
Mubil zentroak mugikortasun jasangarria eta adimendunaren epizentro bilakatu nahi du, eta helburu nagusietako bat du mundu mailako automozio sektoreko enpresa garrantzitsuenak bertara erakartzea. Eskuzaitzetako instalazioetan punta-puntako teknologiaz hornitutako entsegu laborategi eta aretoak multinazionalen nahiz tokiko enpresa eta zentro teknologikoen eskura izango dira.
Orain aste batzuk inauguratu zuten ofizialki Mubil eta ordu hartan iragarri zuten egitarau betea izango zuela datozen hilabeteetan. Atzo, Mubil Experience Lab izeneko topaketa egin zuten, zeinetan Euskal Herriko eta nazioarteko enpresa eta start-up ugarietako kideak izan ziren, baita Mubilek helburu duen automozio sektoreko enpresa handietako ordezkariak ere. Besteak beste, Aston Martin, DANA, AVL eta CAF konpainietako ordezkariek mahai-inguru batean parte hartu zuten, Cesar Gutierrez Mubileko zuzendari teknikoak gidatu zuena.
AVL konpainia austriarra mundu mailan automozio sektoreko enpresa garrantzitsuenetakoa da, eta atzoko mahai-inguruan bertako zuzendari nagusia Helmut List izan zen. Ingeniaritza enpresa hau power train sistema tradizional, hibrido eta elektrikoen testak egiteaz arduratzen da, eta ia 10.000 langile baino gehiago ditu mundu osoan. List-ek elektrifikazio bidean den automozio sektorean teknologiaren aurrerapenak baliatzearen garrantzia mahaigaineratu zuen. Bere hitzetan, zientziak ezarriko du teknologiaren muga, eta bien bitartean prozesuen test-ak nahiz simulazioak ahalik eta hobekien egiteaz arduratu behar dira enpresak. “Zientziak ezartzen duen muga da gure teknologiak garatzeko dugun marjina, eta zulo horretan barneratu behar dugu”.
DANA ere punta-puntako enpresa da automozio sektorean. Multinazional estatubatuar honek ibilgailuetarako transmisioak, propultsio sistemak eta energia soluzioak eskaintzen ditu luxuzko autoak ekoizten dituzten fabrikatzaileentzat, Aston Martinentzat, besteak beste. Francesco Buffa multinazionaleko integrazio sistemen ingeniariak izan zen atzoko solasaldian, eta ohartarazi zuen automozio sektoreak lehiakortasuna mantentzea duela oraindik erronka nagusi, Europan batez ere, deskarbonizazio helburuak lortzeko.

Txinari aurre egiteko norabide aldaketa
Automobilgintza hizpide, Txinaren gaia ere atera zen mahai-inguruan. Horri buruz mintzatu zen David Gomez Cachafeiro Aston Martin etxeko ordezkaria. Zera esan du: "urte askoz esan diezu gure bezeroei auto elektrikoa garestia izango zela, baina ez diegu eskua eman eta bidea beraiekin egin. Txinako merkatuak erakutsi digu badagoela gauzak egiteko beste modu bat, eta Europak erreakzionatu beharra du, hazkunde sendoagoa behar du. Azken ehun urteetan gauzak ondo egin ditugulako ez du esan nahi norabide beretik jarraitu behar dugunik”. Txinaren ekinbide onaren erakusle dira energia bateriak. "Energia eraginkortasun aldetik hobeak dira, espazio gutxiago behar dute eta seguruagoak dira”, esan du Gomezek.
Aston Martinen tentsio elektriko altuko osagaiak fabrikatzeaz arduratzen da Gomez, eta jakitun da bezeroen eskarietara egokituz teknologia berrietan eskalatu behar dutela. “Merkatuko hutsuneak bete behar ditugu gure produktuekin, eta bezeroa zer eskatzen ari zaigun ondo zehaztu behar dugu”.
David Gomez (Aston Martin): "Txinako merkatuak erakutsi digu badagoela gauzak egiteko beste modu bat, eta Europak erreakzionatu beharra du, hazkunde sendoagoa behar du. Azken ehun urteetan gauzak ondo egin ditugulako ez du esan nahi norabide beretik jarraitu behar dugunik”
Euskal enpresa bat ere izan da mahai-inguruan, CAF, hain zuzen. Armando Anson konpainiaren zero emisio berrikuntza programako arduraduna ere Txinaren lehiakortasunari buruz aritu zen: “Hidrogenozko trenetan Txinarekiko oso dependenteak gara eta Europak esnatu beharra du. Fabrikatzaileen artean kooperazioa behar dugu”, esan zuen.
Ildo beretik Buffak: “Ebidentea da Txinako merkatuak sekulako indarra duela, bai bezero eta hornitzaile aldetik. Ibilgailuak eta motorrak Europan asmatu eta garatu ziren eta horretan jarraitzeko kooperazioa behar dugu. Europan azken urteetan ezbehar asko izan ditugu (pandemia, gerra...), eta bitartean Txina lanean aritu da buru-belarri”.

Mubilekin elkarlanean
Mubileko zuzendari teknikoak, Gutierrezek Euskal Herriko mugikortasun jasangarria nola ikusten duen galdetu zion Aston Martineko ordezkariari: Gomezen arabera, Mubil bezalako egoitza batean mahai-inguru hau egitea esanguratsua da. “Euskal Herriak oso oinarri sendoak ditu, eta ekosistema bikaina proiektuak garatzeko. Enpresak uste dutena baino posizio hobean daude berrikuntza sortzeko”.
List-ek, era berean, gehitu du Mubil bezalako eraikina aitzindaria dela Europan, eta aurrerantzean halako gehiago sortuko direla espero du. Buffak DANAk egunerokoan berrikuntza testatzeko garaian dituzten hainbat erronka aipatu zituen eta prest agertu zen Mubilekin kolaboratzeko eta euren soluzioak Eskuzaitzetako laborategietan garatzeko. “Espero dugu Mubil entseguak egiteko kolaboratzailea izatea”.
Baterien garrantzia
Orain hilabete pasatxoko itzalaldiaz ere aritu ziren lau adituak, teknologia berriek sor ditzakeen aukerak nabarmenduz. Ansonek azaldu zuen CAFen tren batzuk paratuta geratu zirela trenbideetan, geltokietatik oso urrun. “Gaur egun bateriak garatu ditzakegu, argindarrik gabe geratzen garen kasuetan, bateria bidez trena kilometro batzuk mugitu eta bidaiariak leku seguru batean jaitsi daitezen”, argitu zuen.
Armando Anson (CAF): "Gaur egun bateriak garatu ditzakegu, argindarrik gabe geratzen garen kasuetan, trena kilometro batzuk mugitu eta bidaiariak leku seguru batean jaitsi daitezen”
CAFeko ordezkariak gogoratu zuen Beasaingo konpainiak urte asko daramatzala berrikuntzan inbertsioak egiten, trenen elektrifikazioan aurrepausoak emateko. “Europako trenbideen %57 elektrifikatuta dago dagoeneko. Emisiorik gabeko garraioa sortzeko helburua dugu bai tren bai autobusetan, eta erregaiaren ordezko alternatibak bilatzen ari gara, hidrogenozko bateriak, esaterako”.

Osagaien bigarren bizitza
Halaber, automozio sektoreko osagaien “bigarren bizitza bat” ematearen ezinbestekotasunaz mintzatu zen Gomez. Materialen bizi-iraupena luzatzea funtsezkoa dela uste du sektorean eta araudiak hortik joko duela dio. Buffak zera gehitu zuen: “Produktu berrien jasangarritasuna garrantzitsua da. Ondo neurtu behar dugu dena, hornitzaileek ere hainbat baldintza eskatzen dizkigutelako gure prozesuen iraunkortasunean. Hein horretan, ingeniaritzaren garapena ezinbestekoa da”.
Ansonek osagaien birziklatzeaz gain, materialak murriztu behar direla ere nabarmendu zuen. “Materialak berrerabili, murriztu eta birziklatu behar ditugu. Bateriek, esaterako, material baliagarri asko dute barruan, eta horiei bigarren bizitza bat ematen saiatu behar gara”.
Osagaien kostuak murriztea erronka izaten jarraitzen du
Automozio sektorea egoera kritikoan da, azken urteetan oztopo eta zailtasun ugari izan baititu, baina gainerako sektoreek duten beste erronka bat ere badu: osagaien kostua txikitzea. “Kostua faktore gakoa da. Orain ehun urteko mahai-inguruetan ere gai honi buruz hitz egingo zuten seguru aski”, zioen Gomezek. Bere ustetan, kostua murrizteko sektoreko enpresen arteko elkarlana funtsezkoa da.
Buffak, bestalde, zehaztu zuen ekoizpen kostuak garrantzitsuak direla DANArentzat, baina luxuzko autoen merkatuen egonik, ez dela euren kezka handiena. “Europako fabrikatzaileek bidea aurkitu behar dute kostuak murriztuz lehiakor izaten jarraitzeko. Pasa den mendean, Europako autoak miretsiak ziren, hala izaten jarraitzea nahi nuke”.

“Energia esparruan geroz eta eraginkorragoak bagara, kostuak geroz eta txikiagoa izango dira guretzat”, gehitu zuen Ansonek. “Elektrifikazioa ona da, baina garestia. Ibilgailuen baterietan lehia handia dago, eta bateriak dakar lehengaietan kostu handiena. Baterien kostua murriztea lortzea da erronka”.
Txinaren gorakada eta Europaren gainbeheraren aurrean, Europako industria konplazentzia erori al den galdetu diete adituei. Gomezek baietz dio. “Baldintzak berdinak dira, baina Txinak ondo baino hobeto daki zein de joko zelaia eta azkarrago ari dira. Segur aski, sektore askotatik ikasi dute. Guk ez dugu sektoreen artean nahikoa kolaboratu, eta hortik hasi behar dugu”.