Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko laguntza eskainiko die Aldundiak tokiko erakundeei

20/2021 Legeak aukera ematen du toki-erakundeek kudeaketa gomendioak egiteko foru erakundeari, eta bide hori jorratu nahi du Gipuzkoako Aldundiak

Eider Mendoza Gipuzkoako foru bozeramailea | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Eider Mendoza Gipuzkoako foru bozeramailea | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, tokiko erakundeei enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei egonkortze-prozesuekin lagunduko die. Hala erabaki du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, abenduaren 28ko 20/2021 legeak aukera irekitzen du tokiko erakundeek Foru Aldundiari kudeaketa-gomendioak egiteko, prozesu horiek aurrera eramaten laguntzeko. Azken astean lurraldeko tokiko erakundeen ordezkariekin zenbait topaketa egin dituztela gaineratu du, erabakiarekin “zuten beharrari erantzunez”.

Foru bozeramaileak gogoratu duenez, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko 20/2021 Legeak egonkortze-prozesu batzuk egitera behartzen ditu administrazio publiko guztiak, eta horrek barne hartzen ditu Gipuzkoako toki-erakundeak ere: “Toki Administrazioaren eremuan, egonkortze-prozesu horien garapena errazteko, lege horrek aurreikusten du toki-erakundeek beren kudeaketa materiala probintzietako diputazioen esku uzteko aukera, kudeaketa-gomendio bidez, dagoeneko argitaratuta dituzten lan-eskaintza publikoen arabera eta lege horretan jasotako aurreikuspenen babesean”, gaineratu du.

Gaur gaurkoz, egonkortze-prozesu horiek burutzeko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean lan-eskaintza publikoak argitaratu dituzten Gipuzkoako toki-erakunde kopurua ondorengoa da: 87 udaletatik -Donostia kanpo geratzen da- 71; 20 mankomunitatetik 9; eta hiru partzoneritatik bat. Guztira argitaratutako plaza kopurua 1.245 izan da, horietatik 1.060 merezimendu-lehiaketako sisteman, 153 oposizio-lehiaketa bidez eta 32 zehaztu gabe. Ondoriozko prozesuak 558 dira guztira, zeinetatik 447 merezimendu-lehiaketa bidez, 91 oposizio-lehiaketan eta 20 zehaztu gabe.

Gaur onartu den hitzarmen ereduan jasotzen denaren arabera, merezimendu-lehiaketako sistemaren bidezko egonkortze-prozesuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Epaimahai Kalifikatzaileari dagokion jarduera materiala eta teknikoa egitea hartuko du bere gain. Toki-erakundearen titulartasun juridikoa ez da transferitzen, ezta haren eskumenak baliatzen ere. Beraz, tokiko erakundeak eutsiko dio gomendioaren xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo ebazpen juridiko guztiak emateko eskumenari, agindutako jarduera materiala gauzatu aurretik zein ondoren. Gainera, egonkortze-prozesuen kudeaketa errazteko eta eraginkorrago izateko, IZFEk aplikazio bat jarriko du toki-erakundeen esku, prozesu honetan laguntzeko. “Elkarlanean aritzeak prozesu hau guztia arindu eta errazten du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bere esku dituen baliabide guztiak jarriko ditu horretarako”, baieztatu du Mendozak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK