Egun beroetan kalean lan egiteko debekua ezarri du Espainiak

Lehorteari aurre egiteko 2.190 milioi euroko 10 neurriko sorta onartu du ministroen kontseilu bereziak

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Lehortearen aurkako 10 neurriko sorta onartu berri du Espainiako ministroaren kontseilu bereziak, 2.190 milioi euroko balioa dutenak. Horietatik 784,2 milioi euro lehen sektoreko nekazari eta abeltzainei laguntzera daude bideratuta, eta diru-laguntza zuzenen bidez, zerga beherapenekin eta maileguekin lagunduko zaie. Hala ere, neurriok ez dute eraginik izango Hego Euskal Herriko nekazari eta abeltzainen kasuan, Nafarroako Parlamentuak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiek dutelako erabaki horien gaineko eskuduntza.

Hala ere, hartu duen beste neurrietako bat da bero handiko egunetan kalean lan egitearen debekua, eta horrek eragingo dio Hego Euskal Herriari ere. Aemet Espainiako meteorologia agentziak muturreko beroa dela eta alarma laranja edo gorria ezartzean sartuko da indarrean debeku hori. Eremu ezberdinen arabera banatuko ditu alarma egoera horiek Aemetek. Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Pirinioen kasuan, 37 graduak gainditzean ezarriko luke alarma laranja, eta 40 gradutik gorako kasuetan alarma gorria. Arabaren eta Nafarroako gainerako eremuen kasuan, 39 gradutik gora ezarriko luke alarma laranja, eta 42tik gora gorria.

Espainia osoan lehorte arazoak egonagatik ere, gurean, Nafarroako Erdialdea eta Erribera dira eremurik kaltetuenak, 40.000 hektarea galdutzat eman baitituzte jada.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK