Zamudio izango da Espainiako Agentzia Espazialaren egoitza berria izateko Jaurlaritzaren apustua

Proposamena tramiterako onartu beharko du Espainiako gobernuak

Zamudioko parkeko artxibo argazkia | Argazkia: SPRI Zamudioko parkeko artxibo argazkia | Argazkia: SPRI

Jakina zen EAEk Espainiako Espazio Agentziaren egoitza berria izateko hautagaitza aurkeztuko zuela. Hala iragarri zuen Arantxa Tapia Otaegi Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak joan den astean. Airean zen oraindik, baina, hiru parke teknologikoetatik zeinen alde egingo zuen Jaurlaritzak apustu. Zalantza argitu da dagoeneko: Zamudioko Parke Teknologikoa (Bizkaia) izango da hautagai, betiere kontsultarako batzordeak egiaztatzen badu bete beharreko baldintzak betetzen dituela. Horretarako, datozen hamar egunetan txostena bidali beharko du Jaurlaritzak Lurralde Politikako Ministeriora, haren parte baita arestian aipaturiko batzordea. Hautagai guztiak aztertu ondoren, irizpena eman beharko du, eta Ministroen Kontseilura eraman, hark erabakia har dezan.

Agentzia berria 2023ko lehen hiruhilekoan abiatuko da, eta 500 milioi euroko aurrekontua eta 70 langile izango ditu. Guztira, 21 proposamen jaso ditu Espainiako gobernuak egoitza izateko, horietatik 20 Madrildik kanpokoak, hori izan baitzen Pedro Sánchez Pérez-Castejonek ahoz iragarritako baldintzetako bat. Dena den, aldizkari ofizialean ez da halakorik jaso. Euskal Herrian, Zamudio ez ezik, Lizarra ere izango da hautagaien artean, Nafarroako Gobernuak hala proposatuta. Zehazki, Miguel de Eguía Zentro Teknologikoaren instalazioetan kokatu nahi du egoitza berria.

Zamudiokoa apustu indartsua izan daiteke, Espainiako gobernuak ezarritako irizpide batzuk kontuan hatuz gero, hala nola nazioarteko konexioak dituen aireportu batetik gertu egotea. Gainera, azken urteetan indarra irabazi duen Satlantisek bertan du egoitza. Euskal Herriko proposamenez gain, aukera gehien izan dezaketenak dira Kanaria Handikoa eta Sevillakoa. Lehenengoan, Espainiako Teknika Aeroespazialeko Institutuaren menpe dagoen zentro espaziala dago. Bigarrenean, Euskal Herrian bezala, industria aeronautikoak garrantzia handia duelako. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK