• BERRIKUNTZA
  • Beñat Erezuma: "Nire esperientzia denen eskura jarri dut AAren alfabetizazioan laguntzeko"

Beñat Erezuma: "Nire esperientzia denen eskura jarri dut AAren alfabetizazioan laguntzeko"

artifiziala.eus webgunea jarri du martxan Erezumak, adimen artifiziala euskaraz eta modu didaktikoan lantzeko plataforma digital interaktiboa

Beñat Erezuma artifiziala.eusen sortzailea | Argazkia: Hiruka
Beñat Erezuma artifiziala.eusen sortzailea | Argazkia: Hiruka
Iraitz Urkulo (EnpresaBIDEA) ok(1)
Itzultzailea eta komunikazio-teknikaria
2026ko apirilaren 22a - 05:30

Formazioz ingeniaria izan arren, Beñat Erezumak (Algorta, 1981) irakasle-lanetan dihardu 2008tik. Bizitzan, hiru esparru ditu jomugan: euskara, hezkuntza eta teknologia. Horregatik, 2016an Euskara Satorra Youtubeko kanalari ekin zion, non eguneroko egoeretarako oinarrizko euskara irakasten zuen. 2021ean, Artiadi argitaratu zuen, ChatGPT-3k sortutako 40 poema biltzen dituen liburua.

 

Eta aurten artifiziala.eus abiatu du, adimen artifiziala euskaraz eta modu didaktikoan lantzeko plataforma digital interaktiboa. 12 eta 18 urte bitarteko gazteei, irakasleei eta gurasoei zuzenduta dago, eta gida argi bat, jarduerak, saio-sekuentziak, erabilera arduratsurako gomendioak eta beste baliabide ugari ditu, den-denak doakoak.

Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Zerk eraman zintuen 2016an Youtuben Euskara Satorra kanala sortzera eta sei urtez hura bideoekin elikatzera?

 

Beti izan naiz Youtube plataformaren kontsumitzaile sutsua. Konturatu nintzen bazela jende asko euskara ikasteko irrikan zena, baina agian ez zuena denbora libre zein dirurik horretan hasi ahal izateko. Helburua zen bideoen bidez erdaldunek ikus zezaten euskara gertuko hizkuntza bezala. Bideoren bat ikusi eta hurrengo pausoa euskaltegi batean izena ematea zen asmoa. 140 bideo inguru grabatu nituen.

Geroago, bideoetatik podcast formatura pasatu zinen. Zergatik?

Pandemian sortu zen proiektua izan zen podcastarena. 42 atal grabatu nituen, eta milaka entzunaldi ditu atal bakoitzak. Pozgarria da etxetik eta zero euroko aurrekontua duen proiektu pertsonal bat hainbeste jenderengana iristea.

"Ikasleek AA erabiltzea, AArekin sortzea eta AA kudeatzea da asmoa, haren onurak, arriskuak eta inplikazio etikoak kritikoki baloratuz"

Ikus-entzuleengandik harrera beroa izan zuen, beraz.

Bai bideoak zein audioak gaur egun ere asko kontsumitzen dira. Oraindik mezuak idazten dizkidate horren inguruan. Uste dut bere garaian izan nuen asmoa guztiz bete dela. Pozgarria da ikustea Ingura proiektua existitzen dela, digitalean ere euskara ikasteko aukera bikaina delako. Hasierako asmoa hori zen, euskara ikasteko eskaera badela adieraztea. Eta 2022an Euskara Satorra proiektuak emateko zuena bete zuela ikusi nuenean, amaitzea erabaki nuen.

Zein dira arrakasta horren datuak? 

Podcastaren 42 atalek 450.000 entzunaldi baino gehiago dituzte, eta bideoek 3,3 milioi ikustaldi. Iruzkinak ere milaka dira. Harpidedunei dagokionez, podcastak 7.000 harpidedun inguru ditu, eta bideoen kanalak, 34.300.

2022an Artiadi argitaratu zenuen, orduko ChatGPT-3 adimen artifiziala erabilita sortutako poema-liburua. Nola egin zenuen?

2021eko azaroan GPT-3 eredua probatzen hasi nintzen gauero, eta hizkuntza-eredu handi harekin txateatzean aritu ondoren, pentsatu nuen esperimentu polita izan zitekeela olerkiak harekin sortzea. Gustuko nituen 40 poesia lortu nituenean, liburuxka bat argitaratu nuen haiekin. Esan beharra dago garai hartan ingelesez sortu zirela olerki haiek, eta itzultzaile neuronalaren bitartez euskaratu nituela. Gaur egun proiektu hori euskaraz zuzenean ekoizteko aukera izango genuke.

54413737335 a1c7fccc53 k
Beñat Erezuma artifiziala.eusen sortzailea | Argazkia: Hiruka

Aurten, ‘artifiziala.eus’ proiektua abiatu berri duzu, adimen artifiziala euskaraz eta modu didaktikoan lantzeko. Horren beharra hautematen zenuen?

2029. urteko PISA proban ebaluatu egingo da ikasleen alfabetatzea komunikabideetan eta adimen artifizialean. Horregatik sortu dut artifiziala.eus web orria. Azken urteotan pilatu dudan esperientzia irakasle, ikasle zein familien eskura jarri dut, adimen artifizialaren inguruko oinarrizko alfabetizazioan laguntzeko asmotan.

12 eta 18 bitarteko gazteei zuzendutako plataforma digital interaktibo bat sortu duzu. Zertan datza?

Web orrian adierazten den bezala, artifiziala.eus proiektua AILit Framework delakoaren ikuspegi pedagogikoarekin lerrokatuta dago. Marko horrek lehen eta bigarren hezkuntzan adimen artifiziala ulertzeko, erabiltzeko eta kritikoki baloratzeko behar diren ezagutzak, gaitasunak eta jarrerak antolatzen ditu. Ikasleek AA erabiltzea, AArekin sortzea, AA kudeatzea eta AAren diseinua ulertzea da asmoa, haren onurak, arriskuak eta inplikazio etikoak kritikoki baloratuz.

"Adimen artifiziala ez da magia; lagundu egin dezake, baina teknologia honek ere bere mugak eta arriskuak ditu"

Adimen artifiziala ikasgelan lantzeko gida praktiko zabala ere osatu duzu, irakasleei zuzendua. Zer topatuko dute bertan?

Plataforman aurkituko dutena ikasgelan txertatzeko marko bat da: helburu didaktikoak, adinaren araberako egokitzapena, saio-sekuentzia, ebaluazio orientabideak eta erabilera arduratsurako gomendioak.

Azkenik, gurasoentzako gida argi bat prestatu duzu, haiek ere atzean gera ez daitezen.

Helburua ez da teknologia guztia kontrolatzea, baizik eta seme-alabek erabiltzen duten hori ulertzen laguntzea, galdera egokiak egitea eta erabilera zentzuduna sustatzea etxean. Ulertuz adimen artifiziala ez dela magia, lagundu dezakeela, baina teknologia honek ere bere mugak eta arriskuak dituela.