrela pentsa lezaketen. Opor batzuen guztizko kostuak barne hartzen ditu otorduak, gasolina edo tokiko garraioa, aseguruak, txangoak, aparkalekuak, bidesariak… eta, nola ez, bidaian zehar beti sortzen diren ustekabeko gastu txikiak. Hortaz, eta, tamalez, azken zenbatekoa erreserba egitean neurtutakoa baino askoz handiagoa izan ohi da.
Aurreztu edo ez aurreztu, turista beti saiatuko da bere bidaia ahalik eta merkeen antolatzen, eta horretarako badira zenbait irizpide jarraitzeko modukoak. Adituek diote oporretarako gastua lau zutabeetan banatzea dela gakoetako bat: garraioa, ostatua, eguneroko mantenuaren estimazioa bat bider oporretako egun kopurua eta ustekabekoentzako aurrekontu txiki bat. Lau gako horiek batuta atera daiteke lehen aurrekontu bat. Baina, horra hor adituen bigarren aholkua: aurreikusitako guztizkoari gehitu %10, oporretan beti azaltzen baita beste ustekabeko gasturen bat: aurreikusitakoa baino garestiagoa den otordu bat, taxi bat, pisua gainditzen duen maleta bat…
Adituek diote oporretarako gastua lau zutabeetan banatzea dela gakoetako bat: garraioa, ostatua, eguneroko mantenuaren estimazioa bat bider oporretako egun kopurua eta ustekabekoentzako aurrekontu txiki bat
Beste erreferentzia batzuek zera diote: ez gastatu oporretan urteko diru-sarreren %8 baino gehiago; hots, hilabete bateko soldata dedikatu oporretako gastuei, ez gehiago, ez gutxiago. Erraza esatea, zaila betetzea. Azken irizpide hori betetzeko zenbait aholku ere ematen dituzte. Lehena: oporren helmuga aukeratu aurretik, ezarri aurrekontu finko bat. Bigarrena: hegaldiak aurrerapenarekin hartu. Nazioarteko bidaia luze bat egin asmo bada, sei hilabete baino lehenagoko aurrerapenarekin hartzea gomendatzen da. Bidai laburragoak, berriz, Europan barrena egin nahi direnak, besteak beste, hiru hilabeteko aurrerapenarekin, posible bada.
Bideoan ere aipatzen da eskaintza bereziak edota deskontuak probestearen aukera. Horiek baliagarriak izan daitezke bai, baina tentuz erabili beharrekoak dira, iruzur asko baitago sarean, eta sarritan hasierako prezioa puztu eta puztu egiten da azken eta benetako preziora iristeraino.
Dena da garestiagoa
Allianz Parner eta Ipsos etxeek eginiko Global Travel Confidence Index azterlanaren arabera, espainiarrak dira oporren gastuekin desadostasun gehien dituzten mundutarrak. Espainiako hamar bidaiaritik zortzik (%87) dio kezkatuta dagoela udako oporretarako kostuen igoera dela eta. Datua are adierazgarriagoa da gainerako herrialdeekin alderatuz gero: Espainiak du kezkarik handiena txostenean aztertutako merkatu guztietako bidaien garestitzeagatik;, Txina (%84), India (%82), Estatu Batuak eta Italia (%79), Erresuma Batua (%78), Frantzia (%74), Alemania (%77), Herbehereak (%66) eta Suitza (%63) datoz ondoren.
Espainiako hamar bidaiaritik zortzik (%87) dio kezkatuta dagoela udako oporretarako kostuen igoera dela eta
Espainiarrak dira haserreen, eta, hortaz, euskaldunak ez gara oso urruti ibiliko. Horren aurrean, prezioa ahalik eta gehien jaisteko oporren bilaketan badira beste zenbait trikimailu, esaterako, erreserbak igandetan egitea. Interneteko atariak eta eskaintzak monitorizatuz aukera baitago ikusteko zein egunetan diren hegaldi nahiz hotelen prezioa merkeago, eta, adituen arabera, igandetan ematen da prezioen beherakada handiena.
Beste amarru bat: Interneten ezezagun moduan nabigatzea. Airelinea nagusiek eta sareko prezio konparatzaile plataformek erabiltzaileen nabigazioa eta bilaketa motak erregistratzen dituzte, eta prezioak igotzen dituzte beren helmuga eta ordutegi gogokoenak argi dituztenean. Hori saihesteko, Interneten nabigatzen den bakoitzean, gomendatzen da modu ezkutuan aritzea. Egia izango ote?
Beste alternatiba bat: hotela edo ostatua garestiegia dela? Egin etxe trukaketa.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta