Xabier Oleaga: "Gogoeta lanak ez dira mugatuko mintegi batera; prozesu bat jarraitu beharko dute"

Gaindegiako idazkariak nabarmendu du entitatea sortu zeneko helburuak erronka berriekin uztartu nahi dituztela, hala nola akademiaren ahotsen presentzia indartu, Euskal Herriko lurraldeen datuak alderatu eta gogoeta kualifikatua sustatu

Xabier Oleaga, Marti Ugalde kultur parkean | Argazkia: EnpresaBIDEA Xabier Oleaga, Marti Ugalde kultur parkean | Argazkia: EnpresaBIDEA

Euskal Herria gehien kutsatzen duen herrialdeetako bat da. Ideia hori azpimarratuz itzuli nahi izan du Gaindegiak bi urteko "hibernazio" prozesuaren ostean. Asteartean egin zuen aurkezpena Xabier Oleaga-Arondo Gaindegiako idazkari berriak, Iñaki Dorronsoro presidenterekin batera, Donostiako Tabakaleran. Oinarrizko helburuak mantentzen jarraituko duela dio Oleagak eta bideari eutsiko diotela, baina proiektuari erronka berriak jarrita, tartean zuzendaritza batzordea lagunduko duen batzorde akademikoa sortzea, eta urtero gai jakin baten inguruko sakoneko gogoeta bultzatzea. Gogotsu dirudi idazkariak.

Gaindegia “eraberrituak” nola ekiten dio aurreko Gaindegiak etendako ibilbideari?

Gaindegia zahar bat eta berri bat baino gehiago, Gaindegiaren jarraipena dago. Bitartean hor izan da hibernazio garai bat, osasun krisiak iraun bitartekoa. Eta horrek behartzen gaitu gaindegia berdimentsionatzera, bai barruko egituretan, baita kanpora begira egin ditzakegun zerbitzuetan ere, tartean ikerketa estatistikoak edo estimaziozkoak. Hala ere, gure sorrerako helburuek bere horretan jarraitzen dute.

Berdimentsionatzea diozuenean, zeri buruz ari zarete, zehazki?

Orain arte Gaindegiak egin izan ditu ikerketa estatistiko asko sozioekonomiaren zenbait arlotan: gazteen langabezia, langabezia oro har, babes soziala zein punturaino iristen den... Horrekin batera, mintegiren bat egin izan du eztabaidarako izan diren gaien inguruan. Hemendik aurrera gure lan estatistikoa zentratuko da nagusiki urtero egingo dugun adierazle sozioekonomikoen galerian, baina segur aski horren jarraipen estatistikoa gai gehiagotan zorrotzagoa izango da, eta orain arte baino aldagai gehiago hartuko ditu kontuan.

Era berean, Euskal Herriaren ikuspegi orokor bat eskaintzen zen, eta gero konparaziozko elementuak, bai 27ko Europako Batasunean, bai munduan. Aurrera begira, ikerketa horiek bideratuko dira Euskal Herriko lurralde desberdinen artean harreman sozioekonomikoak nola garatzen diren erakustera, esaterako, aztertzera bateko produktuak bestearen gune administratiboan saltzen diren edo ez.

Beraz helburua da baliagarria izatea bai eragile sozialentzat, baita erakundeentzat ere, hau da, udalentzat, aldundientzat, gune administratiboentzat... eta Euroeskualdearen barruan sartzen diren gune administratiboentzat.

Gure lan estatistikoa zentratuko da nagusiki urtero egingo dugun adierazle sozioekonomikoen galerian, baina [...] orain arte baino aldagai gehiago hartuko ditu kontuan

Azken hori, aurkezpenean aipaturiko “gogoeta kualifikatu” kontzeptuari lotuta al dago?

Hori desberdina da.

Beraz, argazkia dugu alde batetik, eta bestetik horri lotuta eskaini daitekeen gogoeta kualifikatua.

Hori da. Urte bakoitzean egingo dugun ikerketa horretan jarriko dugu lupa gai bat edo bitan, azterketa gai bihurtu daitezen. Maila kualifikatu baten identifikatuko ditugu, eta ondoren gune zabalagoetara eramango ditugu. Aurten, adibidez, ingurugiroan jarri nahi izan dugu fokua. Ikerketa horrek esaten digu bagenekien zerbait, baina estatistikan oinarritzen digu: Euskal Herria mundu mailan CO2 gas gehien isurtzen duen herrialdeen artean dago, nahiz eta ez izan gehien botatzen duena. Horrek jendea aztoratu egin du, arlo sozialean, adibidez. Zergatik gara gu CO2 gehien botatzen duen lurraldeetako bat? Industriak gure ekonomian duen garrantziagatik, eta haren garapen mailagatik. Eta gure gaur eguneko ongizate maila ere horretan oinarritzen da. Horrek hausnarketa sor dezake, gaiari buelta bat emanarazi eta, posible bada, adostasun minimoetara iritsi.

Nola gauzatuko da gogoeta?

Gogoeta lanak ez dira mugatuko mintegi bat egitera. Prozesu bat jarraitu beharko dute, denbora batekin eta metodo batzuk adostu beharko ditugu. Bestela esanda, lan serio bat egin nahiko genuke gogoeta horiek aplikagarriak izan daitezen, eta ez daitezen kaxoi baten gordeta geratu. Beraz, planteatzen ari garen erronkak aurrekari gutxi du herri honetan, edo batere ez esango nuke. Dena den, anbizio handiko plana da, eta bere zailtasunak ditu.

Urte bakoitzean egingo dugun ikerketa horretan jarriko dugu lupa gai bat edo bitan, azterketa gai bihurtu daitezen. Maila kualifikatu baten identifikatuko ditugu, eta ondoren gune zabalagoetara eramango ditugu

Proposamenak harrera ona izan du?

Orain arte egin duguna izan da galdeketa moduko bat gogoeta horietan parte hartu dezakeen jendearen artean. Eta interesgarria iruditu zaie. Horrek pentsarazten digu gai izango garela denbora gehiagorekin edo gutxiagorekin zerbait artikulatzeko. Baina oraindik ikusteko dago.

Sorrerako helburuak, baina, bere horretan mantentzen direla diozue. Zeintzuk dira?

Lehenengoa, ikerketa estatistikoak ematen diguna, Euskal Herriaren argazki sozioekonomiko dinamikoa eta argia eskaintzea, ez baita estatikoa, etengabe aldatzen delako. Bigarrena, argazki horrek gogoetarako ematen dizkigun gaiak identifikatu eta horien inguruan gogoeta saioak bultzatzea. Eta hirugarren elementua, oraindik gutxi garatu duguna, Iparraldearen eta Hegoaldearen artean mugaz gaindiko ekimenak martxan jartzea arlo sozioekonomikoan. Egun badira adibide batzuk: esaterako, Baionako merkatal ganbarak eta Donostiakoak gune bat sortu dute garapenerako mugaz gaindiko ekimenak sortzeko. Horixe bezala, beste batzuk bultzatu nahi genituzke. Dena den, epe luzera ez dugu ezer finkatuta azken horri lotuta.

Orain arte zuzendaritza batzordea zegoen, eta hemendik aurrera aholkularitza batzorde bat nahi dugu horren ondoan. Alegia, ez ditu erabakiak hartuko, baina ildoak markatuko ditu. Talde horri batzorde akademikoa deitu diogu

Erronka horiei heltzeko, zuzendaritza batzordea zabaltzeaz gain, batzorde akademikoa sortu nahi duzue.

Hala da. Orain arte zuzendaritza batzordea zegoen, eta hemendik aurrera aholkularitza batzorde bat nahi dugu horren ondoan. Alegia, ez ditu erabakiak hartuko, baina ildoak markatuko ditu. Eta zuzendaritzak proiektu bakoitza aurrera eramateko orduan, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak bilatzean kontuan izan beharko dituenak.

Talde horri batzorde akademikoa deitu diogu. Zergatik izen hori? Unibertsitateko kutsu handia izango duelako: katedradunak, unibertsitateko bestelako ikerlari adituak... Ez zaizkigu hainbeste ikasleak interesatzen, ikerlariak baizik. Eta pentsamendu propioa garatzeko gaitasuna duen jendea. Formalki eratu gabe dugu oraindik.

Baina lehen esandako CO2 isurien gaia, berez, orain batzorde akademikora eraman beharko genuke, hark zein iritzi duen ikusi. Ikusiko balu merezi duela eta baliabideak direla horretarako, horretan zentratuko ginateke edo mekanismoak jarri. Horrek azaltzen du datozen hiruzpalau urteetan Gaindegiaren lana zein izan daitekeen. Zentratu ikerketa estatistikoari dagokionean urteroko adierazleen galeria geroz eta aberatsagoa egiten horren dibulgazio sozial ahalik eta zabalena lortu, eta gogoeta probokatu, gako izan daitekeenaren inguruan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK