• BERRIKUNTZA
  • Euskara AAn txertatzeko edukiak emango dizkio Gipuzkoako Aldundiak HiTZ zentroari eta Euskorporari

Euskara AAn txertatzeko edukiak emango dizkio Gipuzkoako Aldundiak HiTZ zentroari eta Euskorporari

Sinatutako hitzarmenek euskarazko hizkuntza teknologiak eta adimen artifiziala bultzatzea dute helburu

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2026eko otsailaren 2a - 13:34

Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmenak sinatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ Zentroarekin eta Euskorporarekin, bere jabegoko testu eta eduki corpusak bi erakundeen esku uzteko. Ekimenaren xedea da euskararen presentzia eta erabilera indartzea adimen artifizialeko teknologietan, eta horretarako, foru erakundeak datuak jarriko ditu ikerketa eta garapen proiektuen zerbitzura. Akordioen harira, hiru erakundeek lan bilera egin dute helburu partekatuak zehazteko.

 

Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, Aldundiak euskararen etorkizuna bermatzeko konpromisoa du arlo estrategikoetan, bereziki, esparru digitalean. Haren hitzetan, “adimen artifiziala eta hizkuntza teknologiak lehentasunezkoak dira gure hizkuntzarentzat”, eta lankidetza eta berrikuntza funtsezko tresnak direla azpimarratu du. Bilera horretan izan dira, halaber, Hizkuntza Berdintasuneko foru arduraduna, EHUko ordezkariak eta Euskorporako zuzendaritza.

HiTZ Zentroko zuzendari den Eneko Agirrek azaldu du akordio hauek funtsezkoak direla euskarazko hizkuntza ereduak hobetzeko, batez ere gailu digitaletan eta administrazioarekin lotutako erabileretan. Nabarmendu duenez, “ikerkuntza da kalitatezko euskara digitala bermatzeko giltza”, eta Aldundiak emandako datuek aukera emango dute garatzen ari diren eredu irekiak hobeto trebatzeko eta gizartearen beharretara egokitzeko.

 

Bestalde, Euskorporako arduradun Leire Barañanok adierazi du elkartearen lana dela euskarazko eduki ugari eta askotarikoak bildu, eraldatu eta corpus digital sendo bihurtzea, etorkizuneko aplikazio eta ereduetarako oinarri gisa. Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmena “bereziki garrantzitsua” dela azpimarratu du, urrats horrek euskarazko ekosistema digitala sendotzen duelako eta hizkuntzaren garapena bermatzen laguntzen duelako ingurune teknologikoetan.