• BERRIKUNTZA
  • Ainara García (nanoGUNE): "Orain arte, zortzi spin-off enpresa abiarazi ditu nanoGUNEk"

Ainara García (nanoGUNE): "Orain arte, zortzi spin-off enpresa abiarazi ditu nanoGUNEk"

Ainara García Gallasteguik, nanoGUNEko Teknologiaren Transferentziako zuzendariak, RTTP nazioarteko ziurtagiria lortu berri du, mundu mailan 500 lagunek besterik ez dutena

Ainara García Gallastegui | Argazkia: utzitakoa
Ainara García Gallastegui | Argazkia: utzitakoa
Iraitz Urkulo (EnpresaBIDEA) ok(1)
Itzultzailea eta komunikazio-teknikaria
2026ko apirilaren 19a - 05:30

Ainara García Gallastegui 2018an hasi zen nanoGUNEn lanean eta, gaur egun, Teknologiaren Transferentziako zuzendaria da. Bere ardurapean, euskal ikerketa-zentro prestigiotsu honek bezeroak hirukoiztu ditu, lizentzien bidezko diru-sarrerak hamar aldiz handitu dira eta zortzi spin-off enpresa abiarazi ditu. Berriki, RTTP (Registered Technology Transfer Professional) ziurtagiria eskuratu du, teknologia transferitzen diharduten profesionalen gaitasuna eta esperientzia egiaztatzen duena. Hain lorpen espezializatua eta apartekoa da, mundu osoan soilik bostehun lagunek baitute.

 

Zure ibilbide profesionala Londresko Imperial Collegen hasi zenuen, munduko ikerketa-erakunde prestigiotsuenetakoan.

Londresera joan nintzen bi urteko doktoretza ondoko kontratu bat eskaini zidatelako Imperial Collegen. Jabetza intelektual asko sortu genuen, eta horrek teknologia-transferentzian esperientzia lortzeko aukera eman zidan. Hortik aurrera, nire ibilbide profesionala aldatu eta beste sei urtez murgildu nintzen transferentziaren arlo berrian. Aukera aberasgarria izan zen bai profesionalki, bai pertsonalki; oso gogorra batzuetan, baina berriro egingo nuke.

 

2018an, CIC nanoGUNEn hasi zinen lanean. Zer motatako ikerketa-zentroa da?

NanoGUNE oso zeharkako zentroa da, nanozientzia sektore ezberdinetan lantzen duena. Hiru ikerketa-arlo ditu definituta: nanozientzia kuantikoa, nanomaterialak eta nanomedikuntza. Kuantikaren arloan, Londresen egoitza duen Quantum Motionekin sinatu dira hitzarmenak eta Quantum Towerra eraiki da, non ikerketa-taldea eta hardware kuantikoa garatzeko azpiegitura dauden. Bitartean, industria-kontratu gehienak nanomaterialen arlokoak dira, eta bi spin-off berrienak nanomedikuntzaren arlokoak.

"NanoGUNEn garatzen ditugun proiektuak gizarteari onura ekarriko dioten aplikazioetan gauzatzea da gure helburua"

Zu Teknologiaren Transferentziako zuzendaria zara. Zertan datza zure egitekoa?

Nire ardura ezagutza zientifiko eta teknikoa nanoGUNEtik merkatura transferitzea da. Horretarako, nanoGUNEn hiru bide ditugu: industria-kontratazioa, teknologiak patente-eskaeren bidez babestea eta, ondoren, lizentziak bermatzea edo gure spin-off enpresa propioa abiaraztea.

2020an nanoGUNEren teknologia transferitzeko plana abian jarri zenuenetik, zuen bezeroak, lizentziak eta fakturazioa izugarri hazi dira.

2024rako, nanoGUNEren bezero kopurua hirukoiztu egin zen. Patenteen lizentzietatik lortutako diru-sarrerak hamar aldiz handitu ziren eta, harrezkero, egonkor mantendu dira. Orain arte, zortzi spin-off enpresa abiarazi ditu nanoGUNEk, Graphenea barne, grafenoaren fabrikazioan munduko liderra, baita 45 patente ere, horietatik hemezortzi enpresei lizentziatuta.

NanoGUNEn garatutako produktuek zer onura dakarkiote gizarteari?

NanoGUNEn garatzen ditugun proiektu gehienak ikerketa edo transferentzia fasean daude, baina gure helburua horiek gizarteari onura ekarriko dioten aplikazioetan gauzatzea da. Enpresen beharrak entzuten ditugu eta gure jakintza egokitzen dugu beraiei irtenbideak eskaintzeko. Adibidez, giza ugalkortasunari lotutako prozesuak hobeto ulertzeko edo minbiziaren kontrako tratamendu berriak garatzeko oinarri teknologikoak lantzen ari gara. Halaber, Alzheimer gaixotasuna goiz detektatzeko metodoak edo punta-puntako elektronika garapenak ahalbidetuko dituzten teknologiak ikertzen ditugu.

Berriki, RTTP (Registered Technology Transfer Professional) nazioarteko ziurtagiria jaso duzu. Zorionak!

Mila esker! Sari hau ez da nirea bakarrik, baizik eta profesional sare oso batena. Gure garapena bultzatzen duten ikerketa-taldeen buruek eta negozio-ekimenen atzean dauden funtsezko profesionalek (CEOak eta CTOak) egindako lanaren emaitza da, komunikazio eraginkor baten eta erakunde-ekosistemaren laguntzaz eta, noski, nanoGUNEren zuzendaritzaren ikuspegi sendoaren ondorioz lortu dena.

"Teknologiaren transferentzia arlo oso espezializatua da, ikerketan eta negozioen garapenean prestakuntza duten pertsonak behar baititu"

Prestigioaz eta zure ibilbide profesionalaren aintzatespenaz gain, ziurtagiri horrek abantailarik dakarkizu zure eguneroko jardunean?

Bai, RTTP ziurtagiria izateak teknologiaren transferentzian mugarri esanguratsuetan lagundu duten profesionalen nazioarteko sare oso esklusibo baten parte izatea dakar. Akreditazioak nanoGUNEren ikusgarritasuna areagotzen du teknologia-transferentziaren arloko nazioarteko erreferente gisa. Izan ere, ziurtagiria jaso nuenetik, nazioarteko hainbat sektoretako profesionalen interes-adierazpen ugari jaso ditut.

Munduan bostehun lagun baino ez dira RTTP ziurtagiriaren jabe. Zergatik?

Teknologiaren transferentzia arlo oso espezializatua da, ikerketan eta negozioen garapenean prestakuntza duten pertsonak behar baititu. Ziurtagiria lortzeko prozesuak bi baldintza ditu: titulu espezializatua, nire kasuan ASTPk (Association of European Science and Technology Transfer Professionals) emandakoa, eta kasu praktiko arrakastatsu baten aurkezpena, teknologia-transferentziaren arloko nazioarteko adituen panel batek ebaluatzen duena. NanoGUNEk bioteknologia-enpresa bati, Integra Therapeuticsi, emandako lizentzia garrantzitsu bat aurkeztu nuen; inoiz ahazten ez den eta asko irakasten dizun kasu horietako bat.