• BERRIKUNTZA
  • Adimen artifizialak industrian duen eragina aztertuko da Gipuzkoa IndustrySec ekitaldian

Adimen artifizialak industrian duen eragina aztertuko da Gipuzkoa IndustrySec ekitaldian

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ziur zentroak antolatu duten topaketa urriaren 28an egingo da Ficoban

2025eko topaketako argazkia | Argazkia: Ziur
2025eko topaketako argazkia | Argazkia: Ziur
2026ko irailaren 29a - 14:10

Adimen artifizialaren gaia pil-pilean den garaiotan, industria-prozesuetan izan dezakeen eraginari buruz hausnartuko dute IndustrySec 2026 ekitaldian. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ziur Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak antolatu dute, berriro ere —seigarren edizioa izango da—, topaketa hau; urriaren 28an egingo da ekitaldia, Ficoban. 

 

Antolatzaileek argi dute AAk aukerak ez ezik, erronka berriak ere ekarriko dizkiola euskal industria-sareari. Gaiaz hausnartzeko, programan eduki teorikoa landuko da, baina gaiak "lurreratu" egingo direla ere azaldu dute, kasu zehatzak erakutsiko baitira. Hitzaldi nagusia Raul Guillén Europako zibersegurtasun-estrategak eskainiko du, "Adimen artifizialaren segurtasun-stacka" izenburupean; hain zuzen, AAren erabilera seguruaz hitz egingo du, baita teknologiak sortuko dituen arrisku berriei buruz ere.

Mahai-inguruak ere izango dira. Lehenengoan, zenbait enpresek (CAF, Grupo Gourmet Okin eta Salto Wecosystem) parte hartuko dute eta azalduko dute zein eratara erabiltzen ari diren teknologia berritzailea. Hala, bertaratutakoek aukera izango dute esperientzia zehatzak ezagutzeko. Bigarren mahai-inguran zibersegurtasun estrategiak landuko dira, kasu errealen bitartez. 

 

"Eraldaketari ikuspegi estrategiko batetik heldu behar diogu, aukera gisa ulertuta eta ezagutza eta teknologia uztartuta, aldaketei aurrea hartu eta gure enpresak zein Gipuzkoa bera etorkizuneko agertokietan posizio sendo eta lehiakor batean kokatzeko", adierazi du Unai Andueza EKonomia Sustapeneko diputatuak. Kongresuan parte hartzeko izen-ematea zabalik da dagoeneko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain