• EKONOMIA
  • Ziur azelerazio programak aurreikusitako ebaluazioen laurdena abiatu du sei hilabetetan

Ziur azelerazio programak aurreikusitako ebaluazioen laurdena abiatu du sei hilabetetan

Gipuzkoako industriaren zibersegurtasuna indartzea helburu duen ekimenak 68 enpresaren interesa piztu du eta 18 produktu aztertzen hasi da

Azelerazio programaren aurkezpena makina erremintaren biurtekoan | Argazkia: Ziur
Azelerazio programaren aurkezpena makina erremintaren biurtekoan | Argazkia: Ziur
2026ko apirilaren 30a - 12:02
Eg. 2026ko apirilaren 30a - 12:53

Ziur Azelerazio Programak, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, aurreikusitako zibersegurtasun ebaluazioen %25 martxan jarri du lehen sei hilabeteetan. 2025eko urrian abiatu zen ekimenak bi urteko iraupena du, eta guztira 80 produktu eta zerbitzu industrial konektatu aztertzea du helburu. Orain arte, 68 enpresek parte hartzeko interesa azaldu dute programak eskaintzen dituen zerbitzuetan.

 

Hasierako fasean, lurraldeko enpresek garatutako 18 produktu ta zerbitzu ebaluatzen hasi dira, Europako zibersegurtasun araudi berrietara egokitzeko prestaketa lanen barruan. Bereziki, Ziberresilientziaren Erregelamenduak (CRA) ezarriko dituen baldintzak betetzea dute jomuga, eta horrek estandar zorrotzagoak ekarriko ditu sektore askotan, hala nola, automobilgintzan, gailu medikoetan edo ekipamendu erradioelektrikoetan.

Programak ez ditu soilik ebaluazio teknikoak eskaintzen; horrez gain, prestakuntza saioak, araudiari buruzko aholkularitza, osagai industrialen auditoretzak eta ahultasun teknikoen kudeaketa ere barne hartzen ditu. Parte hartzen duten enpresek zibersegurtasun industrialean espezializatutako hiru laborategiren eta hainbat adituren laguntza jasotzen dute.

 

Bestalde, Ziur-ek harremana izan du etorkizunean programan sar daitezkeen beste 50 enpresa ingururekin, eta kontsulta-kanal bat ere ireki du CRA araudiari buruzko zalantzak argitzeko. Guztira 3 milioi euroko aurrekontua du ekimenak.