Egoera ekonomiko “egonkorra” bizi du Ipar Euskal Herriak

%5,8an kokatu da eskualdeko langabezia tasa aurtengo lehen seihilekoan

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak 2023ko lehen seihilekoaren barometro ekonomikoaren datuak aurkeztu ditu. Enpresek emandako erantzunetan oinarritutako ikerketa honen arabera, Ipar Euskal Herriko jarduera ekonomikoa egonkorra dela ondorioztatu du Ganberak. Horren adierazle da langabezia datua, %5,8an kokatu baita aurtengo lehen seihilekoan, Andre Garreta Ganberako lehendakariaren hitzetan, kopuru minimoetan dago, “enplegu osotik hurbil”.

Akitania Berriko 4.000 enpresa baino gehiagok erantzun dute galdetegia, eta horietatik 212 dira Ipar Euskal Herrikoak. Datuen arabera, enpresaburuen %74k konfiantza erakutsi dute euren enpresaren etorkizunari dagokionez, baina %31ak soilik du konfiantza Frantziako egoera ekonomikoari buruz galdetuta. Halaber, enpresen %21ak egin dituzte inbertsioak urteko lehen seihilekoan, eta bigarrenean, %24k aurreikusten dute gauza bera egitea.

Era berean, Ipar Euskal Herriko negozio bolumena goranzko joera izaten ari bazen ere, aurtengo lehen erdian hazkundea gelditu dela jakinarazi dute. Inflazioa nahiz lehengaien eta energiaren kostuak jo ditu Garretak hazkundearen moteltzearen arrazoi nagusitzat. Dena den, sektoreka, industriako enpresen %40k irabaziak areagotu dituzte, eta %38k egin ditu inbertsioak 2023an. Bestalde, eraikuntza sektorean, eskaera eta salmentei dagokionez, beherakada izan da, baita zerbitzuen arloan ere, non iaz baino negozio bolumen txikiagoa izan den.

Enplegu sortzaile

Akitania Berria eskualdeko bigarren enplegu sortzailea da Ipar Euskal Herria, Bordeleren atzetik. Langile kopurua handitu da (93.496) eta soldatak %6,8 egin dute gora, batez besteko soldata hilean 2.384 eurotan kokatuz.

Hala eta guztiz ere, enpresa berri gutxiago sortzen ari dira (%9) eta itxierak ere ehuneko berean egin dute behera. Hala, 623 enpresa berri daude eskualdean. Honen harira, enpresen %17k langileak kontratatzeko zailtasunak dituztela onartu dute, hautagai falta edota profil egokirik ez aurkitzea argudiatuz.

Azkenik, enplegu eskatzaileen kopurua apaldu egin da, iaz baino %1,2 gutxiago, hain justu ere. Honela, aurtengo ekainean 23.321 pertsona zeuden enplegu eskatzaile bezala lurraldean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK