• EKONOMIA
  • Bost urtetan 387 enpresa lagundu ditu Ziur zentroaren laborategiak

Bost urtetan 387 enpresa lagundu ditu Ziur zentroaren laborategiak

Gipuzkoako zibersegurtasun industrialeko azpiegiturak enpresen erresilientzia digitala hobetzeko probak, aholkularitza eta prestakuntza eskaintzen ditu

Argazkia: Ziur
Argazkia: Ziur
2026eko martxoaren 10a - 12:01

Ziur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren laborategi aurreratuak bost urte bete ditu, eta epe horretan 387 enpresari lagundu die segurtasun digitaleko gaitasunak indartzen. Azpiegitura hori Gipuzkoako industria-enpresentzat, zibersegurtasunarekin lotutako fabrikatzaileentzat eta ezagutza zein teknologia zentroentzat dago zabalik. Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuaren arabera, ekimenak erakusten du “Gipuzkoa segurtasun digital industrialaren esparruan eskualdeko eta nazioarteko erreferentzia bihurtzeko egiten ari den apustua”.

 

Laborategia Ziur zentroaren azpiegitura nagusietako bat da, eta bertan industria-inguruneetan gerta daitezkeen zibererasoak aztertzeko probak eta simulazioak egiten dira. Horretarako, sistema, sare eta prozesu industrial errealen erreprodukzioa egiteko gai den ingurunea erabiltzen da, enpresei mehatxu digitalen aurrean prestatzeko eta arriskuak identifikatzeko aukera emanez.

2021etik 2025era bitartean ehunka enpresak parte hartu dute laborategiko jardueretan, industria sareak erresilientzia digitala indartzeko duen interes gero eta handiagoaren erakusgarri. Aldi berean, aholkularitza eta prestakuntzan ere jarduera handia garatu du fundazioak. 2020az geroztik, 205 enpresak erabili dute zibersegurtasuneko aholkularitza zerbitzua.

 

Maria Penilla zentroko zuzendariaren arabera, enpresa gero eta gehiagok jotzen dute zerbitzu horietara, “zibersegurtasunak lehiakortasuna eta erresilientzia bermatzeko duen garrantziaz gero eta kontzientzia handiagoa dagoelako”. Prestakuntzari dagokionez, azken urteetan 113 tailer egin dira, 1.000 enpresa baino gehiagoren parte-hartzearekin eta 1.260 pertsona ingururen prestakuntzarekin.