• BERRIKUNTZA
  • Etorkizuneko mugikortasun adimenduna aztergai du Ikerlanek

Etorkizuneko mugikortasun adimenduna aztergai du Ikerlanek

Teknologia zentroak Bilboko mugikortasun adimendunaren oinarri teknologikoak garatu ditu Mimistic proiektuaren baitan. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ekimenaren helburua da ibilgailuak, semaforoak, hiri-sentsoreak eta trafikoa kudeatzeko sistemak denbora errealean konektatzea, hiri-mugikortasuna seguruagoa, eraginkorragoa eta adimentsuagoa izan dadin

Mugikortasun autonomoak sortzen duen segurtasun kezkari erantzuteko jaio da besteak beste Mimistic | Argazkia: Ikerlan
Mugikortasun autonomoak sortzen duen segurtasun kezkari erantzuteko jaio da besteak beste Mimistic | Argazkia: Ikerlan
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko urriaren 1a - 05:30
Eg. 2026ko urriaren 1a - 08:23

Mugikortasuna da egungo hirien erronka nagusienetako bat, eta teknologiak izan beharko luke erronka horri aurre egiteko aliatu nagusia. Are gehiago, mugikortasun autonomoaz hitz egiterakoan, zeinak datozen hamarkadetan hiriak eraldatuko dituen. Aitzitik, autonomia horrek segurtasunaren gaineko kezka ere badakar, ibilgailu autonomoek modu seguruan zirkulatu ahal izateko, beren inguruan gertatzen dena hautemateko gai izateaz gain, elkarren artean eta hiri azpiegiturarekin lankidetzan aritzeko gai izan beharko bailukete.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Ikerlan teknologia zentroa aspalditik ari da hirien mugikortasun konektatuan, komunikazio adimendunean eta segurtasun teknologikoen arloan ikertzen, eta urteetan pilatutako ezagutza baliatu du Bizkaiko Foru Aldundiaren Mimistic proiektuan parte hartzeko. Egitasmo honek helburu du, Ikerlanen arabera, “mugikortasun adimendunaren balio-kate osoari irtenbide aurreratuak eskaintzea, ibilgailuek eta azpiegiturek elkarlanean maniobra seguruagoak eta eraginkorragoak egin ditzaten“. Finean, xede du Bilboko trafikoaren segurtasuna hobetzea eta hiriko mugikortasuna arinagoa eta eraginkorragoa izatea.

Hortaz, Mimisticek Bilbo mugikortasun-eredu berri baterantz bultzatu nahi du, non ibilgailuak, semaforoak, hiri-sentsoreak eta trafikoa kudeatzeko zentroak denbora errealean elkarlanean aritzeko gai den ekosistema konektatu baten parte izango diren. Testuinguru horretan, Ikerlanen ekarpen nagusia pertzepzio kooperatiboko teknologiari buruzko ikerketa izan da. Teknologia horrek ahalbidetuko du ibilgailuei, azpiegitura adimendunei eta hiri-kudeaketako sistemei hirian gertatzen denari buruzko informazioa denbora errealean partekatzea.

 

"Pertzepzio kooperatiboak aukera ematen du ibilgailuek, sentsoreek eta azpiegitura adimendunek bakoitzak ikusten duen informazioa partekatzeko. Horrela, sistema batek bere sentsoreek antzematen ez dituzten egoeren berri izan dezake. Adibidez, izkina baten atzean dagoen oinezkoa edo beste ibilgailu batek detektatutako arrisku bat identifikatu ahal izango ditu. Modu horretan, ingurunearekiko ikuspegi zabalagoa eta fidagarriagoa lortzen da", azaldu diote EnpresaBIDEAri ikerketan parte hartu duen Ikerlaneko ikertzaile taldeak.

Ikerlan: "Ibilgailuek eta azpiegiturek informazioa partekatzen dutenean, arrisku-egoerak lehenago identifikatu daitezke eta erabaki hobeak har daitezke"

Horrekin batera, ikertzaileek azaldu dutenez, ikerketak erakutsi du pertzepzio kooperatiboak nabarmen hobetzen duela ingurunea ulertzeko gaitasuna eta segurtasuna. "Ibilgailuek eta azpiegiturek informazioa partekatzen dutenean, arrisku-egoerak lehenago identifikatu daitezke eta erabaki hobeak har daitezke. Horrek etorkizuneko mugikortasun autonomoaren bideragarritasuna eta segurtasuna indartzen ditu", diote.

PreAIdictive Safety kontzeptua

Pertzepzio kooperatiboko teknologiez gain, proiektuan hainbat teknologia garatzen ari da Ikerlan, hala nola, pertzepzio-sistema sendoak, adimen artifizialean oinarritutako gidatze autonomoa, ibilgailuen arteko komunikazio aurreratuak eta ibilgailuak, azpiegiturak eta hodeia modu adimentsuan konektatzeko arkitektura digitalak.

Teknologia horrek guztiak hiritarren joan-etorri seguruagoak bermatuko lituzke, eta hirietan mugikortasun eskuragarriagoa sustatuko luke, nahiz egunero ematen diren ezbehar txikiak murriztu, bereziki bide publikoko erabiltzailerik ahulenentzat.

"Segurtasun-sistema tradizionalek arriskua detektatu ondoren jarduten dute; ikuspegi berri honek, berriz, arriskuak aurreikusten laguntzen du. Horri esker, istripuak saihesteko aukera handiagoa dago eta trafiko-fluxua hobetu daiteke"

Ikerketak, beraz, adimen artifiziala, pertzepzio-sistemak eta komunikazio aurreratuak uztartzen ditu, eta Ikerlanek garatutako PreAIdictive Safety kontzeptuaren barruan kokatzen da. “Segurtasun-sistemen belaunaldi berri bat” litzateke kontzeptu hori, Ikerlanen esanetan, arriskuak gertatu aurretik identifikatzeko gain den teknologia, hain zuzen. "Segurtasun-sistema tradizionalek arriskua detektatu ondoren jarduten dute; ikuspegi berri honek, berriz, arriskuak aurreikusten laguntzen du. Horri esker, istripuak saihesteko aukera handiagoa dago, trafiko-fluxua hobetu daiteke eta mugikortasun-sistemek fidagarritasun handiagoa lortzen dute“, azaldu dute.

Transferentzia industriala errazteko aliatuak

Mondragon Korporazioko ikerketa zentroaren lanak merkatuaren benetako beharrei erantzuten diela ziurtatzeko, mugikortasunean erreferente diren zenbait erakundek batzorde bat osatu dute. CAF, Kapsch, Asimob, Gertek, AIC eta BFA entitateak dira batzordeko kide, eta ikerketaren emaitzen transferentzia bizkortzea dute helburu. "Haien ekarpenak lagungarriak izan dira garatutako teknologiak merkatuaren eta erabiltzaileen benetako beharretara egokitzeko“, adierazi du Ikerlaneko ikertzaileek. Erakunde horien ikuspegiak eta esperientziak ikerketaren emaitzen baliozkotzea eta etorkizuneko transferentzia industriala errazten lagundu dutela iritzi diote.

Euskal Herriko beste hirietan?

Teknologiaren garapenak aurrera egin ahala, mugikortasun adimendunak geroz eta pisu handiagoa du sektorean eta Ikerlanen jakitun dira merkatu horren potentzial handiaz. "Hiriak gero eta konektatuagoak izango dira, eta mugikortasun-sistemek seguruagoak, iraunkorragoak eta eraginkorragoak izan beharko dute. Horrek aukera handiak sortzen ditu adimen artifizialean, komunikazio-sistemetan, sentsorikan eta ibilgailu autonomoetan oinarritutako teknologientzat", nabarmendu du teknologia zentroak. Sektore estrategikoa da dagoeneko.

Mimisticen kasuan, behin ikerketa burututa, asmoa da "teknologia horien heldutasuna handitzea, ingurune errealetan probatzea eta industria-sektorean aplikazioa erraztea". Oraingoz, Bilboko hirian oinarritu da azterlana, baina Ikerlanek ez du baztertzen Euskal Herriko beste hirietan ere halako teknologien beharra izatea. "Teknologia hauek beste ingurune batzuetara eramateko aukera handiak ikusten ditugu etorkizunean", ondorioztatu du Ikerlaneko lantaldeak.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain