
Atzo izan zen Ikerbasque zentroaren irekiera ekitaldia. Begirada gehienak bertan jarritako IBM Quantum Two ordenagailu kuantikoak jaso bazituen ere, Ikerbasque eraikina horren babesleku baino gehiago izango da. Ibaetako campusean (Donostia) zabaldu den eraikin berriak Eusko Jaurlaritzaren IKUR estrategiaren barruan lanean ari diren ikerketa-taldeak hartuko ditu. Zehazki, Ikerbasque Euskadiko Ikerketarako Fundazioak Eusko Jaurlaritzak bultzatutako BERC (Basque Excellence Research Centre) bikaintasun zentroekin eta Basque Quantum (BasQ) estrategiarekin lotutako ikerlariak hartuko ditu zentro berri horretan.
Ikerbasque zentroa Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Joxe Mari Korta eraikinaren ondoan eraiki da eta ikerketa eta formakuntzarako 6000 m2-ko espazioa eskainiko du. Konputagailu kuantikoak hartuko duen espazioaz gain, eguneroko lanerako bulegoak eta bilera-gelak eta ikastaroetarako gelak uztartuko ditu.
Ikerbasqueren egoitza berria ezin da era isolatuan ulertu. Ibaetan bertan dauden DIPC eraikinarekin eta nanoGUNEan eraikitzen ari diren Quantum Tower berriarekin batera, EAEko polo kuantikoaren hiru ardatzetako bat izango da. Halaber, ondoan du Euskal Herriko Unibertsitatea. Espero da 300 ikertzailetik gora izatea ordenagailu kuantikoak eskaintzen duen paradigma berriaren onuradun, txip kuantikoak sortzen arituko direnetatik, konputazio kuantikoa zibersegurtasunean, fisikan eta kimikan aplikatu ahal izango dutenenganaino.