• LAN ETA BIZI
  • Ziortza Llano: “Motibazioa da zaldiekin lagundutako terapia pertsona guztientzat eskuragarri egitea"

Ziortza Llano: “Motibazioa da zaldiekin lagundutako terapia pertsona guztientzat eskuragarri egitea"

Tipi-Tapa zentroak helburu du dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea zaldiek lagundutako terapiaren bitartez

Tipi-Tapa 11 zaldik, bi astok eta sei profesionalek osatzen dute | Argazkia: utzita
Tipi-Tapa 11 zaldik, bi astok eta sei profesionalek osatzen dute | Argazkia: utzita
IMG 0321
Kazetaria
2026ko maiatzaren 6a - 05:30

2021. urtean hasi zen Ziortza Llano zaldiekin lagundutako hipoterapia zerbitzuak eskaintzen. Tipi-Tapa zaldiekin lagundutako terapia zentroa da, dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko beharretik sortu zena. Izan ere, zaldiek lagundutako terapiek gizarteratzeko duten balioa ikusarazi dute. Orain bi urte ezagutu genuen proiektua EnpresaBIDEAn, eta gaur-gaurkoz zein puntutan dagoen jakin nahi izan dugu.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Zer moduz zoaz Tipi-Tapa proiektuarekin?

Ondo noa, oro har. Egia da prozesua luzea dela, eta batzuetan iruditzen zaidala motel samar doala, baina pozik nago pixkanaka aurrera egiten ari garelako. Une honetan, Tipi-Tapa 11 zaldik, bi astok eta sei profesionalek osatzen dugu, eta talde sendo eta konprometitua dugu. Hasieratik genuen helburua familien beharrei erantzuten dien kalitatezko zerbitzua eskaintzea zen, eta uste dut hori lortzen ari garela. Horrek motibazio handia ematen digu aurrera jarraitzeko.

 

Hilabete hauetan zer aurrerapauso izan ditu proiektuak?

Aurrerapauso garrantzitsuena lan taldea osatzea izan da, zalantzarik gabe. Horri esker, familia gehiago artatu ditzakegu, baita eskaintzen ditugun zerbitzuak zabaldu ere. Gainera, ekintzailetza prozesuan hasieran bakarrik ibili naizenez, talde baten babesa izatea funtsezkoa izan da niretzat, bai maila profesionalean, bai pertsonalean. Bestetik, pixkanaka gure metodologia fintzen eta egokitzen joan gara, erabiltzaileen beharretara gero eta gehiago egokituz.

Martxan jarri zenuenetik gaur egunera arte zer ikasi duzu?

Ikasi dut ekintzailetza ez dela bide erraza, eta etengabeko ikaskuntza eskatzen duela. Egoera berrietara egokitzeko gaitasuna, pazientzia eta iraunkortasuna ezinbestekoak dira. Halaber, pertsonen kudeaketa, komunikazioa eta sareak sortzearen garrantziaz ere jabetu naiz. Azkenean, proiektua ez da ideia bat bakarrik; eguneroko lan eta erabakien emaitza da.

"Motibazio nagusietako bat da zaldiekin lagundutako terapia pertsona guztientzat eskuragarri egitea, haien egoera ekonomikoa edozein dela ere"

Zerbait aldatuko zenuke? Hala bada, zer eta zergatik?

Egia da bidean gauza batzuk ez direla espero bezala atera, baina ez nuke ezer bereziki aldatuko. Topikoa dirudien arren, akatsetatik asko ikasi dut, eta ikaskuntza horiek funtsezkoak izan dira gaur egun gauden tokira iristeko. Atzera begiratuta, momentu horiek zailak izan arren, aurrera egiteko beharrezkoak izan dira. Aldatuko nukeen gauza bakarra prozesu osoaz gehiago gozatzea izango litzateke; izan ere, egon dira une batzuk non ez dudan horrela bizi izan.

Zeintzuk dira egun proiektuarekiko zure motibazioak?

Motibazio nagusietako bat da zaldiekin lagundutako terapia pertsona guztientzat eskuragarri egitea, haien egoera ekonomikoa edozein dela ere. Uste dugu terapia hau oso baliotsua dela, eta ahalik eta familia gehienengana iristea nahiko genuke. Bestetik, Tipi-Tapa taldea bera ere motibazio iturri handia da niretzat: profesional konprometituak gara, eta egunero ikusten dugu gure lanak benetako eragina duela pertsonen bizitzetan.

PHOTO 2026 05 04 12 11 28 2(1)
Argazkia: utzita

Hainbat sari irabazi dituzu. Zer esanahi dute horrek Tipi-Taparentzat?

Tipi-Tapa proiektuak hainbat sari jaso ditu: 2022an BUM sariak osasun kategorian eta publikoaren kategorian, baita Behargintza Enkarterriko enpresa proiektuen lehiaketako gazte kategorian lehenengo saria ere. Gainera, 2025ean Open Value Foundationen Impulsa saria jaso dugu. Sari horiek gure lanaren aitortza dira, eta indarra ematen digute aurrera jarraitzeko. Horrez gain, zaldiekin lagundutako terapiek gizarteratzeko duten balioa ikusarazi dute. Garrantzitsua da familiek jakitea beste aukera terapeutiko batzuk ere badirela.

"Zaldiaren mugimenduaren bidez enborra eta burua hobeto kontrolatzea lortzen duen pertsona batek autonomia handiagoa izan dezake janzterakoan edo jaterakoan"

Arrakasta kasuren bat kontatu ahal diguzu?

Niretzat kasu guztiak dira arrakasta kasuak, bakoitzak bere erritmoa eta erronkak dituelako. Arrakasta ez dut soilik emaitza handietan neurtzen, baizik eta eguneroko aurrerapen txikietan ere. Pertsona bakoitzaren gaitasunak garatzea da gure helburua, eta askotan lorpen txiki batek eragin handia izan dezake bere eguneroko bizitzan. Adibidez, zaldiaren mugimenduaren bidez enborra eta burua hobeto kontrolatzea lortzen duen pertsona batek autonomia handiagoa izan dezake janzterakoan edo jaterakoan. Horrelako aurrerapenek bizi-kalitatean eragin zuzena dute, eta hori da guretzat benetako arrakasta.

Zeintzuk dira proiektuaren hurrengo pausoak?

Hurrengo pausoak honako hauek dira: lan taldea finkatu eta indartzea, eta gure zerbitzu-zorroa zabaltzea, batez ere goizeko ordutegian talde jarduerak eskainiz. Horrekin batera, Tipi-Tapa proiektua elkarte eta erakundeei aurkeztea, paziente eta familientzat lagungarriak izango diren lankidetza hitzarmenak lortzeko. Eta, oro har, gure jarduera profesionalizatzea eta egonkortzea.

Zer erronka edo helburu ditu Tipi-Tapak epe laburrera eta epe luzera?

Epe laburrean, erronka nagusia da eskaintzen dugun zerbitzua sendotzea, eta gero eta pertsona gehiagorengana iristea, kalitatea mantenduz. Halaber, terapia hau ekonomikoki eskuragarriagoa izateko bideak bilatzen jarraituko dugu.

Epe luzera, Tipi-Tapa proiektu jasangarri eta sendoa izatea da helburua. Gainera, gure eredua beste eremu geografiko batzuetara zabaltzea gustatuko litzaiguke, familia gehiagori lagundu ahal izateko, eta zaldiekin lagundutako terapiak gero eta ezagunagoak eta eskuragarriagoak izan daitezen.