Gladys Sariaren VI. edizioa martxan da

Ekainaren 1era arte aurkeztu daitezke hautagaitzak. Ingurune digitalean aritzen diren 40 urte arteko emakumeek parte har dezakete

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2026ko apirilaren 16a - 13:15
Eg. 2026ko apirilaren 16a - 16:23

Puntueus Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, Gladys Saria ematen dute urtero, eta aurtengo edizioa martxan jarri dute gaur. Hala, dagoeneko hautagaritzak aurkeztu daitezke ekainaren 1era arte.

 

Ingurune digitalean lanean ari diren emakume gazte euskaldunak aitortu eta saritzea du helburu Gladys sariak. Gladys del Estal  informatikariaren omenez antolatutako sariketa da, eta egungo gizarte digitalaren erronkei erantzuten dieten emakumeak jarri nahi ditu fokuan. Aurreko edizioetan Ane Iturzaeta, Olatz Perez de Viñaspre, Amaia Abanda, Lorea Argarate eta Usue Mori saritu dituzte, besteak beste.

"Oso harro gaude emaitzekin. Gero eta hautagaitza gehiago jasotzen ari gara eta oihartzuna ere gero eta handiagoa da; sarituei egiten dien ekarpenaz gain, gizartean duen eragin positiboa funtsezkoa da gure helburuak lortzeko", adierazi du Puntueuseko Lorea Arakistainek.

 

Sariaren lehen edizioa 2021ean egin zuten, euskal ingurune digitalean erreferente berriak sortzeko helburuarekin. Olatz Arbelaitz EHUko Informatika Fakultateko ordezkariak hezkuntzatik hasitako aniztasunaren garrantzia nabarmendu du: "Etorkizun hurbilean izango ditugun erronka teknologikoei aurre egiteko ezinbestekoa izango da lantaldeak anitzak izatea, eta hori posible izan dadin, ezinbestekoa da informatika eta teknologia ikasketetara gerturatzen den ikaslegoa bera ere anitza izatea".

Abian den edizioan 40 urte arteko emakumeek parte hartu ahal izango dute. Ingurune digitaleko edozein arlotakoak izan daitezke, eta sari bakarra izango da. Izen-ematea zabalik dago jada.