Aste Santua gerturatzen denean, gozogintzako lantegietan lanak pilatzen hasten dira. Garai honetan ohikoak dira opilak, ogia zein esne-frijituak, monak eta txokolatezko figurak. Alta, ospakizun garaia izateaz gain, produktua gero eta garestiagoa ere bada ekoizle zein bezeroentzat. Azken urteotan, irina, gurina, azukrea eta kakaoa nabarmen garestitu dira, eta horrek zuzenean jo du sektorea.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
2024an kakaoaren prezioa %100etik gora igo zen. Afrikako mendebaldea da munduko ekoizle nagusia, eta bertako uztek eta egoera politiko zein ekonomikoek berehala eragiten dute merkatuan. Azukrearekin ere antzeko zerbait gertatu da: energia kostuek, laborantza baldintzek eta garraio arazoek prezioak gora bultzatu dituzte. Ekialde Hurbileko tentsioek petrolioaren prezioa igo dute, eta horrek garestitu egin ditu ekoizpena eta banaketa. Berriki, Ormuzeko itsasartean itsasontzien blokeoak larriagotu egin du egoera hori guztia, eta aurki nabarmenduko dira ondorioak.
Txokolatearen industria txikia mantentzen ari da
Baionako Cazenave txokolate-saltegiak 1854tik darama martxan, eta familiaren esku egon da belaunaldiz belaunaldi. “1920ko hamarkadan ene amatxi hasi zen lanean. Ordutik gure etxean jarraitzen du negozioak”, azaldu du Pantxoa Bimboirek, egungo arduradunak.
Azken urteetako prezioen gorakadaz galdetuta, argi mintzo da: “Bai, gorakada handia izan da hazi prezioetan. Hazia 5.000 euro/tonatik igo da 15.000 euro/tonara. Gure prezioak ere goratu ditugu, baina ez proportzio horietan... orain behiti ari da hazi prezioa, baina askoz emekiago egin ziren stockengatik”. Bere ustez, sektorea ez dago modu berean kolpatuta: “Txokolatearen sektorea zatitua da lau partetan: industria handiak; industria txikiak, enea bezalakoa, hamar langile izanik hazitik ekoizten duena; saltegi handiak; eta saltegi txikiak. Industria txikiaren sektorea bakarrik ezagutzen dut, goi mailako sektorea dena. Mementoko aski ongi mantentzen da”.
Beste ekoizle batzuek errezetak moldatu edo bestelako aukerak bilatu dituzten bitartean, Cazenaven apustua bestelakoa da. “Gu tradizionalak gara. Gauza gutxi aldatzen dugu. Gure moda da beti segitzea garen bezala. Gure “kaiolan” aski ongi gaude, baina lana eta langileak aldatzen dira”.
Garua, modernitatera egokitzen
Hondarribian, Garua okindegi eta kafetegi artisauan ere antzeko egoera bizi dute. Aste Santua eta San Markos eguna (apirilak 25) lan handiko garaiak dira haientzat, batez ere opilen salmentagatik. Herrian 2017an sortutako okindegi eta kafetegi artisau bat da. Gaur egun hiru bazkide eta lau langilek osatzen dute enpresa. Bere filosofia eta lan egiteko modua artisautza eta elaborazio propioa dira. Produktuen artean ogia, opilak zein gozoak aurki daitezke. Salmenta zuzena egiteaz gain, kafetegi-gunea dute, non jendeak edozein momentutan dasta ditzakeen produktuak.
“Lehengai asko igo dira azken urteotan: gurina, esnea, azukrea, kakaoa, arrautzak… Gari-irinak pandemia garaian eta Ukrainiako gerratea hasi zenean ere gora egin zuen. Elektrizitatearen prezio igoera ere asko nabari da gure kasuan", dio Estitxu Elizasu okina eta bazkideetako batek. Erabakiak ere hartu behar izan dituzte egoera ikusita. "Prezioak igo behar izan ditugu behin baino gehiagotan, eta beste kasu batzuetan enpresan jasan ditugu igoera horiek, bezeroari eragin gabe". Egoera horrek eragina du eguneroko lanean ere. "Produktu berriak eskaintzeko garaian, kontuan edukitzen dugu txokolate kantitate handia duen errezeta ez izatea, adibidez. Gurean hori kontrolatu dezakegu; bonboiak edo bestelakoak egiten dituztenek arazo handiagoa edukiko dute kakaoaren igoerarekin. Baina esan bezala, lehengai askoren prezioak igo egin dira azken urteetan”, azpimarratu du Elizasuk.
Estitxu Elizasu (Garua): "Prezioak igo behar izan ditugu behin baino gehiagotan, eta beste kasu batzuetan enpresan jasan ditugu igoera horiek, bezeroari eragin gabe"
Hala ere, Garuan ez dute bereizketa handirik egiten tradizioaren eta berrikuntzaren artean. “Ez dugu bereizketa hori asko zaintzen. Hasieran herrian falta ziren, edo gutxi ikusten ziren produktuak eskaintzen genituen: brownieak, alfajoreak, panettoneak… Gaur egun gureganatutako produktuak dira. Produktu berriak ateratzeko garaian gure gustuan eta bezeroari zer gustatuko zaion pentsatzen dugu, ez berrikuntza bat den edo ez”, nabarmendu du.
Aste Santuak salmenta garaia izaten jarraitzen du, baina testuingurua aldatu da. Prezioek baldintzatzen dute ekoizpena, eta horrek egokitzera behartzen ditu artisauak zein enpresa txikiak. Oraingoz, askok aurrera jarraitzen dute, bakoitzak bere modura, tradizioari zein modernitateari eutsiz.