Gorka Orive: "Alzheimerra infradiagnostikatuta dago egun, eta geldiera eman nahi diogu"

Alzheimerra diagnostikatzeko listu bidezko biomarkatzailea ondu du Orive buru duen Geroa Diagnostics enpresa arabarrak. Entsegu klinikoak egiten dihardute oraindik, baina hainbat agentzia erregulatzailerekin hitz egiten ere ari dira. Gaixotasuna sintomak ailegatu aurretik antzematea ahalbidetuko luke testak

Argazkia: utzitakoa Argazkia: utzitakoa

Pasa den irailaren 21ean Nazioarteko Alzheimerraren eguna izan zen. Aski ezaguna den gaixotasunak mundu osoan milioika pertsonari egiten die kalte, eta ondorio psikologiko lazgarriak eragiten ditu, gaixoaz gain, baita bere gertukoei ere. Hala, beste gaixotasun askorekin bezala, komunitate zientifikoa buru belarri ari da Alzheimerraren sintomak pairatzen hasi baino lehenago gaixotasuna antzemateko teknikak ikertzen. Horretan dihardu Gorka Orivek ere. EHUko farmazia fakultateko irakaslea, ikertzailea eta Geroa Diagnostics enpresaren sortzailea da Orive, eta Geroa Diagnosticsen jardunak alzheimerra hasierako fasean diagnostikatzeko tresna baten garapena du ardatz. Oraindik pauso ugari emateke badira ere, aurkikuntza ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta zientzialarien ikerketa lanen garrantzia agerikoa dela gogorarazten digu beste behin.

Zer da, zehazki, Geroa Diagnosticsen egin duzuen aurkikuntza?

Geroa Diagnostics Arabako enpresa bioteknologiko bat da, eta bere helburu nagusiena, egin dituen garapen guztiak kontuan hartuta, listuaren bitartez alzheimer gaixotasunaren diagnostikoa faboratzea da. Hain zuzen ere, listuaren bitartez proteina bat aurkitu dugu, eta proteina horren neurketak alzheimerraren egoeraren ideia aurreratzen digu. Tratamendu batean baino, diagnostiko unibertsal bat garatzen ari gara, diagnostikoa emateko gai den tresna batean.

Egun aurkikuntzaren zein fasetan zaudete?

Fase anitz batean gaude: ikerketa klinikoekin beti ari gara lanean, gaixo gehiagorekin probatuz eta gure biomarkatzailearen ideia sakonago bat lortzeko, baina batez ere, gure ideia, momentu honetan, hainbat agentzia erregulatzailerekin kontaktuan aritzea da, diagnostiko mota honen onarpena lortzeko. Hainbat lekutan saiatu gara: Hego Amerikako herrialde batzuetan, esaterako, Kolonbian Invima agentzia erregulatzailearekin ari gara lanean, eta Estatu Batuetan FDArekin paraleloki. Bi agentziek gure tresna onartzea nahi dugu.

"Ikerketa klinikoekin beti ari gara lanean, gaixo gehiagorekin probatuz eta gure biomarkatzailearen ideia sakonago bat lortzeko, baina batez ere, gure ideia, momentu honetan, hainbat agentzia erregulatzailerekin kontaktuan aritzea da"

Oraindik, beraz, ez duzue produkturik merkaturatu

Ez, ez gaude merkatuan, ezin da oraindik test hau erosi. Lehenago, erregulazio aldetik onarpena behar dugu, baina beste enpresa batzuekin zuzeneko kontaktuan ari gara gure ideia, onarpen horiek etorriz gero, nazioartera zabaltzeko. Poliki-poliki hurrengo urtetik aurrera lehenengo test horiek onartutako herrialdetako gaixo talde desberdinen artean banatzen hastea da gure ideia, bere balioa eta ahalmena ikusteko.

Testa edo tresna hau nola erabiliko da?

Listuarekin neurtu daiteke. Sustantzia bat neurtzen da, listuan dugun proteina bat, eta test baten bitartez egin daiteke. Ez da teknologia garapen oso handirik behar. Antigorputz baten bitartez gure proteina antzematen da. Bestalde, proiektu honen helburu nagusietako bat da diagnostikoa pertsona guztientzako eskaintzea. Test hau ikuspuntu ekonomiko batetik oso onuragarria da. Komunitate zientifikoan aurki daitezkeen beste irtenbide edo proiektuekin konparatuz merkeena izango litzateke. Diagnostikoa ez da soilik herrialde aberatsetara bideratzen; edonorrentzat da, non dagoen axola ez duelarik.

Zein dira eman nahi dituzuen hurrengo urratsak?

Inolako zalantzarik gabe, 2024an, agentzia erregulatzaile batek onartzea gustatuko litzaiguke. Horrekin eta jada egindako akordio industrialekin arituko ginake kit horiek fabrikatzen, eta lehenengo salmentak edota entseguak herrialde ezberdinetan ikusteko gai izango ginateke. Guretzako giltzarria herrialde batean salmentak hastea litzateke edo test horren erabilpena biztanleei egiten hastea behintzat. Hortik aurrera beste herrialdeetara poliki-poliki zabaltzeko ate bat izango litzateke, beti emaitzak eta proben erantzunak ondo baloratuz eta ondo aztertuz. Hau guztia hurrengo urtean gertatzea nahiko genuke.

"Hemendik etorkizunera begira, baikorra izatea dagokigu. Ehun bat molekula baino gehiago daude entsegu klinikoetan aztergai, horietako batzuk bi eta hiru faseetan"

Adituek diote alzheimerraren sintomak azaldu baino 15-20 urte lehenago gaixotasuna jada gorputzean dagoela. Zer suposatu dezake test honek?

Edozein aurrerakuntza horrelako gaixotasun batean izugarrizko berri ona da inolako dudarik gabe. Hemendik etorkizunera begira, baikorra izatea dagokigu. Ehun bat molekula baino gehiago daude entsegu klinikoetan aztergai, horietako batzuk bi eta hiru faseetan. Azterketa horietakoren baten jarduera gaixotasuna gelditzeko askoz ere bortitzagoa izatea espero dugu, baina, era berean, diagnostikoa oso garrantzitsua da gaur egun, infradiagnostikatuta dagoelako gaixotasuna, eta guztion laguntza beharrezkoa da.

Eta ez gure proiektua bakarrik; proiektu honi gehitzen zaizkion beste proiektu askok bilatzen dute gaixotasuna gelditzea edo kontrol bat ematea. Izan ere, gaur egun 65-70 urte baino gehiago duten pertsonen artean ehuneko nagusi batek jada alzheimerra du. Alegia, gutxi gorabehera, 60 milioi pertsona baino gehiagok dute gaixotasuna.

Diagnostikoan lan egitea ezinbestekoa izango dela uste dugu gaixoari irtenbideak emateko, nahiz eta guztiak farmazia arlokoak ez izan. Agian beste mota bateko aukerak ere azalduko dira, baina, batez ere, aurreikuspen bat eman nahi diogu gaixoari.

Hemendik urte batzuetara edukiko al dugu medikamentu eraginkorren bat alzheimerraren antzemate goiztiarrerako?

Horrelako zientzia fikzio edo etorkizun zientifikoa zehaztea ez da nire espezialitatea, baina ni baikorra naizela esan dezaket. Zergatik? Esfortzu handiak egiten ari direlako diagnostikoan, baita oraintxe bertan ikertzen ari diren molekula guztiak entsegu klinikoetan ikusita. Nik espero dut hori gertatzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK